Pabilioi 6-ko denporaldi barria hastear

Bizkaie! 2019-08-20 10:21   Kulturea

Yo soy Pichichi antzezlanak zabalduko dau Deustuko Erriberako guneko eskaintzea.

Bilboko Aste Nagusiagaz bat, Deustuko Erriberako Pabilioi 6 aretoak denporaldi barria ipiniko dau martxan egunotan. Dagoeneko, zortzi urte bete ditu gune horrek, arte eszenikoetako sortzaileen topaleku bihurtuta. Bederatzigarren denporaldia izango da hastear dagoan hau.

Lehenik eta behin, igaz arrakasta handiz estreinautako Yo soy Pichichi antzezlana barriro ikusi ahal izango da. Athleticeko jokalari mitikoaren jaizaletasuna eta bizipoza oinarri hartuta, 1920ko hamarkadako Bilboren erretratua egiten dau Lander Otaolak sortutako obreak.

Estreinaldia eguaztenean, hilak 21, izango da, eta saio horretarako sarrerak agortuta dagoz. Halandabe, irailaren 1era arte beste emonaldi ugari egongo dira, eta sarrerak erosi leitekez oraindino.

Irailaren 6an eta 7an, ostera, The Primitals izeneko ikuskizun bitxia eskainiko dau Pabilioi 6-k, Yllana eta Primital Bros konpainien arteko alkarlanetik sortua. Lau kideko tribu disfuntzional baten historia surrealistea eta hara-honako bidaiak kontetan ditu, umorez. Kanturako, harridurarako eta irribarrerako aukerea emoten dau.

Horrezaz gan, bederatzigarren denporaldiari ikutu originala emoteko, Asier Sanz marrazkilariaren biñeten erakusketeak beteko ditu pabilioiko hormak, Aurrera Athletic! izenburupean. Deia egunkarian, orain dala 27 urtetik Sanzek marrazten ditu Athleticen partiduen inguruko umorezko tirak. Horreetako batzuk aukeratu (danak azken hamar urteotakoak), eta Pabilioi 6-ra eroango ditu.

Asier Sanzek adierazo dauenez, Pabilioi 6-k eta Athleticek baditue antzekotasun batzuk: Mundu global honetan korrontearen kontra sortutako miraria dira. Dagoeneko zortzi urte bete ditu Pabilioi 6 proiektuaren mirariak, eta luzaro irautea da euren asmoa, publikoa lagun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu