'Yo soy Pichichi' barriro dator Pabilioi 6-ra

Bizkaie! 2019-08-09 08:59   Kulturea

Igazko udako arrakasteari eutsi nahi deutsie.

Argazkia: Eriz Elorza | Ikusi handiago | Argazki originala

Igazko udako denporaldiko apustu handiena izan zan Yo soy Pichichi antzezlana Bilboko Pabilioi 6 aretoan. Ikusle asko eta kritika onak izan zituan ezkero, aurtengo abuztuan barriro egingo ditue emonaldi batzuk. Lander Otaola, proiektuaren arimea eta aktore nagusia, barriro agertuko da oholtzan, Rafael Moreno Aranzadi, Pichichi, bilbotar ospetsuaren azalean.

Abuztuaren 21ean, eguaztena, egingo dabe denporaldi honetako estreinaldia, Aste Nagusia bete-betean dagoala. Hilaren 22, 23, 24, 25, 29 eta 31n be emonaldiak egongo dira, baita irailaren 1ean be. Sarrerak salgai dagoz dagoeneko.

Lander Otaolaren gidoian oinarrituta, Patxo Telleria da obra honetako zuzendaria. Ylenia Baglietto, Iñaki Urrutia, Felipe Loza eta Itxaso Quintana dira aktoreak, Otaolaz gan.

Yo soy Pichichi publikoa XX. mendearen hasierako Bilbora eroaten dauen antzezlan freskoa da, egileek kabaret tragikomiko legez aurkeztua. Rafael Moreno Pichichi-ren inguruko istorioa da, Athleticen eta euskal futbolaren lehenengo izarretako bat. Baina Pichichi futbolaria baino gehiago izan zan: bilbotar peto-petoa, gautxoria, jaizalea eta umoretsua.

29 urtegaz, gazterik hil zan, eta atzean itxi eban zoriontasunezko bizitza oparo bat. Pichichi-ren joan-etorrien bidez, orain dala ehun urteko Bilboko giroa erakusten dau antzezlanak, eta orduko beste persona garrantzitsu batzuk aurkezten ditu, esate baterako, Miguel Unamuno eta Telesforo Aranzadi.

Ikutu nostalgikodun lana da, beraz, Pabilioi 6-k bigarren aldiz dakarren hau. Publikoak abestu egingo dau, hunkitu egingo da, negar eta barreak egongo dira... eta Pichichi-ri omenaldi txirenea egingo deutsie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu