Hau Pittu Hauk Euskara Saria emongo deutso Seaskari
2019-08-19 13:43 Euskerea berbagaiEguenean izango da saria emoteko ekitaldia.
Bilboko Aste Nagusiaren barruan, urtero emoten dau Euskara Saria Hau Pittu Hau euskaltzaleen konparseak. Erakunde zein norbanakoek euskerearen alde egindako lana autortu eta saritzea da helburua. Aurten, Seaskari, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazinoari emongo deutsie, mende erdiz egin dauen lanagaitik.
Izan be, 1969an sortu zanetik, 50 urte daroez Seaskako ikastolek Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako neska-mutilak euskeraz hezten, administrazinotik etorritako traben ganetik. Gurasoen eta laguntzaileen ekinari esker, gero eta ikastola gehiago zabaldu ahal izan ditue urteotan, eta ikasturtetik ikasturtera hazi egiten da Seaskako ikasleen kopurua.
Hastear dan ikasturtean be ikasle gehiago izango dituenez, irakasle gehiago behar ditue, eta horrek tirabirak eragin ditu Frantziako Hezkuntza Ministerioagaz. Ohiko moduan, adore handiz erantzun dabe Seaskakoek, eta mobilizazino zein negoziazinoari esker, akordioa lortu dabe azken unean.
Hau Pittu Hau konparseak, beraz, Seaska sarituko dau, eguenean, hilak 22, euren txosnan egingo daben ekitaldian (17:00). Ekitaldi edegia izango danez, euskaltzale guztiei dei egin deutsie bertan parte hartzeko.
2003tik emoten dau Hau Pittu Hauk Euskara Saria. Aurreko urteetan, UEMA, Berria, UEU eta beste hainbat erakunde zein persona saritu ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!