Euskerazko bikoizketearen aldeko sinadurak batzen dabiz

Bizkaie! 2019-08-13 11:57   Euskerea berbagai

Profesionalen lan-baldintza eskasak salatu ditu Bieuse alkarteak.

Aspalditik datorren protestearen barruan, beste pausu bat egin dau Bieusek, Bikoiztaile Euskaldunen Alkarteak. Internet bidez sinadurak batzen hasi da (hemen), kulturgileen zein gizartearen babesaren bila. Euskerazko bikoizketea arrisku bizian ikusten dabe, agintariek arazoari behar dan moduan heldu ezean.

Hain zuzen be, Eusko Legebiltzarreko parlamentariei bialduko deutsiez batutako sinadurak, euskal bikoizketearen aldeko pausuak bultzatu deiezen. 500 sinadura edo gehiago lortzea da helburua, eta laster lortuko dabela dirudi. Kulturearen munduko jente ezagun ugarik emon deutso babesa kanpaineari, esate baterako, Fermin Muguruzak, Eneko Sagardoyk eta Paul Urkijok. Euskerea umeen artean zabaltzeko tresna bikaina dala nabarmendu dabe sinatzaile askok.

2018ko udagoienean ohartarazo eban Bieusek euskerazko bikoiztaileen egoera larriaz. Antza danez, gero eta diru gitxiago pagetan izan deutsie enpresek (sei urtean % 37 gitxiago, Bieusek zabaldutako datuaren arabera). Erakunde publikoei eta EiTBri erantzunkizunak eskatzeko, greban hasi ziran bikoiztaileak.

Orain, arazoa ez danez konpondu, sinadurak batzeari ekin deutsie. Gitxieneko lan baldintza duinak eskatzen ditue, gure lanbideak merezidu dauen errespetu, kalidade eta baldintzak erdiesteko asmoz. Euskerazko bikoizketearen aldeko apustua egiteko be eskatu dau Bieusek, hizkuntzea gizarteratzeko tresna ezinbestekoa dalakoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu