Ehun ekitaldi baino gehiago, Aste Nagusia euskal kulturaz beteteko

Bizkaie! 2019-08-13 10:10   Kulturea

Herri kirolak, jantzak, bertsolaritzea eta abar programau ditue.

Argazkiak: Bilboko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak euskal kultureari eta herri kirolei eskainitako programazinoa aurkeztu dau, aurtengo Aste Nagusia hastear dala. Abuztuaren 17tik 25era, era askotako ehun jarduera baino gehiago egongo dira bilbotar eta bisitarien eskura, batez be Arenaleko eta Zazpi Kaleetako eremuan.

Itziar Urtasun zinegotziak emon dau egitarau zabalaren barri. Eskaintza dobakoa, kalidadezkoa da, bisitariek be hurretik ezagutu ahal izan deien Euskadiko folklorea, adierazo dau. Tradizinoak gorde eta astialdiagaz buztartzea ezinbestekotzat jo dau Urtasunek.

Egunero-egunero, jaizaleek plan kultural oso bat eukitea da Bilboko Udalaren asmoa. Goizean goizetik, txistulariak eta dultzaineroak ibiliko dira kalerik kale. Ondoren, erraldoi eta buruhandien txandea izango da. Santiago plazan, 13:00etan, bertsolariak entzuteko aukerea egongo da, urtero legez. Ordu berean, bilbainadak kantauko ditu Bilbotarrak taldeak uriko kaleetan.

Gaueko parrandeari atea zabaldu baino lehen, arratsaldez jantzak egongo dira, Plaza Barrian (19:00). Egunero Bizkaiko talde ezagun batek egingo dau jantzan: Markinako Zerutxu, Santutxuko Gaztedi, Bermeoko Alkartasuna eta Basurtuko Beti Jai Alai konbidauko ditue, besteak beste. Abuztuaren 20an Larrain-jantzea egingo dabe.

Herri kirolei jagokenez, aldaketatxu bat egongo da aurten: lehenengo aldiz, Arriaga plazan izango dira erakustaldiak. Harri-jasotea, txinga-eroatea, aizkorea, giza-probak, sokatirea... modalidade ugari programau ditue, herri kirolei jagoken lekua emoteko. Ganera, Erripako moilan pelotaleku eroangarria ipiniko dabe.

Eguneroko programazinoaren barruan, ekitaldi berezi ugari be egongo dira. Bertsolaritzan, esate baterako, Ez da kasualitatea ikuskizuna eskainiko dabe, hilaren 22an, Nerea Ibarzabalek, Uxue Alberdik, Oihana Bartrak eta Aissa Intxaustik. Erripako frontoian, Joko Alai BBK Tour txapelketak jokatuko ditue, eta hilaren 24an, Emakume Pilotarien Eguna antolatuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu