Erraldoiak eta buruhandiak kalerik kale ibiliko dira Bilboko jaietan

Bizkaie! 2019-08-12 10:21   Pil-pilean

Egunero urtengo dabe Euskal Museotik.

Argazkia: Bilboko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Goizero, Bilboko Aste Nagusiko egunetan, ume eta familien artean arrakasta ikaragarria izaten dauen desfile berezia egingo dabe erraldoi eta buruhandiek. Kalerik kale ibiliko dira, puxikeagaz jentearen atzetik, jaizaleak ikaratzeko ahaleginean, baina, era berean, giro bikaina uriko hainbat txokotan zabalduaz.

Euskal Museoan gordeta egongo dira, eta, egunero, zortzi erraldoi eta buruhandik handik urtengo dabe, goizeko 11:00etan, ordu bi inguruko ibilbideak egiteko. Bilboko Udalak ohartarazo dauenez, hilaren 25ean, jaietako azken domekan, 10:30etan hasiko da desfilea. Izan be, egun horretan, erraldoien alkarretaratzeen 30. urteurrena ospatuko dabe.

Egunero ibilbide desbardina egingo dabe erraldoi eta buruhandiek, Zazpi Kaleetatik, Abandotik, Bilbo Zaharretik eta Atxuritik. Momentu bakotxean desfilea non dagoan jakiteko aplikazinoa martxan jarri dau Udalak, telefono adimendunetan erabilteko. Aste Nagusiaren aplikazino orokorraren barruan dago ibilbidearen nondik norakoak zuzenean jakiteko tresna hori.

Bilboko erraldoi eta buruhandiak tradizino handiko figurak dira uriko ospakizunetan. Gaur egun, pertsonaia bilbotar ospetsuen itxurea daukie. Erraldoiak lau metro garai dira, eta hainbat jantza egiten ditue. Ibilbideen ordutegitik kanpo, Euskal Museoko klaustroan ikusgai egongo dira Aste Nagusi guztian, doban.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu