Kontzertu ugari, Pozalaguako kobazuloaren babesean
2019-08-08 08:51 MusikeaBilboko Orkestra Sinfonikoa, Remember Queen, Di Sei eta Desira dagoz aurtengo egitarauan.
Karrantzako Pozalagua Kobazuloaren atarian dagoan guneak barriro hartuko dau estilo askotako musikea, zikloaren 14. edizinoan. Musikazaleek eta naturazaleek bardin disfrutauko ditue emonaldiak, Pozalaguako kobearen alboko parajeak eskaintzen dauen agertoki natural ikusgarriari esker. Kontzertu guztiak doban izango dira, eta 2.000 lagun sartzen dira harmailetan.
Abuztuaren 9an, barikuan, izango da lehenengo emonaldia. Desira boskote bizkaitarrak joko dau lehenengo, eta Remeber Queen omenaldi-taldeak gero. Lehenengoak eskarmentu handiko musikariak dira, Gatibu, Urtz eta abarretan ibiliak. Bigarrenek, Queen talde mitikoaren kantak joten ditue, Freddy Mercuryren imitatzaile Piero Venery buru dala.
Bigarren egunean, zapatuan, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren txandea izango da. Lucía Martín gazteak zuzenduko ditu musikariak. Natalia Sánchez txirulari bilbotarrak be hartuko dau parte kontzertu horretan, txirulea joten. Amaitzeko, Di Sei seikoteak pop eta rock estiloetako doinu ezagunak gogoratuko ditu.
Karrantzako Udalak autobus zerbitzu berezia ipiniko dau kontzertuetara joateko eta handik etorteko. Egun bakotxean, 20:00etan urtengo dau autobusak Concha auzotik, eta Ambasaguasen geldialdia egingo dau Pozalaguara heldu aurretik.
Pozalaguako Kobazuloaren albo-alboan, aire zabalean eta Donosa meategiarenak izan ziran lurretan, ipiniko dabe oholtzea. Inguruko hatxen eta mendien eraginagaitik, akustika bikaina eta bakarra daukala dinoe zikloaren antolatzaileek. Armañongo Parke Naturalaren barruan dago inguru guztia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!