Ismaila Coly: 'Barruan daukadana ateratzeko behar dodaz koadroak'

Dabi Piedra 2019-08-05 08:07   Barriketan

Artista senegaldar-lekeitiarra.

Lekeitioko Barandiaran aretoan Senegaleko koloreak izeneko erakusketea ikusi leiteke, abuztuaren 5etik 11ra. Herrian hamar urte daroazan Ismaila Coly artistearen koadroak dira. 1975ean jaio zan, Senegaleko Dakar uiburuan, eta hango Aouane Sane Arete eskolan ikasi zituan artearen sekretuak. 2013an ipini eban lehenengo erakusketea Lekeition, eta Ermuan, Portugaleten eta Urtuellan be ikusi ahal izan dira haren obrak.

Helburu solidarioa be badauka Barandiaran aretoko erakusketeak. Txartelak salgai jarri ditue, eta zozketearen irabazleari Colyren koadro bat erregalauko deutsie. Batutako dirua errefuxiatuei laguntzeko izango da, Ongi Etorri Errefuxiatuak alkartearen bidez.

 

1.- Senegaleko koloreak da izenburua, zelako erakusketea atondu dozu?

Afrikako kolore biziak dagoz, koadro erakargarriak dira. Senegaleko egunerokoa agertzen da horreetako askotan, esate baterako, emakumeak ortuan lanean. Bestetik, badagoz Lekeitioko paisajeak be. Kasu horretan, ez dot errealidadea agertu nahi izan, abstrakzinora jo dot, paisajeetako koloreak eta formak nahastauta. Hortaz, koadro guztiz figuratiboak eta ia abstraktuak diranak dagoz erakusketan. Danetara, 22-23 lan ikusi leitekez.


2.- Zer transmitidu nahi dozu koadroon bidez?

Batez be, nire jatorrizko herrialdean jenteak egunero egiten dituan gauzak gogoratzea da asmoa. Batzuek egun osoa pasetan dabe ortuan, eta emakumeek zeregin gogorrak izaten ditue: material egokirik ez dago, ganera ur bila joan behar dira kilometro asko. Han dana egin behar dozu eskuz, edo zeure indarrez.


3.- Gazterik hasi zinan marrazten, ezta?

Bai, uste dot zaletasun horregaz jaio nintzala, txikitatik marrazten ibilten nintzan. Gero, eskolan, zaletasun hori gehiago lantzen hasi nintzan, eta gaur arte.


4.- Beraz, aspalditik zara margolaria. Arteak zer emoten deutsu?

Barruan daukadana ateratzeko behar dodaz koadroak, liburu baten modukoa da, sentiduten nagoana idazten egongo banintz legez. Holan, jenteak ikusi egin leike nire herrialdean ikusi izan dodana, eta orain hemen bizi nazenez, ba inguruko paisajeak zelan ikusten dodazan be bai. Musikari batek abestiak egiten ditu, eta irratiaren eta telebistearen bidez jenteagana heltzen da. Ba, nik koadroak erabilten dodaz horretarako.


5.- Beti pinturan ibili zara ala beste euskarri batzuk be probau dozuz?

Orain arte, beti koadroak marrazten ibili naz. Geroago izan leiteke beste arte klase batzuk be probetea, baina oraingoz koadroak.


6.- Orain dala hamar urtetik bizi zara Lekeition. Dakarrekoa izanda, zelan heldu zinan honaino?

Senegalen erakusketak egiten nebazan, eta koadroak saldu. Baina konturatu nintzan horrek bizirauteko be ez ebala emoten ia, prezio merkeegietan saltzen neban neure obrea. Nire koadroek balioa euken, baina merkaduak ez eban hori erakusten. Horrek min emoten dau, ze koadro bat bere prezioaren azpitik saltzen dozunean, badakizu zenbat ahalegin dagoan horren atzean. Nahiago neban koadroak erregalau saldu baino.

Orduan, beste leku bat bilatu nahi neban, nire ibilbideagaz segiduteko, zeozer barria probetako. Senegaleko lagun bat Lekeition bizi zan sasoi haretan, auzo berean hazi ginan biok, eta bera marinel etorri zan hona. Kontaktu horri esker etorri nintzan, bidea prest neukan.


7.- Hamarkada baten ostean, lekittar bat gehiago zara.

Bai, jakina. Hemen topau dodan jenteak ederto hartu nau, jente edegia da. Kanpora urten behar izan dauen herria da hau, burrukalaria, eta atzerritarrok gatozanean beso zabalik hartzen gaitue. Lekeitiarrak beti dagoz kanpokoari laguntzeko prest, holan izan behar litzateke leku guztietan. Ez daukat gogorik beste leku batera joateko, orain hemengoa naz eta hemen geratuko naz.


8.- Halandabe, Senegaleko familiagaz loturaren bat izango dozu.

Familia daukat, anaia-arrebak, ama... aita orain dala urte batzuk hil zan. Lagundu egiten deutset, diru pixka bat bialdu, eurak be hobeto bizi daitezan. Urtero joaten naz Senegalera, oporrak aprobetxauta, hilabete. Behin, lagun bat eta biok joan ginan, errepidez kamioi baten, Maroko eta Mauritaniatik pasauta. Kamioia produktuz bete genduan, hango jenteari emoteko.


9.- Arteak be laguntzen deutsu Senegalegaz dozun loturea indartzen?

Zalantza barik, gomutak etorten jataz burura, Senegalen ikusi izan dodazan arpegiak, personak, bizimodua... polita da jaioterriaz gogoratzea, eta hori marraztea.


10.- Erakusketa solidarioa da Senegaleko koloreak, koadro baten zozketea egingo dozu, batutako dirua Ongi Etorri Errefuxiatuak alkarteari emoteko.

Alkartea ezagutzeko aukerea izan neban, eta uste dot lan bikaina egiten dabela, behar dabenei babesa emoten.


11.- Europara heldu nahi daben errefuxiatuen auzia zelan ikusten dozu?

Gai gatxa da, ez da erraza konpontzen. Nik uste dot mundua ez dala inorena, ez dauka jauberik, Europan dagoanak ezin deutso sartzea debekatu beste bati. Batzuk Afrikan jaio gara, beste batzuk Europan... baina inork ez dau aukeratzen non jaio. Mundua danon artean alkarbanatu behar geunke, aukera hobeen edo leku barrien bila bidaiatu eta alkar ezagutu, Afrikakoak Europara, eta alderantziz. Baina ez orain arte legez, Europatik Afrikara joan, interesetan jakezan aberastasunak hartu, eta eroan, trukean ezer itxi barik. Kulturen eta jenteen arteko trukea izan behar litzateke, zuriak eta baltzak alkarregaz ezkondu, zergaitik ez? Mugarik bako mundua nahi dot. Orain, trukeak politikoak dira, eta jenteaz ahaztuten dira.

Gero, esan behar da Afrikako agintariek be hobeto egin behar dituela gauzak. Afrikak badaukaz aberastasunak, baina ondo kudeatu behar dira. Danetarik daukagu Afrikan, baina, sarri, agintariek huts egiten deuskue. Hau bide baten modukoa da, hasierea Afrikan dago, han konpondu behar dira gauzak, eta gero Europaren jarrerea be aldatu. Hango eta hemengo arduradunek jarrerea aldatzen ez daben bitartean, itsasoan tragediak ikusten segiduko dogu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu