Lau kontzertu XXII. Romo Reggae Festival-en
2019-08-01 12:06 MusikeaAuzoko jaiakaz bat eginaz, zapatuan izango dira kontzertuak.
Getxoko jaialdi beteranoetako bat da Romo Reggae Festival, aurten 22. edizinoa beteko dau. Halandabe, betiko giro fesko eta barritzaileari eusteko asmoz, nazinoarteko kartel zabala atondu dabe zapaturako, hilak 3. Itzubaltzeta-Romoko jaien barruan egingo dabe festibala, eta, Jamaikako artistak ez eze, beste herrialde batzuetakoak be konbidauko ditue, tartean Euskal Herrikoak.
Urtero legez, aire zabalean eta doban izango da Romo Reggae Fest, txosnagunean. Auzoko jaietako egitarauaren barruan dagoanez, inguruko herritarrek, zaleek eta bisitariek bat egingo dabe. Lau kontzertu sartu ditue egitarauan. Skarra Mucci jamaikarra izango da kartelburua eta izar nagusietako bat, eta Frantziako Heartical Sound taldeak lagunduta igongo dau Romoko oholtzara. Besteak beste, Fermin Muguruzagaz lan egindakoa da Skarra Mucci.
Mediterraneo itsasoko Sardinia uhartetik datorren Train to Roots be aitagarria da. Hamabost urteko ibilbide luzea daukie, eta Romon disko barria aurkeztuko dabe, Denaro. Reggaearen zuztarretarako bidaiea da lan barri hori, eta italieraz zein sardinieraz abesten dabe.
Euskal Herriaren ordezkari, Pagasarri All Stars Band egongo da oholtzan. Talde zabala da, hainbat estilotako musikariek bat egin ebenean sortutako proiektua da eta. Romoko kontzertuan, emakumezkoen ahotsa nabarmenduko dabe, Maria Bilbomatiks, Sandra Soul eta Kenna I-ren eskutik. Naken Big Time be egongo da Pagasarri All Stars Banden emonaldian.
Azkenik, Heartical Sound frantziarrak after party dalako saioa egingo dau. Romo Reggae Festival-eko aurkezle eta gidaria Dr. Baltz izango da, Akatz taldeko kide ezaguna.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!