2022ra arteko asmoak batu ditue Kultura Planean
2019-08-01 09:23 KultureaEusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak aurkeztu dau txostena.
Jaurlaritzearen Gobernu Kontseiluaren batzarraren ostean egindako agerraldian, Bingen Zupiria sailburuak Kultura Plana 19/22 txosten estrategikoaaren nondik norakoak publiko egin ditu. Bertan, kulturearen arloan Jaurlaritzeak 2022ra arte izango dituan helburu eta gidalerro nagusiak jasoten dira.
Dokumentu horretan hiru azpisistematan banatu ditue kultura-politikak: sorkuntzea eta ekoizpena; eskaintza kulturala; eta memoria bizia. Hiru ardatzok alkarri estu lotuta dagozala eta alkar aberasten dabela adierazo dau Zupiriak, herri batek, kultura-sistema bizia izan ahal izateko, sortzailea izan, kultura-eskaintza aberatsa ziurtatu eta bere iraganaren memoria jagon behar dauelako. Azpisistemak alkarren osogarri izateaz gan, alkarren eragile be izan behar dira, sistema osoa dinamikoa izan daiten, planaren arabera.
Hiru azpisitemen barruan, honako proiektuak nabarmendu ditu Zupiriak: Euskal Liburutegia sortzea (euskal kulturearen inguruko liburutegi digitala), Euskadiko ikus-entzunezkoaren sektoreari bultzadea emotea, Artearen Euskal Sistemea indartzea eta euskal kulturea nazinoartean sustatzea.
Planean, kulturea sustatzeko orduan ekimen publikoak dauen garrantzia be azpimarratzen da. Ekimen publikoa nahitaezkoa da kulturearen ekosistema garatu daiten. Izan be, sorkuntzearen ugaritasuna eta aniztasuna ahalbidetzeko inguru emonkorra antolatzen lagundu behar dau alde publikoak; sorkuntza hori adierazpen eta produktu zehatzetan gauzatzeko ahalmena daben industriak sustatu behar ditu; kulturea ezagutzeko, gozetako eta erabilteko aukerea gizarte osoari emongo deutsien guneak sortu eta dinamizau behar ditu; bertan, euskal kulturearen presentzia bermatu behar dau, dino txostenak.
Ganera, aukera-bardintasuna bultzatzeko, euskerazko sorkuntzea babestu eta zabaltzea da asmo nagusietako bat, baita emakumeen lana aintzat hartzea be, gizonenaren pare. Euskeraz sortzen dan kulturea arreta bereziz sustatzeko, jagoteko eta gizarteratzeko ardurea dogu, zehaztu dau Zupiriak.
2022ra bitartean ezarri beharreko politika kulturala zein baliotan oinarritu behar dan be jasoten dau planak. Erantzunkidetasuna, gertutasuna, jarraitutasuna, osotasuna eta objektibotasuna, hain zuzen. Kultura Plana 19/22 uda ostean aurkeztuko dau sailburuak Eusko Legebiltzarreko Euskera, Kultura eta Kirol Batzordean, Kulturearen Euskal Kontseiluan eta HAKOBA Kulturaren hurrengo batzarrean.
Irakurri Kultura Plana 19/22 hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!