Artisten maila handia azpimarratu dabe 54. Jazzaldiaren antolatzaileek

Bizkaie! 2019-07-30 09:41   Musikea

Aurtengo edizinoan 168.000 entzule egon dira.

Ai Kubawara japoniarra (argazkia: Heineken Jazzaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Domekan amaitu zan 54. Heineken Jazzaldiaren balorazinoa egiteko, jentaurrean agertu dira Jon Insausti Donostiako Udaleko zinegotzia eta Miguel Martin jaialdiko zuzendaria. Biak bat etorri dira aurtengo Jazzaldia bikaina izan dala esateko orduan. Batez be, alderdi bi azpimarratu ditue: artisten maila aparta eta publikoaren harrera beroa.

Azken arlo horretan, datu zehatza be emon dabe: kontzertu guztiak kontuan hartuta, 168.000 lagun joan dira 54. Jazzaldiko emonaldietara. Euriaren erruz, kontzertu batzuk bertan behera itxi behar izan zituen, baina, halandabe, zaleek egindako ahalegina txalotu dabe antolatzaileek: Publikoaren fideltasuna eta jarrera ona saritzeko modukoak dira.

Beste alde batetik, Donostiara etorritako artistei be eskerrak emon deutsiez antolatzaileek, euren onena emon dabelako, jentearen gozamenerako. Jazzaldiko arduradunen ustez, bai publikoak eta bai adituek zoragarritzat jo ditue kontzertuak. Egitarauko izen handiek ez dabela huts egin zehaztu dau Miguel Martinek: Joan Baez, Jamie Cullum, Joe Jackson, Silvia Perez Cruz...

Sorpresa atseginak be egon dira Jazzaldian. Antolatzaileen ustez, Maria Schneider eta Atomic izan dira nabarmenenak. John Zorn-en Bagatelles Marathon proposamenak be distira egin ebala dinoe. Hain zuzen be, Zorn-i emon deutsie aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria.

Ganera, Japoniako zikloak arrakastea izan dau. Sorpresa handia izan da eta japoniar jazzaren maila apartekoa ezagutzeko aukerea emon dau, dinoe Jazzaldikoek. Chihiro Yamanaka eta Ai Kuwabara piano-joleek kontzertu zoragarriak jo zituen eta Rei gitarrista fresko eta alaiak publikoa harritu eban.

Honenbestez, 55. Jazzaldia atontzen hasi dira, helburu garbi bat buruan: hurrengo urtekoa are hobea izatea. 2020ko garagarrilaren 22tik 26ra izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu