Bost kontzertu Bermeoko XXXIV. Musika Astean

Bizkaie! 2019-07-30 08:06   Musikea

Ganera, Alkartasuna taldeak Folklore Jaialdia egingo dau abuztuaren 10ean.

Musika Astea eta Folklore Jaialdia aurkezteko ekitaldia (argazkia: Bermeoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Abuztuaren 5etik 9ra bitartean egingo dabe Bermeoko XXXIV. Musika Astea, eta egun bakotxean kontzertu bat egongo da, bost guztira. Bermeoko Udalak antolatu eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Itsuki Irratiak babesten daben Musika Astearen programazinoa nobedadez beteta dator, gustu guztietarako eskaintza zabalari esker. Abuztuaren 9ko kontzertua Kafe Antzokian egingo dabe, 20:00etan, eta sarrerak 6 euroan salduko ditue. Ganerako emonaldiak Santa Maria elizan izango dira, ordu berean, doban.

Hona egitaraua:

- Abuztuak 5, Tanar Quartet eta tangoa: Azerbaijango Azer Lyutfaliev biolinisteak sortutako taldea da. Tanar Quartet Ástor Piazzollaren omenezko laukotea da, baina bandoneoia akordeoiak ordezkatzen dau.

- Abuztuak 6, Izaro Abesbatzea: Ahots zurien korua da, eta bere errepertorioan danetariko estiloak buztartzen ditu: polifonia, folklorea, pop-a, rock-a...

- Abuztuak 7, Magna boskotea: Nikolas Zubia, Iker Urreta, Asier Urreta, Iñigo Sarasola eta Joaquín Francisco Díaz dira metal boskote honetako kideak. Gasteizko bost musikariok 2018an erabagi eben euren inguruan haizezko metal errepertorioa ezagutarazoteko proiektua sortzea.

- Abuztuak 8, Bilboko Orkestra Sinfonikoa: Lucía Martínen zuzendaritzapean abestuko dau koruak Bermeon. Natalia Sánchez flautistea be aitatzeko modukoa da.

- Abuztuak 9, Manez eta Kobreak: Thierry Biscary, Manez, hainbat taldetan ibilia da, eta orain bere kantuak zabaltzen dabil, Kobreak musikari eta abeslari taldeagaz batera.

Folklore jaialdia

Musika Astea amaitu eta gogoz geratu diranentzat, beste proposamen kultural interesgarri bat antolatuko dabe Bermeon abuztuaren 10ean, Alkartasuna jantza taldearen XXXIII. Nazinoarteko Folklore Jaialdia hain zuzen. 21:00etan hasiko da ikuskizuna, Artza frontoian, eta bost euroan salduko ditue sarrerak.

Aurten, hiru talde konbidau ditue, euren herrialdeetako tradizinoak eta jantza-moldeak Bermeon erakutsi deiezen, Alkartasunako jantzariakaz batera. Asturiasetik etorriko da Agrupación Folclórica Asturiana Los Xustos; Errumaniako folklorea oholtzara eroango dau Nuntasii Bihorului taldeak; eta azkenik, Errusiako Junost be izango da Artzako agertokian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu