Kalekaren 30. urteurrena, biribil-biribila
2019-07-29 08:12 KultureaLekeitioko Nazinoarteko Kale Arteen Jaialdira 20.000 ikusle joan dira.
Urte osoan martxan egotea da Kalekaren apustua, baina 30. edizinoko egitarau ofiziala eta jarduerak batzen dituan jaialdia, behinik behin, aurreko asteburuan amaitu zan. Antolatzaileak poz-pozik agertu dira balorazinoa egiteko orduan. Batez be, datu bi nabarmendu ditue: 20.000 ikusle egon dirala Kalekan, eta eguraldi onak lagundu egin dauela. Edizino biribila izan da, beraz, 30. hau, zentzu guztietan.
Lau egunez, Lekeitioko eremu publiko esanguratsuetara heldu da kaleko arteen eskaintzarik barritzaileena, bertoko zein kanpoko artistei esker. 21 jarduera egon dira guztira. Programazino ofiziala Murmuyo, Sincronacidas, La Nordika eta abarren clown eta zirku lanek hartu dabe, Chiara Marchese eta Lŏkkeren ikuskizun koreografikoak, Zero en Conductaren keinu antzerkia eta 7 Bubblesen purrustila-jokoak ahaztu barik.
Ganera, Zanguangok barre algarak eragin deutsaz publikoari, Cía Ytuquepintasen istorioak hunkitu egin ditu entzuleak, eta Lekittoko Deabruak-ek herriko kaleak su eta argiz bete ditu. Jaialdiaren aurkezpen egunean Shakti Olaizolaren musika eta akrobazia lan barria heldu zan Lekeitiora.
Sormen arloan, Kaleka Scratch atalak eskaintzen dauen lan espazioa gero eta sendoago dago: aurten, garapenean dagozan bost lan ikusi ahal izan dira. Bestetik, esperimentazino espazioen estreinaldiak harrera oso ona izan dau ikusleen aldetik, antolatzaileen arabera. Truca Rec eta Createctura kolektiboak hartu dabe parte Kaleka Egin dalakoan.
Azpimarratzekoa da herriko kultur alkarteakaz egindako kolaborazinoek hartu daben indarra. Horri esker, Lekeitioko ehundaka ume Arropaineko Arragua sorkuntza espaziora hurreratu dira Ulua(k) Teatroaren clown eta txotxongilo ikuskizunera eta maskara tailerrera. Ganera, jaialdiaren aurreko egunetan, lantegiak antolatu zituen udako kanpamendu eta hezkuntza zentroakaz alkarlanean, gero jaialdiaren guneetan erabili ziran materialak sortzeko. Azkenik, Malekoia Txiringitoak, aurten, Winston Koperland y Urko Notredameren clown eta magia ikuskizuna eskaini dau.
Egitarau nagusiak agur esan dauen arren, Kalekak urte osoan segiduko dau martxan, Kalekaz Blai saileko proiektuak herrian bertan garatuko ditue eta. 31. edizinoa be begibistan daukie antolatzaileek: laster, Sail Ofizialean eta Scratch-en parte hartzeko deialdia edegiko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!