Elebidek 245 jasokizun erregistrau zituan 2018an
2019-07-24 13:22 Euskerea berbagaiAurreko urtean baino 101 intzidentzia edo jasokizun gitxiago izan dira.
Eusko Jaurlaritzeak Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2018ko memoria onartu dau aste honetan. Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak azaldu dauenez, 2018an hizkuntza eskubideen urraketakaz loturiko 245 intzidentzia erregistrau ziran, aurreko urtean baino 101 gitxiago. Izapidetutako kasu guztien artean, 189 kexak izan ziran, eta horreen artean 187tan (% 99) urraketa euskerea erabilteko eskubideagaz lotuta egon zan; eta, kasu bitan, eskubide-urraketea gaztelaniagaz lotuta. Kexa guztien % 83 (153 kexa) esparru publikoan jazotako eskubide urratzeak ziran, eta % 17 (33 kexa) esparru pribatuan.
Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua 2007an jarri eben martxan eta helburua da eskatzen daben herritarrei beren hizkuntza-eskubideak babesten laguntzea, informazinoa eta aholkularitzea eskainiz. Aurtengo intzidentzia kopurua bajuena da 2009tik, igaz baino 101 gitxiago eta 2015 eta 2016 urteetan baino nabarmen bajuagoa. 2018an Elebiden izapidetutako intzidentzien % 82 kexak izan ziran (herritarrek uste izan dabe hizkuntza eskubideak urratu jakezala) eta gainontzekoak eskaerak (30), konsultak (10), iradokizunak (3) edo eskaerak (30) izan ziran.
Kasu guztiak kontuan hartuta, 187 (% 65) webgunearen bidez aurkeztu ziran, eta 46 (% 19) posta elektronikoaren bidez. Danetara, herritarren % 94k bide telematikoen alde egin eben, eta gainerako % 4k bestelako bideak erabili zituen. Bide ez telematikoei jagokenez, 5 intzidentzia aurkeztu ziran telefonoz, aurreko urtean baino bi gitxiago, eta 4 posta arruntez, aurreko urtean baino 15 gitxiago. Horrezaz gan, 3 intzidentzia aurkeztu ziran Eusko Jaurlaritzako Zuzenean zerbitzuaren bidez.
Elebide Jarduera Txostena 2018 -2019 osorik irakurri hemen (PDF 914 KB)
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!