Patri Espinar: ‘Maite dodan kirola da eskupelotea’

Koldo Isusi Zuazo 2019-07-29 08:05   Barriketan

EPE, Emakumeen Pelota Alkarteko burua.

Emakume Pelotarien Alkarteko burua da. Arloa ezagutarazo, gizartean eragin eta pelotarien lan baldintzak hobetu dira helburuak. Informazino gehiago behar izan ezkero, klik egin hemen.

Oraingoz modalidade ezbardinetako 80 pelotari inguru batu dira baina joan-etorriak eta zenbaketak tarteko, apur bat itxaron beharko da datu zehatza jakiteko. Hemetik aurrera lan handia dagoan arren, pozarren dabiz. Gauza asko Patri Espinarregaz jorratzeko.


1.- Ezer baino lehen, zorionak sortu barri dozuen alkarteagaitik eta emakumeen jarduerak bistaratzeagaitik. Burua erakusteaz gan, lan baldintzak hobetzea da zuon burukomin handienetakoa baina beste gauza batzuk be aldarrikatzen dozuez. Zeintzuk?

Bai, eskerrik asko. Oihartzun gehien sortarazo dauena lan baldintzean izan daiteke baina badagoz beste aldarrikapen batzuk be, berbarako, gizartean gure jarduerea eta emakumeen lana ezagutarazotea; horrezaz gan, pelotari gazteakaz, hasibarriakaz, federazinoagaz, beste kirol talde batzuekaz zein erakunde batzuekaz berba egin gura dogu. Pena da baina ezerezetik hasi gara beharrean eta dana dago egiteko, alkarlanean dana izango da posible.


2.- EPE zelan hartu dau gizarteak?

Ondo. Baegoan beharra. Batzarrak egin eta dosierrak zabaldu doguz eta jentea pozik dago. Jaialdi batzuk be atondu doguz honezkero eta orain pelotariakaz berbetan gabiz taldea osotu eta indar handiagoa egin ahal izateko. Laurogei lagun inguruko datu horretan gorabehera batzuk egongo dira eta oraingoz ezin deutsut datu zehatzik emon zeregin horretan gabizelako.

Kontzientziazino lanetan gabiz orain, jentea jakitun izan daiten ze pausu emon dogun eta zeintzuk emon beharko doguzan zehazteko.


3.- Eskuz munduko txapelduna zaitugun arren, ikusgaitasuna eta aparte itxita, benetako arazoak dozuz, baita entrenamenduak egiteko be...

Bai, Usansolokoa, bizkaitarra izan arren, Hernanin lehenengo eta Donostian bizi naz azken urteotan eta benetako burukominak izan ditugu emakume pelotariok, baita munduko txapelduna be tartean dala. Munduan beste jarrera bat dago emakume kirolariakaz, Pelotea euskaldunon kirola izan arren, ez dabe behar dan moduan baloretan; Valentzian zein Belgikan, berbarako, pelotari danak dagoz beka bategaz eta mutil gehienak profesionalak dira. Arlo horretan, Euskal Herria da okerren dagoan herrialdea. Zorionez, gero eta erraztasun gehiago daukagu. Pozik nago ze dirulaguntzinoak hartu izan ditut eta errekonozimenduak, autortzak be egin izan deustiez eta aurrera egiten laguntzen deutsue. Bizkaiko Diputazinoak be emon deust laguntzinoa eta sano eskertuta nago.


4.- Umetatik zabiz zu pelotan, eskuz eta palan be bai. Zergaitik egin zenduan aldaketea?

Bai. Alebinetan, Usansoloko Esku Pelota Taldean hasi nintzan, asko disfrutetan neban. Baina mutilekaz jokatu nehar neban neska bakarrenetakoa nintzalako, baegoan beste bat baina denpora askorik ez eban egin. Gazte mailan eskupelotea itxi eta pare bat urte edo egingo nituan pala modalidadean pelotea, futbito
eta futbolagaz buztartuz. Lesino batzuk tarteko hori be itxi egin behar izan neban baina azken urteotan barriro engantxau naz eskupeloteagaz.


5.- Askorentzat zeu be eredu zarela jakinik, pelotan zeintzuk izan dira zure ereduak?

Hau nire pasinoa da eta ahal dodan guztia egiteko prest nago. Eskupelotan nenbilenean, mutilak ziran erreferente, pelotari profesionalak, Beloki, Titin, Retegi eta horreek. Palaz, barriz, Maritxu, Maider Mendizabal, Amaia Etxeleku...


6.- Kadete eta gazte mailan, Euskal Herri mailan Interpueblos Txapelketea Bizkaiko talde batek, Zeanurikoak irabazteak ze gogoeta eragiten deutsu?

Itzela izan da. Urte batzuk pasau dira baina nafarren indarraldian etena etorri da, bizkaitarrak nagusitu dira eta pentsaizu Interpueblos beti izan dala eragin handiko txapelketea. Usansolo be tartean izan da eta asko segiduten dogun txapelketea da.


7.- Emakumeak beti ibili zarie kirol arloan baina esan leike orain susperraldia datorrela, ez pelotan bakarrik, arraunlaritzan, txirrindularitzan, saski baloian, baita zeuk praktikau izan dozun futbolean be. Iluntasunetik argira?

Akaso. Kirola gizartearen isla da, gizartean egoten diran aldaketa edo gorabeherak kirolean be igarten dira eta nik pentsetan dot bardintasunaren sasoian bizi garela. Herri guztietan bardintasunerako politikak oso indartsuak dira azken aldion eta hori kiroletan be ikusten da, gizartea kontzientziatzen doa eta oso positiboa da hori.


8.- Zer emon eta zer kendu deutsu peloteak?

Pelotea maite dodan kirola da eta, akaso, lesinoak nabarmenduko neukez ze ezintasun horrek hasarratu egiten zaitu eta bakarrik sentiduarazo.

Alde onak, barriz, piloa dira, besteak beste, lagunak, esperientziak, autoezagutzea eta beste kirol batzuetan ikusten ez diran baloreak. Sufriduten, erronkei errazago aurre egiten be ikasten dozu eta kiroletik kanpo be, eguneroko bizimodurako be asko lagundu deust peloteak.


9.- Pelotari legez ze erronka dozu?

Nabilenagaz pozarren nago baina, beharbada, Front Ball modalidadea probau gura neuke, One Wallen antzekoa. Probetako aukerea izan neban Espainiako Txapelketan eta pozik ze irabazi egin neban. Aurre selekzinioetan egoteko deitu eustien eta 2019ko zemendian, Munduko Txapelketea Argentinan jokatuko danez, hara be joan gura neuke eta, ahal bada, domina bategaz bueltau.


10. Aurten, Bardintasunerako Zirgari saria irabazi dozu, kirol merituakaitik eta ustez gizonezkoenak diran kiroletan gogor jarraitzen dozulako. Zer sentidu zenduan?

Poza eta emozinoa. Babestuta eta motibauta sentiduten zara. Baina emakumeen eskupelotea kirol barria da eta porrotak eta trabes ibiltea be bizi dozuz mundu honetan, babes faltea, berbarako, bakarrik sentiduten zara. Oraintsu hasi gara egituratzen eta indarrak batzen eta gure atzetik datozenentzako bidea zabaltzen.


11.- IVEF ikasketaduna zara eta telebistan be ikusi izan zaitugu: Munduaren Azken Konkistatzailean. Zelako esperientzia izan zan?

Ederra. Esperientzia oso gogorra baina aberasgarria izan zan, ondo pasau neban. Kapitain legez joakeran, erronka gogorra izan zan niretzako, zer pasauko dan ez dakizun momentuetan tensino handia bizi dozu, estresau egiten zara, zure lagunak, aurkariak zelakoak izango diran eta zelan erantzungo daben ez dakizu eta hori guztia oso nekagarria da. Halan da be, ausarta izan nintzan eta naz damutzen egindakoaz.

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu