'Emakumea eta Euskal Pelotea' inaugurauko dabe Simón Bolívar Museoan
2019-07-23 12:21 KultureaGaragarrilaren 24tik urriaren 27ra bitartean bisitau ahal izango da.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak, Andoni Iturbek, hasierea emongo deutso Emakumea eta euskal pelotea erakusketa ibiltariari, datorren garagarrilaren 24tik aurrera (Simón Bolívarren jaioteguna).
Ziortza-Bolibarreko Simón Bolívar Museoak barbaldi bat atondu dau garagarrilaren 24rako: Emakumea eta euskal pelotea: iragana eta orainaldia. Arantza Peredak, erakusketearen komisarioak, eta Leire Etxanizek, eskupelota Master Cup-aren 2019ko irabazleak, eskainiko dabe.
Pelota jokoa mundu osoan era askotariko modalidadeetan jokatu da, eta Euskal Herrian hartu dau indarrik handiena gizonezkoetan batez be. Halan da be, emakumeek be pelota jokoan parte hartu izan dabe aspalditik; erraketa modalidadean espezializau eta hor izan zituen lorpenik handienak. Erraketista hareek izan ziran kirol diziplina honen lehenengo profesionalak.
2012an, Gernikako Euskal Herria Museoan ikusgai jarri zan eta Arantxa Pereda komisario izan eban jatorrizko erakusketearen bost ataletako hiru hartuko ditu erakusketa honek.
Pelota modalidadeak
Sakea: Erraketa jokoak hirurogei urte baino gehiago (1917-1980) iraun eban Espainian eta Ameriketan. Atlantikoaz bestaldean erantzun handia izan eban eta Ildefonso Anabitarte (1878-1937) izan zan, zesta-punta jokalari ospetsua eta pilotalekurik garrantzitsuenen enpresaburua XX. mendearen lehenengo erdian. Enpresaburu harek alderdi barri garrantzitsuak ekarri zituan jokalekuetan eta erraketa jokoaren tresnetan. Tenis-piloten ordez larruzkoak erabilten hasi ziran, eskupelotako ohiko pelotak baino txikiagoak ziranak, hau da, 50 eta 70 gramo artekoak. Aldaketa horrengaitik, tenis-erraketa baino erraketa sendoagoak eta luzeagoak erabili behar izan zituen eta eraztuna estutu egin zan. Jokalarien janzkeran be aldaketak izan ziran, batez be gonen luzeran. 20ko eta 30eko hamarkadetan bernetaraino heltzen ziran, baina 40ko hamarkadan, Moscardó jeneralak orkatilaraino luzatzeko agindu eta luzera haregaz kirola egitea gatxagoa zan. 50eko hamarkadan belaunetaraino heltzen ziran eta, ordutik, gitxika-gitxika moztuz joan ziran, jokoa arinagoa eta dinamikoagoa izateko. Erakusketa honetan Mercedes de Miguel diseinatzaileak be parte hartu dau: zazpi iruditan, erraketisten janzkerearen bilakaera kronologikoa bere erara aurkeztu dau.
Tanto kopurua: Frontoietako kudeatzaileek pelotari-talde bikainak batzeari esker erantzun itzela ekarri eutson erraketa jokoari. Emakume gazte gehienak euskal pelotan tradizinorik handieneko herrietan batzen ziran; halan da be, euskal frontoietan modalidade hori ez zan asko jokatzen. Jokalari asko nabarmendu ziran eta asko gogora ekarri behar ditugu: Eugenia Iriondo Eibarresa edo La Bolche; María Antonia Uzcudun Txikita de Anoeta; Agustina Otaola; Eladia Altuna Irura; Mª Luisa Alberdi; María Carmen Lasagabaster Amaia; Gloria Agirre Txikita de Aizarna; Lucia Areitoaurtenea; Beraza ahiztak (Julita, Mari eta Milagros); Conchita Bustindui, Olga Cazalis; María Luisa Senar; Rosa Soroa; Miren Uzkudun Asteasu; Justina Arenaza Vasquita I eta bere ahizta Maria Vasquita II. Euskal erraketista onenak izan baziran be, beste leku batzuetako jokalariak be ibili ziran hareekaz: Valentzia, Logroño, Madril, Bartzelona edo Mexikokoak.
Kantxea: Mendeko lehen urteetan zabaldu zirn frontoi gehienak erraketa jokoan jokatzeko diseinau edo moldatu ziran: kantxearen luzerea hogeita hamar metro ingurukoa zan, jokoa azkarragoa eta ikusgarriagoa izateko. Erraketistentzako lehen frontoia Madrilen zabaldu eben, 1917an, Cedaceros kalean, hain zuzen. Madrilen egon ziran erraketazale gehien eta bertan zabaldu zituen frontoi gehien; ondoren, Bartzelonan. Euskal Herrian Bilboko Euzkel-Jai eta Donostiako Gros frontoietan bakarrik jokatu zan erraketa jokoan. Ameriketan jokoak upealako erantzuna izan eban eta, berbarako, Kubako La Habana-Madrid edo Mexikoko Metropolitano frontoietan jarraitzaile sutsu ugari izan zituen.
Erakusketa hau Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Erakusketa Ibiltariak programearen parte da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!