Emakumeek Bizkaiko historian bete daben lekua erakusteko liburua plazan
2019-07-23 09:57 KultureaEmakumearen eta gizonaren arteko bardintasuna bultzatzen laguntzeko elementu izan gura dauen lana da.
Ezkutuko Ondarea. Emakumeen Errealidadeak Bizkaian da Bizkaiko Batzar Nagusiek argitaratu dituan eta bere egoitzetan banatuko diran liburuaren eta liburuxkearen izenburua. Emakumezkoek munduan daben eragina aldarrikatzea oso lotuta dago erakutsi deuskuen historia beste modu batera irakurteagaz. Eta hori da liburuaren zazpi egileek, bost emakumek eta gizon bik, egiten dabena, hainbat ikuspegitik, emakumezkoek bete daben benetako lekua, sarri askotan ezkutauta egon dan arren, landuz: Bizkaiko Andreak zein pandereterak, XVII. gizaldian sorginkeria leporatu jaken emakumeak, Batzar Nagusietako arte bildumea osotzen daben gaur egungo emakume sortzaileak, edo oroimen historikoa berreskuratzen beharrean dabizen Sopuertako 14 emakumezkoak.
Emakumearen eta gizonaren arteko bardintasuna bultzatzen laguntzeko elementu izan gura dauen lana da, Bizkaiko Batzar Nagusiek 2017ko Bardintasunerako Plana sinatu ebenean hartutako konpromisoa, hain zuzen be, azpimarratu dau Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak.
Argitalpenak, Ainara Arranz Núñez, Ainara Martínez Matía, Aingeru Berguices Jausoro, Arantxa Pereda Angulo, Jaione Agirre García, Jon Irazabal Agirre eta Mariefi Pérez Elexperen zazpi artikulu eta ikerketa lan batzen ditu. Liburua eta liburuxkea, 2018an Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzetan (Bilbon, Gernikan, Abellanedan eta Gerediagan), Ondarea, emakumearen emaria izenburupean, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ondarearen ganeko Europako Jardunaldien barruan egindako jardueren laburpena dira.
Arantxa Pereda Angulok, emakumeek egin dituen eta Bizkaiko Batzar Nagusien arte bilduman dagozan artelanak aztertzen ditu. XX. eta XXI. mendeko emakume margolarien, eskulturagileen eta argazkilarien berrogeta hamar sorkuntza lan inguru dira, eta ibilbide parebakoa dakarre emakumeek egindako euskal arte garaikidetik.
Gernikako Batzarretxean, emakumearen ikusezintasun historiko kontzeptua landu da, ondareko hainbat elementu aztertuz. Jaione Agirrek, Bizkaiko andreak Jaurerriko buru Erdi Aroan artikuluan, gizaldietan baztertuta eta gitxietsita egon diran emakume horreen garrantzia aldarrikatzen dau. Maria Díaz Haroko I.a izan zan azpimarragarrienetako bat, eta Bizkaiko andre izan zan 1289tik 1344ra. Urte horreetan uribilduak sortu zituan, Bilbori emondako uri gutuna berretsi eta ekonomiaren ikuspegitik estrategikoak ziran portuak emon eutsozan jaurerriari.
Ainara Arranzek, barriz, Gernikako Batzarretxeko Osokoen Aretoaren buru dan Eskumuina artelanaren beste ikuspegi bat emoten dau, eta hainbat ondorio ataraten ditu: XVI. mendeko zenbait udal-ordenantza genero-ikuspegitik aztertuta, bertan behera gelditzen da Erdi Aroko burukoak jantzi huts lez aurkezten dituan ikuspegia, eta ageri-agerian azaltzen da gizarteak emakumeak kontroletako erabilten zituan errepresinoari eta inposizinoari lotuta dago, adierazo dau Arranzek. Halanda be, garai haretarako harrigarria dan moduan, 1609an, Francisco de Mendieta margolariak, bere artelanean, alkateak jarri beharrean emakumeak jarri zituan, 'bizkaitarrek 1476ko garagarrilaren 30ean Aragoiko Fernando Bizkaiko jauntzat onartzeko egin eben muin-emotea' irudikatzen dauen margolanean.
Isiltasuna eta absentzia izan dira XX. mendea ondo sartu arte emakumezkoen irudien ezaugarriak, esan dau ondorio moduan Ainara Martínezek, Gernikako Batzarretxeko beirateak eta Euskal lurra: lirikea eta Erlijinoa (Gustavo de Maeztu, 1922) tripitikoa aztertu eta gero.
Argitalpenak, Aingeru Berguicesek Abellanedako egoitzan, gaur egungo Enkarterriko Museoan, emakume pandereterek 1900. urtera arte Bizkaiko jai giroetan bete eben leku garrantzitsuaren ganean aurkeztu eban artikulua be jasoten dau. Bertan, hurrengo urteetan, profesionaltzat hartutako musikarien ondoan jasan daben ezkutatzea azpimarratuz.
Mariefi Pérez Elexpek Sopuertako 14 emakumerengan oinarritutako oroimen historikoaren ganeko lana egin dau, gizartearen barruan bete izan daben benetako lekua azpimarratuta. Francisca Castaños Ortiz, Isabelita Alvarez Ortiz, Mª Carmen Garai Escuin, Milagros Martínez Correa, Pilar Dieguez Ortiz, Rosi Camino Urrutia, Visitación Dieguez Ortiz, Alejandra Martínez Ceballos, Charo González Aldana, Conchi Ulloa Diéguez, Mª Elena Orrantia González, Mª Rosa Aranceta Zuloeta, Mª Teresa García Charramendieta eta Marta Ruano Terraza dira.
Gehienek oso gaztetan itxi behar izan eben eskolea, meategietan, soloan, mendian edo familiaren saltokietan behar egiteko, ezelako aintzatespen barik: Historiako atal hori beti ezkutatu da, emakumeak politika, gizarte eta erlijino arloan azpiratuta egon ziralako, baina argitara emon dogu behingoz, azpimarratu dau Pérez Elexpek.
Amaitzeko, Gerediagan, Jon Irazabal Agirrek 1617an izandako jazoera bat aztertu eban. Durangoko Merinaldeak sorginen kontrako neurriak hartzea erabagi eban, emakume askok, emakume izateagaitik bakarrik, historian zehar jasan izan dituen ondorio kaltegarriak erakutsiz: Mendeetan zehar ereindako sinismen erlijioso obsesiboen ondorioz, hainbat emakume erruduntzat jo zituen, azpimarratu dau.
Liburuaren eta liburuxkaren helburua ikerketa lana zabaltzea eta aurrerantzean emakumeak bete izandako lekua kontuan izango dauen historiaren, gizartearen eta ekonomiaren irakurketea egiteko tresna moduan erabiltea da, holan, errealagoa izan daiten. Momentuz, 1.000 liburu eta 3.000 liburuxka argitaratu dira, eta Batzar Nagusien Bilboko Egoitzan, Enkarterriko Museoan eta Gernikako Batzarretxean banatuko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!