Euskal Idazleen Alkartea eta Euskaltzaindia, alkarren eskutik

Bizkaie! 2019-07-19 13:09   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiarentzat guztiz pozgarria eta onuragarria da EIEgaz gune barria zabaltzea.



Euskal Idazleen Alkartea
k (EIE) eta Euskaltzaindiak bost urteko iraupena dauen lankidetza-hitzarmena sinatu dabe gaur, Akademiaren Bilboko egoitzan. Aurrerantzean, erakunde bion arteko alkarlana euskerearen eta euskal kulturearen sorkuntzea, sustapena, garapena eta zabalkundearen alorretan proponiduten diran egitasmoen inguruan gauzatuko da.

Garbiñe Ubera EIEren lehendakariak izenpetu dau akordioa; Euskaltzaindiaren izenean, barriz, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Sinatu ostean, Urrutiak adierazo dau hitzarmen hau guztiz pozgarria eta onuragarria dala Euskaltzaindiarentzat, gune barriak zabaltzen dituelako EIEgaz: erakunde biok aspalditik daukagulako euskeregazko eta euskal kultureagazko ardurea eta hori ez da konpartiduten dagun gauza bakarra. Esangura horretan, Urrutiak beste euskaltzain baten izena eta izana gogoratu ditu bere berbaldian, hain zuzen, Juan San Martinena: Ezin ahaztu EIEren bultzatzaile nekaezina izan zala Juan San Martin eta, horrezaz gan, euskerearen alorrean eragileen arteko zubigintzea sustatu eban euskaltzalea. Alkarlanaren garrantziaz eta indarraz jardun dau Garbiñe Ubeda EIEko lehendakariak be: Geure zilborrari begiratzeari itxi eta indarrak batu behar ditugula oso garbi dogu EIEko Zuzendaritza Batzordean. Batetik, ofizio eta jardunen arteko mugak gero eta lausoagoak diralako. Baina, bestetik, ezer gitxi eragin geinkelako, alkarlanerako kapaz ez bagara. Ubedaren ustez, Akademiak idazleen lana behar dau, idazleek akademiaren lana behar daben legez. Beraz, ba al da ezer naturalagorik, Euskaltzaindiaren eta Idazle Alkartearen arteko lankidetzea baino?.

Hitzarmenak erakunde biek alkar aditurik egin beharreko lanen nondik norakoak zehazten ditu, eta lankidetzearen ardatzak eta erakunde bakotxaren betebeharrak finkatu. Ondokoak dira partaidetzearen lan arlo nagusiak:

• EIEk Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak eta iradokizunak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horiei erantzuna eman edota bideratuko ditu.

• Erakunde biok publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatzeko konpromisoa hartzen dute. Era berean, bi erakundeen artean argitalpen-egitasmoak ere partekatuko ahal izango dituzte.

• Bi erakundeok euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartzen dute. Horrela, idazleak ezagutzera emateko egitasmoak, monografiak, literatura zaletasuna indartzeko lehiaketak, ikerketak, bekak eta abar abian jarri ahal izango dituzte.

• Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia elikatzeko asmoz, EIEk argitaratzen dituen argitalpenetako testu-multzoez baliatzeko adostasuna erakusten dute bi erakundeek.


Euskaltzaindia, EIEren hasieran

1982ko garagarrilaren 30ean sortu zan EIE. Orduan, Luis Villasante euskaltzainburuak gidatutako bilkura batean eratu zan alkarte barria. Holan inoan Villasantek, orduko haretan: Arrazoi haundi bi dira gu Bilbon batzeko arrazoiak; bata da, gaur beteten dirala ehun urte euskal festak hemen Bilbon egin ziranetik. Bestea, barriz, Euskal Idazleen Alkarteari hasierea edo sorrerea emon gura jakola gaur. Euskaltzaindiaren barruan bada literatur-batzordea, eta batzorde honek Alkarte hori sortzeko asmoa hartu eta aurrera eroan gura dau. Gaur, hain zuzen, kalera atera nahi ditu Alkarte barri honen helburuak eta ibilpide legeak. Gaurko egoera eta preminak ikusirik, obra honi hasierea emon, Alkarte hau martxan jarri eta kaleratu, hau da, gero bere baitarik bizi daiten (...) Euskaltzaindiko literatur-batzordeak uste dau, bada, Idazleen Alkartea tresna eta bide egokia izan daitekeela idazleen eskubideak jagoteko. Eta orduan idazleek be giro hobea izango dabela lan egiteko.


Gasteizko Udala - Euskaltzaindia

Gasteizen euskerearen erabilerea sustatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dabe oraintsu Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak. Udalbatzak eta Euskaltzaindiak 1996ko irailean sinatu eben holako lehenengo lankidetza-hitzarmena. Ordutik, urtero barritzen dabe konpromisoa.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Euskaltzaindiak mende batean egin dauen lan handia eta euskerearen alde egin dauen ekarpen erabakigarria eskertu ditu.

Andres Urrutia: Gasteiz probaleku aparta da, mendeetan hizkuntza desbardinak bidaide izan diralako urian, eta toponimiaren alorrean horren ikerketa zabala egiten gagozan toki bakarra dalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu