Bertoko Metal, Pop Rock-Metal eta Pop Rock-ek Bizkaiko musikaz beteko dau Bilborock

Bizkaie! 2019-07-19 12:02   Musikea

16 kontzertu izango dira abuztuaren 17tik 24ra.



Lehiaketa hau 1985ean sortu eban Bilboko Udalak, musikearen munduan ibili gura daben bizkaitarrei laguntzeko asmoz, eta historian zehar, 33 urtean, 328 talde eta 194.000 ikusle batu ditu.

Erakusketako 34. edizinoak bere kartela zarratu dau 16 kontzertugaz, erdiak talde bilbotarrenak. Modu berean, emakumeen presentzia eta euskerearen erabilerea nabarmendu behar ditugu.

Abuztuaren 17tik 24ra, egunean kontzertu bi eskainiko dira Bilborock Areto mitikoan, 45-50 minutukoa bakotxa. Emonaldi bi izango dira egunean, 20:00etan eta 21:00etan. Sartzea doban da leku guztiak bete arte.

Hautatutako talde eta artisten artean, kide guztiak edo batzuk emakumeak dituen taldeak nabarmendu behar dira (hamaseitik sei, kasu batzuetan emakumeak taldearen gidari izanik). Euskereari jagokonez, lau talde dira euskeraz abesten dabenak. Jatorriari jagokonez, 34. edizio honetan talde asko bilbotarrak dira: hamaseitik zortzi. Aukeratutakon gainerako taldeak Getxo, Barakaldo, Santurtzi, Basauri, Orduña, Amorebieta-Etxano, Plentzia eta Ondarroakoak dira.

Musika-estiloetan, Aste Nagusiko erakusketan musika mueta oro onartzen da: metal, pop-rock, folk, rap, hip-hop..., jazza izan ezik. Aurten, lehiaketea metalagaz hasi eta amaituko da. Lehenengo egunean, abuztuaren 17an, Bilbo uritik INCURSED etorriko da, folk metal musikeagaz; eurekaz batera, VOLTIUM taldeak joko dau (thrash). 2019ko erakusketea amaitzeko, bigarren zapatuan, hilaren 24an, death metaleko kontzertu bat izango da: KNIVES eta AESTHETIC.

Aste Nagusiko erakusketan talde eta estilo mordoa izango dira: rock musikariak, besteak beste, COLAJETS, POMERAY eta LAS SEXPEARES, grunge punk-rockagaz. Proposamen batzuek iparramerikar sustraien eragina dabe: ROSEBUD, ENDIKA SANGRÓNIZ, BRINGAS eta GENERAL LEE beteranoen rockabillya. Raparen eta hip hoparen zaletuek ARRANO PERTXA ETA LENGU ILUNA eta LA MEDIZINAH izango ditue ikusgai. Euskal rockaren ikur DESIRA taldeak joko dau, pop musikea, barriz, NOA CLIFF taldeak ekarriko dau eta soul-soft rocka ALAIN CONCEPCIÓNek, The Soul Men taldeak lagunduta.

Esangura horretan, Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak erakusketearen aniztasuna azpimarratu dau: aniztasun hori da Bilboko Udalak Aste Nagusian antolatzen dituan ekitaldien artean arrakastatsuenetako bat izateko arrazoia: 'Erakusketea urterik urte aberasten da, gero eta estilo gehiago batzen baitira hemen. Horregaitik, edizino bakotxak sorpresa barriak emoten ditu, betibe publiko fidel bati eutsiz, Bilborockeko hitzordura kale egiten ez dauena. Gure eskerrik beroenak aurkeztutako talde eta artista guztiei. Zorionak, 'Aste Nagusiko Bertoko Metal, Pop Rocka-Metal, Pop Rock erakusketako 34. edizinoko kartela osotzen daben 16 taldeei'.


2019ko deialdia, 34. edizinoa

2019ko deialdiari 105 talde eta artistak erantzun deutse, horreetako 26 emakumez eratuak, 20 euskaldunak eta 11 abestiren bat euskeraz dabenak. Izena emon daben taldeetatik 60 Bilbokoak dira. Ganerakoak, barriz, Bizkaiko zenbait herritakoak: Ezkerraldea, Eskuinaldea, Uribe Kosta, Busturialdea, Enkarterri, Durangaldea, Arratia-Nerbioi, Meatzaldea, Lea-Artibai eta Txorierri ordezkatuta dagoz.

Erakusketeak gaur egun erreferenteak diran dozenaka artista eta talderen parte-hartzea izan dau bere historian zehar. Gaur egun ezinbesteko hitzordua da lurraldeko musikarientzat. Helburu horregaz abiatu eban Bilboko Udalak 1985ean: taldeek erantzun ona izateko.

Urtero, batez beste 5.000 lagun etorten dira talde eta artisten kontzertuetara; 328 talde eta 194.000 ikusle 33 urtean: horrek argi erakusten dau jarduera honen inguruan dagoan interesa. Aste Nagusiko jarduerarik maitatuenetako bat da. Maiatzean hasten da, izena emoteko epea edegiten danean.

Platero y Tú, We Are Standard, Penadas por La Ley, Zodiacs, Gora Japon, Zea Mays, Idi Bihotz, Athom Rumba, Audience, Los Brazos, Memoria de Pez, Porco Bravo, Eureka Hot 4, Ainara Legardon, Smile, Rise To Fall, Unbreath, Eneko Mobydick, Rubia, Dekot, Zazkel...; 528 be izan dira musikearen munduko genero horreetako izen ezagunak, erakustaldi honi esker egin dituenak lehen pausuak eta ezagutzera emon dabenak euren burua. Hain zuzen be, musikearen munduan euren lekua topau nahi daben taldeak babestu eta sustatzeko sortu eban erakustaldia Bilboko Udalak, 1985ean. Erripa Kaia, Unamuno plaza, Arenaleko pasealekua eta Bailen kalea izan dira lehiaketearen eszenatokiak. Gaur egun Bilborocken egiten da. Lehiaketeak METAL FOR THE CREW eta Beste Jack Kultur Alkartea kolektiboen laguntzinoa jasoten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu