Swett California, Alfred, Ender & Funambulista eta Go!azen taldeak Aste Nagusian
2019-07-19 09:18 MusikeaSu Ta Gar, Bebe, Huntza, C. Tangana, Mónica Naranjo, El Dúo Dinámico eta La M.O.D.A. izan dira iragarritako lehenak.
Bilboko Udalak maila goreneko talde eta artista guztien emonaldiak berretsi ditu, abuztuaren 17tik 24ra (zapatutik zapatura), Abandoibarran eta Europa parkean, 23:30etik eta 24:00etatik aurrera hurranez hurran.
2019ko Aste Nagusiak 100 kontzertu baino gehiago eskainiko ditu, doban, edade guztietarako, uriko 8 agertokitan, jaietako bederatzi egunetan, Bilboko jai-ereduaren ezaugarriakaz: kalidadea, aniztasuna, bardintasuna, parte-hartzea eta dobakotasuna.
Orain egun batzuk iragarritako kontzertuez gan (Su Ta Gar, el Dúo Dinámico, Bebe, Mónica Naranjo Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin, La M.O.D.A.), Sweet California, Alfred, Ender & Funambulista eta Go!azen izango dira Abandoibarrako kontzertuetan.
Aste Nagusi Dance eta ADI Megastar-eko ikuskizunak, barriz, Europa parkean izango dira, Huntza, Revolta Permanent eta C. Tanganagaz.
Kontzertuen Agendea
Abandoibarran, 23:30ean
Su Ta Gar euskal taldea izango da gaueko kontzertuei hasierea emongo deutsena; Abandoibarran joko dabe abuztuaren 17an, zapatuan, 23:30etik aurrera. Eibarren, 1987an sortutako heavy metaleko taldeak zutunik jarriko ditu ikusleak taldearen atzoko eta gaurko abestiakaz, izan be, jarraitzaile piloa dauka taldeak, Euskadikoak zein kanpokoak.
Ondoren Sweet California etorriko da, abuztuaren 18an, domekan. Erantzun handiena dauen girl band honek 100.000 diskotik gora saldu ditu, eta urrezko disko bat eta platinozko bi daukaz. Sonia Gómez, Alba Reig eta Tamy Nsue dira partaideak.
Astelehenean, abuztuaren 19an, klasikoetan klasikoetako bat izango dogu: Dúo Dinámico. Talde ezagun honek era guztietako ikus-entzuleak batuko ditu Aste Nagusian, 60ko hamarkadea gogorarazoko deuskun ikuskizunagaz.
Martitzenean, abuztuaren 20an, Beberen txandea izango da. Malo eta Ella abestiekin mundu-mailako ospea lortu eban abeslari eta aktorea.
Eguaztenean, abuztuaren 21ean, Mónica Naranjo ospetsuaren ahots indartsuak bat egingo dau Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz.
Agertoki hau Guggenheim Bilbao museoaren itzalpean dago. Abuztuaren 22an, eguenean, La M.O.D.A. taldeak kontzertua emongo dau bertan. Talde honek akordeoia, saxofoia, banjoa, mandolinea eta klarinetea buztartu eta folka, countrya, punka eta rock and rolla joten ditu. Proposamen berezi honen berezitasuna kontzertuetan ikus daiteke.
Gero Alfredek joko dau, abuztuaren 23an, barikuan. Abeslari, konpositore eta interprete hau famatua da Operación Triunfo telesaio ospetsuan izan zanetik eta Eurovision jaialdian parte hartu ebanetik.
Ender eta Funambulista abuztuaren 24an, zapatuan, izango dira protagonista. Funambulista Diego Canterok gidatzen dauen musika-taldea da. Kantautore hasi zan, eta lehenengo urteetan zenbait disko autoeditau zituan. Ehunka kontzertu eskaini zituen bakarka, areto, kafe eta antzoki txikietan. Gero, talde egonkor eta sendoa eratu eta pop talde baten arimea bihurtu zan. Bestalde, Ender-eko kideak Dani (abeslaria), Willy (gitarrak), Víctor (perkusinoa) eta David (baxu-jolea) dira. Ender talentu eta pasino handiko taldea da, eta Youtube hankaz gora jarri dau.
Hilaren 24ko gauean (zapatuan) eskainiko dan kontzertu honen aurretik emonkizun berezia egongo da ume eta nerabeentzat, 18:00etan, Go!azenen eskutik. ETB1en sortutako telesaio musikal eta gazte-fenomeno honen protagonistak Bilbora itzuliko dira Aste Nagusian.
Europa Parkean, gauerdian, hilaren 21etik aurrera
Udalak zenbait kontzertu eta ikuskizun berretsi zituan Europa parkeko espaziorako, Txurdinagako auzoan, besteak beste, Huntzaren kontzertua, EITB taldearen Gaztea musika-kanalaren eskutik, abuztuaren 21ean, 24:00etan. Huntza taldea Bilboko kaleetan sortu eben sei ikaslek 2014. urtean eta Aldapan gora abestiak bazterrak astindu zituan. Bilboko talde honen aurretik Revolta Permanent taldeak joko dau, soinu barriak, elektronikea, metala, rock industriala eta rapa batzen dituana.
Agertoki honetako beste ikuskizun bat Aste Nagusi Dance izango da, Maxima FM-rena, abuztuaren 22an, eguenean, DJ ezagun bigaz: Dani Moreno El Gallo, Cristina Boscágaz batera LOS40-ren goizetako Anda Ya saioa gidatzen dauena, eta Oscar Martínez, irrati honetako DJ nagusietako bat.
Europa parkeko kartelean ADI Megastar be sartuko da, barikuan, abuztuaren 23an. Megastar FM (Cadena 100-ena) eta ADI Bilbao barriro alkartuko dira, Aste Nagusian dance ikuskizun berezia eskaintzeko. Nazinoarteko dance-ko artistarik onenak Bilbon izango dira, barikuan esparru honetara hurreratuko diran milaka lagunak jantzan jarzeko. Natti Natasha nazinoarteko izarra, Sin Pijama edo Criminal kantuen sortzailea, Jesse McCartney iparramerikar antzezle, abeslari eta konpositorea.
Aste Nagusiko azken gauean, zapatuan, hilaren 24an, C. Tangana rapero, trapero eta regeton abeslari famatua izango da Europa parkean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!