'Una Ria con duende' jaialdiko tailerretan izena emoteko epea zabalik
2019-07-19 08:34 MusikeaAurre-inskripzinoa abuztuaren 25era arte egin ahal izango da.
Bilboko Udalak zabaldu dau Kultura Sailak antolatutako Una Ría con Duende 2019 topaketa flamenkoen beste edizino baten barruan sartzen diran gitarra, txalo eta konpas, kante eta jantza flamenko tailerretan parte hartzeko izena emoteko epea. Jardunaldiak irailean izango dira.
Aurten, ibilbide azpimarragarria eta luzea daben irakasleen eskutik maila ertainean eta masterclass-ean (maila aurreratua) oinarrituko dan prestakuntzea eskaintzeaz gain, iraileko zapatu guztietan zuzeneko emonaldiak eskainiko dira Ibaiondoko barrutiko zenbait agertokitan.
Una Ría con Duende jaialdiak eta bere prestakuntza ikastaroek hamar urte baino gehiagoko ibilbidea dabe urian. Hori dala eta, zaleak diziplina horreetako ezagutzetan sakonduz joan dira. Ondorioz, igaz maila aurreratuko ikastaroak programau ziran, eta aurten, artista esperiantzidunek emongo dituen lau masterclass-egaz indartuko dira. Ikastaroak Marina Perea bailaoreak, Jerónimo Utrilla txalo espezialisteak, Chaparro de Málaga gitarristeak edo Cristina López Gómez kantaoreak emongo ditue.
Tailer horreetakoren batean parte hartzeko interesa daben personek abuztuaren 25era arte emon ahal izango dabe izena, kulturabarrutik.eus webgunearen bitartez edo 944010010 telefono zenbakira deituz. Ikastaro bakotxak hiru egun (6 ordu) iraungo ditu, eta 25 euro balioko dau (15 euro lanbakoentzat, erretiratuentzat eta ikasleentzat eta 10 euro Diru-sarreren Berme Errentaren jasotzaileentzat).
Klaseak, taldeen arabera, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara izango dira astelehenetik barikura, eta goizeko 11:30etik 13:30era lzapatuetan, San Frantziskoko Udaltegian. Lehentasuna izango dabe Bilbon bizi diran eta eskatutako jarduerarako behar ainako prestakuntzea dabenek.
Jantza flamenko tailerrei jagokenez, irailaren 12an hasiko dira (maila ertainekoak), Carmela Riquenigaz, eta 25ean dagoeneko jantza ezagutza aurreratuak dituan taldea hasiko da, Marina Perea bailaore eta Jantza Flamenkoaren Koreografian eta Interpretazinoan lizentziadunagaz Malagako Jantza Goi Konserbatoriotik. Madrilen bizi da, eta zenbait tablaotako koadro flamenkoetako kide da. Jarduera horregaz batera, nazinoartean indar handia daben konpainiatan be hartzen dau parte, La Lupirenean, Juan de Juanenean, edo Ballet Flamenco Español izenekoan.
Txalo eta konpas ikastaroak irailaren 16an hasiko dira, maila ertainekoak, flamenkoan espezializauta egon arren, jazz-latino eta jazz-flamenko taldeetan be ibilitako Yuyo León musikari profesionalagaz. Irailaren 19an, flamenko diziplina horretan ezagutza aurreratuak dituenen txandea izango da, eta ikuskizun flamenko askotan gitarra jotzaile eta txalo jotzaile ibili dan eta momentu honetan musika irakasle dan Jerónimo Utrillaren masterclass-ean emon ahal izango dabe izena. Ikuskizun flamenko askotan egin dau lan, Estaduan eta Europan, baita zenbait peña flamenkotan eta antzokitan Jerezen, Sevillan, San Fernandon, Rondan, Londresen, Lisboan, Trenton, Erroman edo Colonian, eta Belén Mayagaz, Capullo de Jerezegaz edo Tomás de Perrategaz ibili da agertokietan.
Horrezaz gan, gitarra masterclass bat programau da irailaren 19, 20 eta 21erako. Oraingo honetan, prestakuntzearen arduraduna Chaparro de Málaga izango da, bere bizitza ikasketara bideratzen dauen gitarristea, baina ez gitarrara bakarrik, baita kantera be, gitarra jotzaile prestakuntza maila guztietan zabalduz: bakarlari-kontzertu emoile, eta kantearen eta jantzaeren laguntzaile. Diziplina guztiak menperatzen dituanez, flamenkoaren panoramako gitarrista onenetakoa da. Miguel Poveda edo Duquende figura handiakaz izan dituan lankidetzez gan, proiekzino handikoa da nazinoartean, lehen mailako ikastaroetako eta tailerretako irakasle legez.
Prestakuntzea, Cristina López Gómez kantaore katalanak irailaren 26tik aurrera emongo dauen masterclass-agaz osotuko da. Flamenko Irakaskuntza Artistiko Masterra egin eban Kataluniako Musika Goi Eskolan (ESMUC), eta momentu honetan irakasle dabil lan Eskola horretako Goi Mailako Graduan. Cristina López irakasle lanak egin ditu Institut del Teatreko (Bartzelona) flamenko eta jantza espainiar ikasketetan, eta hainbat musika egitasmotan hartzen dau parte kantaore, konposatzaile eta musika zuzendari legez, Entre Orillas (flamenkoa eta musika kubatarra) eta LaboratoriA (flamenko esperimentala) lanetan, besteak beste. Nazino eta nazinoarte mailako flamenko tradizionaleko konpainiakaz egiten dau lan, baita tablao ezagunetan be, Tarantos, Palacio del Flamenco, Casa Camarón (Bartzelona), El Quinqué (Malaga) edo la Cava del Ars (Menorka).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!