Aitzol Fernandez: 'Jentea zur eta lur geratzen da egurrezko bizikletokaz'

Koldo Isusi Zuazo 2019-07-22 08:15   Barriketan

Axalko Bizikletak SL-ko kudeatzailea

Seed Capital Bizkaiaren babesa dauen Axalko Bizkletak etxeak bizikleten koadroak egurrez egiten ditu eta burukominak burukomin aurrera doaz crowdfundig kanpainak eta tarteko dirala. Osogaien artean nabarmentzekoak dira:  Txirbil Kooperatibea, Axalkoren egoitza soziala Bilbon eta Enkarterrin, barriz, Urbegi. Horreen eta Axalko Europan zabaltzeko Cyclable zein beste batzuen buztarketea behar da egurrezko bizikletak egiteko amesak aurrera egin daian. Idearen jatorria, proiektuaren bideragarritasuna, etorkizuneko erronka eta bestelakoen barri eskatu deutsaguz Aitzol Fernandezi, Axalkoko kudeatzaileari.


1.- Axalko noiz sortu zan? Idea nondik nora sortu zan?

Aspaldiko kontuak dira, orain urte asko sortutako gogoetak, aukerak, ames eta ideak, 2006-2007 tarte horretan edo. Aurrerago, 2010 bueltan hasi ginan lehenengo bizikletak egiten eta Axalko, barriz, 2016an hasi zan martxan eta ordutik beharrean gabiz indar handiz.

Beste batzuen artean, zazpi bazkideen artean, Aitzol bi gagoz proientuan, Aitzol Telleria eta neu, Fernandez. Telleria da benetako bizikleta zalea eta txirrindularia. Neu be ibilten naz eta urian ibilteko mediorik onenetakoa dala pentsetan dot, imgurumenari kalte egiten ez deutson garraiobidea.

2.- Inbersino handia egin beharko zenduen hau guztia aurrera eroateko...

Duda barik. Bizitza osorako inbersinoa da, hau ez da olgetea; dirua ez eze, denporea be behar da, gogoa eta ilusinoa. Guk geuk eta gure bazkideek urte piloa daroaguz arlo honetan eta danon ekarpena eta pasinoa behar-beharrezkoak dira. Produktuaren eta teknologiaren garapenaren prozesu osoak be urteak behar izan ditu baina bagoaz aurrera. Orain, produktua merkaturatzeko inbersinoa be egin beharko dogu, gure helburua produktua eta markea Europa osoan zabaltzea dalako eta, esangura horretan, Frantziako Cyclable etxeagaz egingo dogu lan.


3.- Indiako HyderabadAngels inbersino-funtsak zenbateko garrantzitsua inbertidu dau Axalkoren egurrezko bizikleten negozioan eta #CrowdfundingBizkaia be hor dago. 

Dana beharko dogu. Polito doa, diru iturriak badagoz egon, pribatuak zein publikoak eta hor gabiz burrukan. Indiako HyderabadAngels da kanpoko inbersorea eta oso pozik gagoz.

4.- Karbonoaren eta beste material batzuen sasoian, egurraren alde egin dozue. Zergaitik?

Eta zergaitik ez... Material guztien artean, jasangarriena eta barriztagarriena dalako egurra. Gizakiak beti erabili dau egurra gauza guztietarako, kazarako, sua egiteko zein bestelako zeregin batzuetarako, natureak berak egurra eskaini deusku, material tekniko zoragarria da, biodegradagarria eta zelulosa eta likninagaz buztartuta altzairuaren pareko gogortasuna izan leike.


5.- Ze egur erabilten dozue?

Ez dogu egurra bakarrik erabilten, egur teknikoa esaten deutsagu, zuntz naturalakaz eta erretxina naturalakaz buztartutako materialari. Produktua 0,3 - 0,5eko xafla edo laminak izaten dira. Egurra aukeratzeko momentuan, malgutasuna, gogortasuna eta irudi estetikoa gogoan hartzea da oinarria, beti be, bezeroak gura dauena kontuan hartuta baina gehien lizarra, intxaurrondoa zein izeia eta pagoa erabilten doguz.

Urte asko joan jakuz materialen ezaugarriak aztertzen baina makinatxu bat proba egin ostean, kilo biko koadroak sortzen doguz, altzairuaren gogortasunaren parekoak. 


5.- Artisau lana da zuona. Dana eskuz egin behar izaten dozue? Prozesua zelakoa da?

Eskulana dago oinarrian baina produktu teknologikoa be bada; orduan CNC, makina-erreminta, doitasun handiko tresnak behar dira hau guztia eregiteko.


6.- Ekodiseinua, barrikuntzea eta teknologia zelan buztartzen dozuez?

Egurrezko bizikletak ikusgarriak dira, diseinuan zein estetikan bezeroak berak eskatu leikez gauzak eta ahal bada, egin egiten jakoz aldaketok. Ganerakoan, osogai eta bestelakoetan danetarik dago erosteko eta hor be bezeroak esaten dau zertarako erabiliko dauen bizikletea edo ze gastu egin gura dauen. Gure proiektuan gizartearen garapenerako beharrezkoak diran idea eta kontzeptu guztiak buztartzen dira.

Salneurriari jagokonean, prezio finkorik ezin deutsut esan, bezero bakotxak egur eta osogai ezbardinak eskatzen ditualako, bizikletak personalizau egiten doguz baina bai esango deutsut 5.000 euro baino merkeagoak ez dirala izango.

7.- Bizikleta elektriko asko ikusten da urietan eta bidegorri zein mendietan. Ze harrera izan dau egurrezko koadrodun bizikleteak?

Harrera ona. Pieza ederrak dira, jentea zur eta lur geratzen da bizikletokaz, bildumazaleen mimo guztiak merezidu ditue eta nork jakin bihar-etzi zer pasauko dan.

Bitxikeria legez esango deutsut kaminoan ibilteko txirrindulari profesional batek zazpi kilo inguruko bizikletea erabilten dauela eta hor bueltan dabiz gureak.


8.- Egurrezko zenbat koadro egiten dozuez gaur egun? Negozioa bideragarria da?

Europa osoan saltzea da asmoa eta gure bideragarritasun puntua urtean 150 bizikleta saltzea da. Edozelan be, ezustekorik ezean, urte batzuk pasauta, 999 saltzea be ez dogu baztertzen.


9.- Bihar-etzirako ze erronka nabarmenduko zeunke?

Makinatxu bat burukomin, esfortzu eta sufrimendu tarteko, urteak egin doguz sano garrantsitsuak diran hasierako pausuetan, dirua batzen be hor gabiz baina Axalko bizikletak Europan zabaltzea eta saltzea da amesa eta horretarako cyclable enpresa frantziarragaz konponduko gara.

Bideoa ikusteko klik egin hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu