'Itsas hondoan, dragoi bat' obrearen estreinaldia Bilboko Azkuna Zentroan

Bizkaie! 2019-07-18 12:30   Kulturea

Piezea ugerleku azpiko leihatilen bidez ikusi ahal izango da, gaueko 21:30ean eta 22:00etan.

Pablo Esbert Lilienfeld eta Federico Vladimir Strate Pezdirc-en proiektuan, Itsas hondoan, dragoi bat piezea ugerketa sinkronizaduko ugerilari birentzat sortutako konposizino bat da, Azkuna Zentrorako asmau eta bertan erakusteko, jantzak, kirola, eta zientzia fikzinoa buztartuz. Ugerlariak Carolina Pino eta Andrea Fernández Botelho izango dira

Itsas hondoan, dragoi bat piezak alderantziz jarten dau ikusleen ikusmen espaziala, ur azpian kokatzen dauelako. Ugertokiaren hondoa, fikzinoa inskribiduta dauen pantaila baten antzekoa da: izaki fantastiko bat, transindibiduala, zatikatua eta likidoaren bidez konektautakoa. Itsas hondoan, dragoi bat ikusi eta soinu-fabula bat da, eta hausnarketea egiten dau norbanakoaren eta kolektibidadearen arteko loturaz, koreografian, jatorrizko soinu-bandan eta argiterian oinarrituta.

Lan hau Dragoi Piezetako bat da: lan-sail horretan, gogoetea egiten dau kolektibidade-forma ugariez, alkarregaz egoteko moduak irudikatuz, baina kolektibotasuna bereizitako norbanakoen batuketa hutsa izatera mugatu barik. Horretarako, Dragoi Piezek kolektiboa zeharkatzen daben elementu bi aztertzen ditue: automatizazinoa eta fikzinoa. Dragoiaren azaleko motiboak, haren gorputza eratzen daben amaierarik bako piezen sail hori jazoera, mobimentu edo narrazino lez hartzen da, eta desirearen geometria infinitua eratzen dabe bata bestearen atzetik.

Bajo el lecho marino, un dragón, Azkuna Zentroak produzidu dau, eta Dragón, descansa en el lecho marino lanaren site-specific bersino bat da, 2018an Veranos de la Villa de Madrid-ek produzidu eta aurkeztutakoa.

Kontuak kontu, piezea ugerleku azpiko leihatilen bidez ikusi ahal izango da gaur hasi eta garagarrilaren 27ra arte, gaueko 21:30ean eta 22:00etan. Egunero emonkizun bi izango dira, hamar bat minuitukoak.


Pablo Esbert Lilienfeld eta Federico Vladimir Strate Pezdirc

Madrilgo Unibersidade Konplutentsean ezagutu ziran, Ikus-entzunezko Komunikazinoa ikasten ebizela. Pablok arte eszenikoetara jo eban (RCPD-en eta P.A.R.T.S.-en ikasi eban, Bruselan); Federicok, barriz, arte bisualak aukeratu zituan (Royal College of Arts-en ikasi eban, Londresen). 2014. urtean barriro batu eta lankidetzeari ekin eutsien, arte bisualak, dokumentala, musika elektronikoa eta jantzak lotzen zituen egitura bat eratuz. Lanean, espekulazinoko fikzinoak sortzen ditue, nagusi diran narratiba normatiboak eteteko. Euren lehen lankidetzea Introducing The Star musikala da, filmautako egunkari, musikako album eta jantza-solo bihurtzen dana. Cantos del Hain Selkman herriari buruzko dokumentala da. Gaur egun Dragoi Piezak lantzen dabiz, praktika desbardinen bidez fikzino kolektiboen eta automatizazinoaren arteko loturez hausnarketea egiten daben lanetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu