Scotland Goes Basque euskal sorkuntzearen topagune
2019-07-18 08:10 KultureaEtxepare Euskal Institutua euskal sortzaileen talentua Eskozian ezagutzera emoten dabil aurten.
Neguan musikea izan eben, udabarrian zinemea eta udan, ostera, euskal artistek arte eszenikoak eta literaturea izango ditue aztergai, Edinburgh Festival Fringe eta Edinburgh International Book Festival jaialdietan.
Abuztuan, arte eszenikoen munduko topagunerik garrantzitsuena dan Fringe erakusleiho aparta izango da 2Theatre, Tio Teronen Semeak, Krego-Martín Danza, Akira Yoshida eta HQPCren lanak aurkeztu eta Atlantik 1050 eskoziar zein euskal jantza tradizionalen ikuskizuna estreinetako. Eta Edinburgon bertan, abuztuaren
10etik 18ra, euskal literaturea gonbidadu berezia izango da Book Festival jaialdian; bertan jardungo daben idazleak dira Iban Zaldua, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Eider Rodriguez eta Danele Sarriugarte, eta horreekaz batera eskoziar uriburuan izango dira Joseba Etxegoien eta
Eñaut Elorrieta musikariak.
ScotlandGoesBasque egitasmoaren mugarri barria ezarriz, abuztuan Edinburgora bidaia egingo dauen euskal ordezkaritza garrantzitsu horren barri emoteko, prentsaurrekoa egin dabe Bilboko Azkuna Zentroan. Hor izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Bernardo Atxaga, idazlea; Maylis Arrabit, koreografoa (Proyecto Colectivo HQPC); Alain Maya, jantzaria (Atlantik 1050 ikuskizuneko aholkulari artistikoa); Akira Yoshida, jantzaria; Aritz Salamanca, jantzaria (Tio Teronen Semeak); eta Bego Krego, jantzaria (Krego-Martín Danza).
Edinburgh Festival Fringe
1947tik uda partean eskoziar uriburuan egiten dan Edinburgh Festival Fringe da munduko zuzeneko ikuskizunen jaialdi garrantzitsuena, sormen- askatasunerako munduko plataforma handiena. Sortu zanetik, arauei desafio egitea dau erronka nagusia eta ordutik gaurdaino etenbarik ibili da kultur eta arteen inguruko munduko ekitaldi handiena bihurtu arte. Urtero, abuztuko hiru astetan zehar, Eskoziako uriburua askotariko arte adierazpenen bidezko ikuskizunen togaune bihurtzen da. Fringe jaialdiaren aniztasunak ez dau mugarik, eta nazinoarte mailako izen handienak euren ibilbidearen hasieran dagozan artistakaz nahasten diran, bertako zein mundu osoko ikus-entzuleen aurrean euren lana erakusteko; ikus-entzule horreen artean izaten dira herrialde askotako programatzaile zein kritikoak eta horregaitik, artisten lanaren zabalkuntzarako plataforma ezin hobea da Fringe.
Aurten, 63 herrialdetako lanak izango dira Fringen ikusgai, horreetatik 260 europarrak; Edinburgoko bertako 744 lan ikus ahalko dira eta ia mila Eskoziako beste tokietakoak. Gainera, eskoziar zein nazinoarteko 1000 hedabideetako kazetari bertaratuko dira eta 1400 profesional izango dira Edinburgon, kontratau, lagundu edo biran eroateko ikuskizunen bila. Aurten, Etxepare Euskal Institutuak #ScotlandGoesBasque ekimenaren barruan finkatutako estrategiari esker, hainbat euskal artista zein konpainiek nazinoarteko topagune horretan izateko aukerea izango dabe.
Basque Showcase: Krego-Martín Danza, Akira Yoshida eta Proyecto Colectivo HQPC Dance Base, Eskoziako Jantza Zentro Nazionalean
Etxepare Euskal Institutuaren deialdiari erantzunda, euren lanak Eskozian erakusteko aurkeztu zituen artista eta konpainia ugariren artean, Dance Base-eko (Eskoziako Jantza Zentro Nazionalak) zuzendaritzeak berak aukeratutako taldeak izango dira abuztuaren 8tik 11ra Fringe jaialdiaren egoitza nagusienetakoa dan Dance Base-en, hain zuzen. Talde eta artista horreek dira Krego-Martín Danza, Akira Yoshida eta Proyecto Colectivo HQPC. Hirurek euren lanak alkarregaz, bata bestearen ondoren aurkeztu ahal izateko moldatu ditue eta Basque Showcase erakustaldi bakarrean erakutsiko ditue.
Atlantik 1050, euskal zein eskoziar jantza tradizionalen ikuskizunaren estreinaldia
Etxepare Euskal Institutuaren eta Dance Base-en arteko alkarlanaren beste emoitzetako bat da abuztuaren 9an Edinburgoko kaleetan estreinauko dan Atlantik 1050, euskal zein eskoziar jantza tradizionalak buztartzen dituan kaleko ikuskizuna. Institutuak berak, Errenteriako Atlantikaldia jaialdiak eta Dance Base-
ek, Eskoziako Jantza Zentro Nazionalak sustatutako ikuskizun horrek itsasoa dau kultura bien arteko lokailu eta ikerkuntzearen, buztarketearen eta alkarlanaren emoitza izango da. Atlantik 1050en zuzendari artistikoa da Jen Wren eskoziar koreografo eta jantzaria; musika zuzendaria Amy Geddes musikari eskoziarra da eta Alain Maya da euskal jantza eta musika tradizionalean aholkularia.
Tio Teronen Semeak taldearen FreshCool ere Edinburgoko kaleetan
Abuztuaren 7tik 11ra, beste euskal talde bat izango da Edinburgoko kaleetan: Tio Teronen Semeek FreshCool aurkeztuko dabe Royal Mile Mercat Stage eszenatokian. FreshCool ikuskizunak egoera barregarri eta absurdoak batzen ditu, esaterako, Raphaelen kantu bat aurresku moduan jantzan eginez. Taldeko kide
Aritz Salamancaren eretxiz, benetako lujoa eta ohorea izango da guretzat jai erraldoi horren parte aktibo izatea. Euskal kulturea sustatzen dogun taldeontzat irudika geinken erakusleihorik onena da. Beraz, gehien gustetan jakun modura aurkeztuko dogu FreshCool Edinburgoko kaleetan zehar, umoretsu, giro ederrean eta euskeraz; gure hizkuntzeak batez be Fringe lako testuinguruak merezidu ditualako.
2Theatre antzerki taldeak Interbeing estreinauko dau
Fringe jaialdian izango dan euskal ordezkaritzea osatuz, Svetlana Biba eta Txema Perez aktoreek zuzentzen daben eta Bilbon egoitzea dauen 2Theatre nazinoarteko antzerki taldeak Interbeing: Stories From a Current War eszenaratuko dau, abuztuaren 1etik 25era, Assembly Roomseko Ball Room aretoan. Egun Ukrainian bizi dan gatazkea islatzeko obrearen izakerearen inguruan, Txema Perezek dino: Gure ikuskizunetan antzerki bisuala egiten dogu, maskarak, irudiak, mobimentua eta bestelakoak erabilita; berbeteak badau bere lekua (euskereak), baina guztiok ulertzeko moduko lana da. Lan honen bidez ikusleei egin gura deutsegun galderea da: zein da norbanakoaren rola gatazka batean? Posible al da ikusle bakarrik izatea? Edo ikusten ditugun gauzen parte gara, nahi ala ez?. Irudi bidezko rapsodia, ikuskizun oso bizia da eta lan fisikoak aparteko garrantzia dauka: euskal zein ukrainar antzezleek jantzak, antzezpena eta akrobaziak erabilten ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!