Elorrioko Ferixa Nausikoetan emakumeak protagonista
2019-07-17 08:40 KultureaAbuztuaren 31tik irailaren 8ra izango dira Ferixa Nausikoak.
Elorrioko Udalak 2019ko Ferixa Nausikoak aurkeztu ditue. Idoia Buruaga alkateaz gan, Julene Lazkano jaietako arduradun barria, Mikel Askasibar kartel irabazlearen egilea, Jone Guenetxea Anbotoren arduraduna eta sari emoilea, Iñaki Larrañaga programatzaileetako bat eta txupineroen ordezkari, Itziar Urizarbarrena eta Haizea Lazkano egon dira prentsaurrean.
Kontuak kontu, kartel irabazlea aukeratzeko aurkeztutako 6 kartelak Iturri Kultur Etxean erakutsi ziran eta herritarrek gustukoenaren aldeko botoa emoteko aukera izan eben. Adituen epaimahaiak aintzat hartu eben boto gehien jaso zituen kartelak eta kalidade, bardintasun eta diseinu grafiko erispideak erabiliz, Mikel Askasibar Bizkarralegorraren Jaiak pil-pilean izeneko kartela aukeratu eben. Alkateak zorionak emon deutsoz Mikeli eta eskerrak kartelaren esangurea azaltzen etorteagaitik. Mikelek azaldu dau kartelean jaietako elementu desbardinez gan, alaitasuna islatu gura izan dauela. Jone Guenetxeak Anbotoren izenean 500 euroko saria emon deutso Mikel Askasibarri.
Jaiotako egitarauari jagokonez, aurrekontu osoa 160.000 eurokoa da, horreetako 65.000 animazino eta ikuskizunetan gastauko dira. Aurrekontu osoa % 10 igon da eta ikuskizunetakoa, % 15, gazteentzako programazino barria dala-eta.
Birtziklatzearen aldeko azokea, Erreka fanfarria eta agertuko diran ekimen espontaneoak be kontuan hartu dira. Jaiak antolatzean kontuan izan diran helburu nagusiak dira bardintasuna, jasangarritasuna, aisialdi eredua, gazteria eta euskerea.
Ostean Iñaki Larrañaga prpogramatzaileak egitarauko beste jakingarri nagusi batzuk azaldu ditu: Jai batzordeak atondutako ekimenak animazinoak ez eze, honakoak dira: idi-probak, bazkariak, herri kirolak, bertso-saioa, umeentzako parkeak, tanborradea, buruhandiak, suzko zezenak, koadrilen ekimenak, alkarteen 16 ekintzak, jubilatuentzako ekintza bereziak, txokolatadak eta, zelan ez, jaiei izena emoten deutsen abere eta nekazaritza azokea.
Musikearen harian, estilo desbardinak eskaini nahi dira Euskal Herrikoaz gan: erromerietakoa, Irlandakoa, disko festak, gospel estilokoa, Mexikokoa, fanfarria estiloko animazinoak, parte hartzeko kantuzale ibiltariak, musika modernoa eta retro musikea.
Amaitzeko, alkateak herriko emakume mobimentuaren ordezkapenean bertaratuei esker bereziak eskaini deutsee txupinazoa botateko gonbidapena onartzeagaitik eta azken urteetan bardintasunaren alde egindako lan bikainagaitik. Mobimentu horren izenean, Itziar Urizarbarrenak txupinazoa botateko aukereagaitik eskerrak emon ondoren, emakumeen burrukea ez dala martiaren 8ra edota zemendiaren 25ra mugatu behar aukera guztietara baino. Era berean, jai parekideak aldarrikatu ditu eta esan dau Udaletxeko balkoian euren pregoiak aldarrikapen hori egingo dauela.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!