Euskerea bizibarritzeko bideak aztertuko ditue gaur Bilbon

Bizkaie! 2019-07-17 08:45   Euskerea berbagai

Sabino Arana Fundazinoak eta Euskaltzaindiak alkarlanean atondu dabe mintegia.

Euskereak aurrerakada handia izan dau azken hamarkadetan eta horren arrazoiak ugariak eta askotarikoak dira, besteak beste, euskerearen batasuna, euskera erabilera-eremu barrietara eroatea ahalbidetu eta corpusa gaurkotzea ekarri dabenak; askotariko alkarte eta erakundeen aldetik eginiko lana, gizartearen parte hartzea sustatuz, euskerearen aldeko ezagutzan, motibazinoan eta erabileran ekarpen azpimarragarria egin dabenak; edo euskerearen lurralde batzuetan euskereak lortu dauen ezagutzea, bai eta herri-erakunde batzuetatik sustatutako hizkuntza-politika eragingarriak be.

Egun, euskerea biziberritzen jarraitzeko, gero eta zabalduago dago sano garrantzitsua dala pasa dan mendean kontuan hartutako jarraibideak, hona ekarri gaituenak, egoera barrira egokitzea eta gaurko zein biharko beharrizanak aurreikusiz indarbarritzea, ezagutzearen aldeko jardunetik erabilerara salto eginez, maila eta esparru guztietan. Era berean, gero eta gogoeta gehiago egiten dago euskalgintza deiturikoa ekinbide eta asmo eta indar barriakaz gaurko errealidade eta beharrizan sozialetara ekarteaz.

Horren harian, Sabino Arana Fundazinoak eta Euskaltzaindiak euskerea askotariko alderdietatik indarbarritzen jarraitzeko bide barriez gogoetea egiteko mintegia antolatu dabe. Sabino Arana Fundazinoaren Bilboko egoitzan izango da, goizeko 9:30etik 14:00etara.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak abiatuko dau jardunaldia, eta ondoren berrogeita hamar bat adituk euren esperientziak konpartiduko ditue jentaurrean, besteak beste, mintegian izango dira Miren Dobaran, Gotzon Lobera, Joseba Lozano, Amaia Jauregizar, Jon Sarasua, Estibalitz Alkorta, Arrate Illaro, Mertxe Mujika, Sagrario Aleman, Koldo Tellitu eta Mikel Irizar.

Egitarau osoa ikusteko egin klik hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu