Basque Culinary World Prize Anthony Myintek (AEB) eroan dau

Bizkaie! 2019-07-17 08:14   Jan edanak

Garaikur honek ekimen eraldatzaileak gauzatzen dituen chefen lana autortzen dau.

Anthony Myint (AEB) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gastronomia gizarteak dituan erronkarik premiazkoenetako bati, hau da, klima aldaketeari aurre egiteko motor legez erabilzeagaitik jaso dau saria Myint-ek. Ikerketea eta tresna praktikoak buztartuz, Myint jatetxeakaz alkarlanean dabil ingurumenean daben eragina murrizteko konponbideak topetako. Anthony Myintek 100.000 euro jasoko ditu, berak aukeratzen dauen eta gastronomiaren ahalmen eraldatzailea adierazoten dauen proiektu batean erabilteko.

Haren ZeroFoodprint proiektuaren bitartez eta The Perennial Farming Initiative-ren bitartez, Myintek jatetxeen eta ingurumenaren arteko hartu-emonak aztertzen ditu. Elikagaien enpresei karbono aztarnak murrizteko aukera bideragarriak gomendatzen deutse, baita karbono igorpenei jagokenez neutrala izateko moduak be. Gama handiko dozenaka jatetxe konbentzidu ditu mundu osoan, iraunkortasunaren alde berak gidatzen dauen mobimenduagaz bat egin deien, tartean Noma (Danimarka) eta Benu (San Frantzisko) jatetxeak.

2019an, The Perennial Farming Initiative ekimenaren bitartez, Kaliforniagaz be indarrak batu eta Restore California programea abiarazo eban. Programa horrek jatetxeen ingurumeneko aztarnearen gaineko informazino gardena emoten deutse hornitzaile eta kontsumitzaileei, erabagi hobeak hartu ahal izateko. Zerrendako jatetxe guztiak neutroak izan daitekez karbonoan, edo tokiko nekazariei lagunduleikioe eguratseko karbono dioxidoa kentzen.

Ekonomian eta Asiako Ikerketetan tituluduna da, Myint, bere emazte Laren Leibowitz kazetariagaz batera, ingurumeneko aktibismoa eta aktibismo soziala sartu ditu bere ahaleginen artean, 2008an Mission Street Food jatetxe ospetsuan bere karrereari ekin eutsonetik.

Basque Culinary World Prize saria bakarra eta orokorra da, Eusko Jaurlaritzeak ‒Euskadi-Basque Country estrategia integralaren esparruan‒ eta Basque Culinary Center-ek ‒gastronomian liderra dan erakunde akademikoa‒ emondakoa. Garaikur honek ekimen eraldatzaileak gauzatzen dituen chefen lana autortzen dau, hainbat arlotan: barrikuntzea, teknologia, hezkuntzea, ingurumena, osasuna, elikadura industria eta gizarte eta ekonomiaren garapena.

Munduan eragin handienekoak diran zenbait chef eta adituk osotutako epaimahaiak Anthony Myint aukeratu dau irabazle, hamar finalisten artean. Epaimahai horren buru Joan Roca sukaldaria izan da (El Celler de Can Roca), eta haregaz batera beste persona ezagun honeek: Massimo Bottura (Osteria Francescana), Manu Buffara (Manu), Eneko Atxa (Azurmendi), Dominique Crenn (Atelier Crenn), Yoshihiro Narisawa (Narisawa), Andoni Luis Aduriz (Mugaritz), Enrique Olvera (Pujol), Trine Hahnemann (Hahnemanns Køkken), Katina eta Kyle Connaughton (SingleThread), Tucker Taylor (Jackson Family Wines) eta Jock Zonfrillo (Orana), 2018ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazlea.

Hamar finalistak dira: Selassie Atadika (Ghana), Siew-Chinn Chin (Malaysia/ AEB) Giovanni Cuocci (Italia), Mario Castrellón (Panama), Xanty Elías (Espainia), Virgilio Martínez (Peru), Cristina Martínez (Mexiko/ AEB), Douglas McMaster (Erresuma Batua), Anthony Myint (AEB) y Lars Williams (AEB / Danimarka).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu