Eskualdea deialdiak komisariotza-proiektu bat eta beste hiru proiektu hautatu ditu

Bizkaie! 2019-07-17 08:15   Kulturea

Izkin, Kuartangon, Bastidan, Añanako Gatz Haranean eta Amurrion egingo dira.

Eskualdea Arabako komisariotzea eta produkzino artistikoko deialdi publikoa Leyre Goikoetxearen Un triángulo, 3 vértices_ser_rizoma komisariotza-proiektuaren hautaketeagaz ebatzi da eta hor parte hartzen dabe Anabel Quincoces, Belén Cerezo eta Miriam Isasi artistek; eta orobat hautatu dira Raisa Álava, Oihane Amurrio eta Mario Paniegok aurkeztutako proiektuak. Sei interbentzino dira guztira, zenbait urigune eta espazio naturaletan bideratzekoak, besteak beste, Bastidan, Izkiko Parke Naturalean eta Añanako Gatz Haranean. Balioespen Batzordeak –Haizea Barcenillak, Beatriz Herráezek, Enrique Uriartek eta Enrique Martínez Goikoetxeak osotzen eben– proposamenek oro har daben kalidade artistikoa, lurraldeagaz daben lotura soziala eta kulturala, eta eurek gauzatzeko ezarritako dinamika parte-hartzaileak azpimarratu ditu. Hautatutako proiektuak 2019ko bigarren seihilekoan egingo dira.

Kulturearen Plan Estrategikoaren esparruaren eta Garapen Iraunkorreko Helburuen barruan, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kiroleko Sailak eta Artium Fundazinoak sustatzen daben Eskualdea deialdi publikoaren helburuak sorkuntza-lan eta pentsamolde garaikidea Arabako gizartearen osotasunari hurreratzea, arte-testuinguru arabarraren garapena bultzatzea eta baserriaren eta uriaren munduaren arteko loturak sustatzea dira, proposamen barritzaileen, esperimentalen eta eraginkorren bitartez. Eskualdea programeak, guztira, 48.000 euroko hornidura dau.


Eskualdea Komisariotzea

Leyre Goikoetxearenk (1983) proiektuak –Un triángulo, 3 vértices_ser_rizoma hiru artista arabarren interbentzinoa dakar. Belaunaldi desbardinekoak dira, eta bitarteko eta ikusmolde desbardinak ditue Arabako landaldeko munduaren eta mundu naturalaren inguruan. Testuinguruaren eta bertan bizi diran personen zuzeneko ezagutzatik abiatuta, naturaz berba egiten [saiatzen dira hiru sortzaileak], naturatik bertatik, eta etorkizunean orainetik pentsetan, iragana gogoan hartuta. Balioespen Batzordeak bai komisarioaren, bai artisten jardunbide artistikoa, Arabako testuingurua baino harago azpimarratu dau, eta nabarmendu dau hareen kanpoko proiekzinoa.

Alde batetik, Miriam Isasik (1981) Izkiko Parke Naturalean egitekoa dan interbentzino bat dakar, Carpinteros deitua. Parkeko okilen ahots desbardinak grabau eta behaketa eta artxiboko materiala berreskuratuz, Isasik pieza performatibo bat sortuko dau –koreografia eta musikea–, agertoki natural batean irudikatu eta bideoan grabauko dana.

Memorias de azufre y sal da Anabel Quincocesen (1968) proposamenaren izena. Kuartangoko Bainuetxeko ur sufretsuak eta Gatz Haraneko ur gaziak, eta, zehatzago, hareetan bizi diran mikroorganismoak, hartzen ditu izenak gogoan. Quincocesek eskultura-multzo bana egingo ditu Bainuetxearen kanpoan eta barruan, eta Gatz Haraneko zenbait solotan, barriz, beirazko hainbat eskultura ipiniko dira.

Belén Cerezok (1977), azkenik, landaldeko bizimoduaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa bat dakar, Artziniegako Museo Etnografikoan egingo dauen interbentzio baten bitartez bideratuko dana: Presente continuo izeneko proiektu bat da. Proposamen honetan lurraldeko hainbat herritan harturiko argazkiak, soinuak eta bideoak izango dira, besteak beste, Artziniega, Bastida, Kuartango eta Añanako Gatzagako errealidade soziala, kulturala eta ingurumenari jagokona islatuko dituenak.

Un triángulo, 3 vértices proposamenak, gainera, proiektuak garatuko diran inguruneagazko zenbait bitartekaritza eta barriketaldi-ekimen bateratuko ditu, hitzaldiak nahiz proiekzinoak, alkarrizketak eta bisitaldi gidatuak; eta hori be balioetsi dau Batzordeak, bai sorkuntza-prozesua, bai jentaurreko aurkezpen-prozesua edegiten baititu, prozesua osorik ikusgai eginez komunidadearen aurrean, identidade artistiko nabarmen batetik abiatuta. Proiektuaren amaieran, azken erakusketa bat egingo da Kuartangon, eta hantxe agertuko da proiektua bere osotasunean, hiru artisten lanak barruan dirala. Erakusketa honen muntaketea eta antolamendua jentaurrean egingo dira.


Eskualdea 

Raisa Álava artisteak (1990) aurkeztua izan da hautatutako lehen proiektua, Sin título. Zeramikazko lantegi partizipatibo bat dakar Álavak –lehengai horregaz lan egiten dau normalean–, Amurrion, hantxe hazi baitzan eta hantxe egin baitzituan ikasketak. Batzordeak azpimarratu dau zelan planteau dan prozesu partizipatibo bat, (…) bere lan artistikoa prozesu horren emoitzearen menpean jarrita, zeramikearen berbakerea gaurko garaira ekarteaz gan.

Oihane Amurrio (1996) da El cuerpo traumado en un espacio proiektuaren egilea. Bastidako herriko familiaren baratzea hartuz gunetzat, haregaz lotura personal estuak baititu, hausnarketa-lana egingo dau astebetez artisteak, irudiak eta soinuak erregistrauko ditu eta barriketan ibiliko dira herriko hainbat personagaz. Ekintzok erakusketa baten abiapuntua izango dira, eta erakusketa horretan islatuko ditu espazioaren (nire baratzearen) kartografia batzuk, eta, aldi berean, nire gorputzarenak. Batzordeak balioetsi dau prozesu esperimental [hori], gomutatik eta neure esperientzia personaletik abiatzen dana (…), komunidadea, gorputza eta paisajea alkarregaz lotuz.

Azkenik, Gidaliburua da hautatutako hirugarren proiektua, Mario Paniegorena (1978). Artista arabarra azken urteotan egiten dagoan lanaren –Manual de instrucciones– proposamen barriak aurkeztuko ditu. Paniegoren eguneroko bizitzako gidaliburu barriek parte-hartzaileen ekarpena izango dabe, hainbat eskola-lantegitan. Batzordeak, hain zuzen be, oso gogoan hartu dau testuinguru sozialakazko alkarrizketa-proposamena sorkuntzearen prozesuaren parte dalakoan, barrikuntza edo gomutea lako alderdiak lantzeko, eta ondoren espazio publikoan garatzeko.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu