UPV/EHUko ikasleen % 85ek prestakuntzeari lotutako lana dauka

Bizkaie! 2019-07-16 11:36   Kulturea

Inkestea erantzun daben personen eretxiz, prestakuntza akademikoa oinarrizko elementua izan da laneratzeko prozesuan.

Euskal Herriko Unibersdadeko (UPV/EHU) ikasleen laneratzeari buruzko azken inkesteak, 2015eko promozimoko ikasleenak, honako hau erakusten dau: ikasleen % 85ek prestakuntzari lotutako lana dauela (bere lanbide-gaikuntzari jagokon enplegua), titulazinoa eskuratu eta hiru urtera. Eta lau ikasletik hiruk aldi berean graduko ikasketetara erabat egokitzen dan lana topau dabe.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibersidadeko errektoreak Lanbidek eginiko landa-lan horren emoitzak aurkeztu ditue. Lanbidek inkesta bidez aztertzen dau urtero hiru euskal unibersidadeetan (UPV/EHU, Deusto eta Mondragon) titulua lortzen daben 10.000 personen laneratzea. Titulazinoaren hiru urte geroago egiten dau, izan be, haren erispideen arabera, nahikoa denpora da lanbide-karrera bat sektore edo lanbide zehatz batera bideratzeko.

Unibersidadeko promozinoakaz batera, lanbide-heziketa arautuak eta enplegurako edo okupazinorako prestakuntzak –azken hori zuzenean kudeatzen dau Euskal Enplegu Zerbitzuak– eratutako Lanbide Heziketearen sistemako beste 16.000 personari inkestea egiten deutse, urtero, Eusko Jaurlaritzeak, euskal hezkuntza-sistemearen ate natural bietatik lan-merkatura doazen personen laneratzeari buruzko adierazle nabarmenenak ezagutzeko.

UPV/EHUko errektorea pozik agertu da, honako emoitza honeengaitik: krisi ekonomiko oso gogorra gainditu dogu. 2015eko promozinoaren laneratzeari buruzko datuak positiboak dira, baina ez dogu ahaztu lanean jarraitu, besterik ez dagoala, datu horreek hobetzeko. Edozelan be, krisiaren momentu txarrenetan bere hausi ez zan printzipioa berresten da: trebakuntza akademiko hobeak lanbide-asmo handiagoak dakarz, erantzukizun handiagoa eta ordainsari handiagoa. UPV/EHUko 2015eko promozinoaren okupazino-tasea % 91,96koa da; horrek erakusten dau gure unibersidadean ikastea aukera ona dala lan-merkatura joteko.

2018aren amaieran, Lanbidek konsultea egin ebanean, UPV/EHUko 2015eko promozinoko % 87k enplegua topau eban, 6.000 persona inguruk. Beste % 7k (500 persona) jarraitzen eban lan-merkatuan lanbide-urteerea bilatzen, eta gainerako % 6a (400 ikasle) graduondoa edo beste karrera bat ikasten egoan.

Lanbakotasun-tasea % 8koa izanik, 2015eko promozinoak 2014ko unibersidade-promozinoak baino ehuneko 3,6 puntu gehiago izan dau eta 2013koak baino 16 gehiago (serieko urterik txarrena). Inkestako datuetan oinarrituta baieztatu daiteke unibersidadeko laneratzeak krisiaren aurreko aldiaren antzeko langabezia-tasak dituala, esan dau Beatriz Artolazabalek.

Enpleguari jagokonez unibersitarioen egoerarik onena prestakuntzari lotutako enpleguaren hazkundean islatzen da; 2018an % 85ekoa izan zan, lau personatik hiru beren ikasketetara egokitutako enplegu batean lanean jardutea. Zenbat eta prestakuntza handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago lana topetako eta, batez be, okupazinoen maila altuenetan sartzeko, esan dau Artolazabal sailburuak.

Beste alde batetik, 2015eko unibersidade-promozinoa lan-merkatura erraz jo eban –11 hilebete, batez beste–, eta prestakuntzeari lotutako postuetara. 2018aren amaierako enplegua eben 6.000 persona inguru horreetatik, % 20k astean 20,5 orduko lanaldi murriztuan egiten eban –% 27, emakumeen kasuan–.

Neskek lanaldi murriztuen ehuneko handiagoak ditue unibersidadeko laneratzeari buruzko inkestearen serie historikoan: Lanaldi murriztua eragozpen bat da bizitza-proiektu personala eta familiarra osotasunez garatzeko, eta horregaitik gabiz handicap horreei aurre egiteko lanean, nabarmendu dau Artolazabal sailburuak.


Laneratzea zehazten daben faktoreak

UPV/EHUko errektoreak esan dauenez, Inkestea erantzun daben personen eretxiz, prestakuntza akademikoa funtsezko elementua izan da laneratzeko prozesuan. Lehenengo eta behin, graduko titulazino espezifikoan eragiten dau, baina baita izakera akademikoko beste jarduera batzuetan be, besteak beste, unibersidade-praktiketan, graduondoren bateko espezializazinoan edo atzerriko hizkuntzen ezagutzan.

Gogoetak konpartidu dituan kolektiboaren % 42ren eretxiz, alderdi akademikoak erabagigarriak izan dira ondoko arrazoiakaitik: aurretiko lan-esperientzia (% 31), gizarte-ingurunea eta ezaugarri personalak (% 31) edo prestakuntza osogarria (% 27). Inkestea bete daben personen % 5ek subertea aitatu dau, euren kasu zehatzeko faktore garrantzitsu lez.


Hizkuntzen erabilerea

Errektoreak euskerearen edo ingelesaren lanbide-erabilereari buruzko datuak eskaini ditu, ezagutza-eremuen arabera. Inkestea egin daben personetatik, % 66k Gizarte Zientzietan egunero euskerea erabiltaen dauela adierazo dau, % 55ek Giza Zientzietan, % 47k Zientzia Esperimentaletan, % 43k Osasun Zientzietan, % 31k Tekniketan eta % 30ek Zientzia Ekonomiko-Juridikoetan.

Ingelesa dala eta, honako honeek dira emoitzak: % 39k Tekniketan egunero ingelesa erabilten dau, % 33k Zientzia Esperimentaletan, % 32k Giza Zientzietan, % 25ek Zientzia Ekonomiko-Juridikoetan, % 18k Gizarte Zientzietan eta % 7k Osasun Zientzietan.

Datu horreek honako hau berresten dabe errektorearen eretxiz: zuzen dabil UPV/EHU nazinoartekotzearen aldeko apustuan; horrek hizkuntza eta kultura-dimensinoa be badau eta, beste alde batetik, gure unibersidadearen izakera euskalduna haren identidadearen balio osogarria izateaz gan, benetako gizarte eta lan-beharren araberako erantzuna be badala berresten dau.


Batez besteko soldatak

Prentsaurrekoan beste gai bat be aztertu da, UPV/EHUko ikasleen titulazinoa lortu eta hiru urtera eskuratzen daben soldatearen ebaluazioa. Zehatz, batez besteko soldata garbiak (lanaldi osoan), ezagutza-arloen arabera, ondokoak dira: Zientzia Esperimentalak, 1.290€; Zientzia Ekonomiko-Juridikoak, 1.420€; Gizarte Zientziak, 1.448€; Giza Zientziak, 1.480€; Teknikak, 1.677€; eta, azkenik, Osasun Zientziak, 1.795€.

2018ko Laneratze Inkestan agertzen dan jokereak hobekuntza argi bat erakusten dau azken urteetan, izan be, lortutako enpleguan, 2006ko promozinoan zifrarik onena lortu zan: % 89; 2011n, % 79; eta orain barriro gorantz: % 85,22.

Hileko batez besteko soldateari jagokonez, 2006an 1.538 eurokoa zan; 2009an, 1.493 eurokoa; orain, 2015eko promozinoan, 1559,72 eurokoa da. Barriro be 2006kotik gora. Lanaldi murriztuan, 2006an % 12koa zan; 2010ean % 28ra igon zan; eta 2015eko promozinoan % 21,30ean dago. Enpleguagazko gogobetetasun globalari jagokonez: 2006an % 6,1ekoa zan; 2009an, % 7,0koa; eta 2015ean, % 7,30ekoa. Jokera ona.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu