Euskerea ume eta gazteen artean sustatzeko dinamika barria abian jarri dabe
2019-07-15 12:07 Euskerea berbagaiMingainak jantzan proiektuari esker, erabilerea sustatzeko estrategia eraginkorrak aplikau ditue.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Mingaina jantzan proiektuaren fase barria aurkeztu dau gaur, ume eta gazteen artean euskerearen erabilerea sustatzeko asmoz. Ikerketa soziolinguistikoan oinarritutako proiektu honen bitartez, urte biko tartean euskerea bultzatzeko estrategien eraginkortasuna aztertu dabe ume eta gazteen udalekuetan, ondorio eta irakaspen zehatzak gogoan hartuta. Uda honetan lehenengoz eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzeari esker, ikasitakoa apliketan hasi dira lurralde honetako udalekuetan.
Proiektu honen fase barria Eusko Jaurlaritzako Donostiako egoitzan aurkeztu dabe, eta bertan izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako sailburuordea; María Jose Telleria, Gipuzkoako Kultura zuzendaria; eta Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Bardintasuneko zuzendaria. Eurekaz batera izan da Iñaki Eizmendi, ikerketa soziolinguistikoa egin dauen Ebete enpresako arduraduna. Zupiria sailburuak dinamika barriaren nondik norakoak azaldu ditu: Umeak eta gazteak dira euskera gehien erabilten dabenak baina kontuan hartuta ezagutza oso altua dala euren artean, hobetzeko tarterik badago oraindino be. Mingaina jantzan proiektuaren bidez aztertu nahi izan dogu zeintzuk diran euskerea ume eta gazteen artean sustatzeko estrategiarik eraginkorrenak. Azterlan soziolinguistikoa egin da Mundakan eta Berrizen antolatutako udalekuetan eta eta orain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzinoari esker, ikasitakoa aplikau eta zabaldu nahi dogu hizkuntza ohituretan eragiteko asmoz.
Miren Dobaran sailburuordeak azaldu dauenez, aurreko urte bietako bide emonkorrari helduz, beste pausu bat emon nahi izan da, orain arteko estrategiak ohiko udalekuetan txertatuz eta aztertutako estrategiak zabalduz: Orain arteko esperientzia egoera baldintzatuetan egin da: egoera soziolinguistikoa edo etxeko hizkuntzea kontuan hartu dira. Alabaina, erispide horreek ezin dira orokortu: ezin dira EAEn udaleku gehienak holako erispideakaz antolatu. Ohiko udalekuetan estrategiak ondo apliketea behar-beharrezkoa da, askotan euskerearen erabilerea bultzatzea baita udalekuen helburuetako bat, azpimarratu dau.
Garbiñe Mendizabalek, Hizkuntza Bardintasuneko foru zuzendariak, ikerketearen garrantzia nabarmendu dau: Nahitaezkoa da holako ikerketa zehatzak egitea, izan be, intuizinoak gauza edo bide batzuk erakusten baeuskuzan be, horreek baieztatzeko moduan gagoz orain, ikerketa honi esker. Hemendik aurrera erispide eraginkorragoak eta zehatzak apliketako moduan izango gara euskerearen erabilerea bultzatzeko ahaleginean.
Lehen urtea
Mingaina jantzan abian jarri zan urtean, 2017an, gaztetxuen eremu soziolinguistikoak kontuan hartu ziran taldea osotzeko orduan. Txanda bakar bat egin zan, Mundakan, eta han batu ziran Gasteiz, Barakaldo, Azpeitia, Oiartzun, Zumaia eta Gernikako ume eta gazteak. Erabilerea altua izan zala ondorioztatu zan, eremu euskaldunetako gazteen presentziak era nabarmenean sustatu ebalako euskerearen erabilerea. Gaztelania nagusi dan eremuetako gazteek esan eben inoiz baino euskera gehiago berba egin ebela eta egindako azterketearen arabera, euskerearen erabilerea % 75aren bueltan kokatu zan.
Bigarren urtea
Txanda bi egin zituen, biak Berrizen antolatutako udalekuan. Lehen txandan eremu soziolinguistikoak kontuan hartuta osotu zan taldea; eta bigarrenean, barriz, etxeko hizkuntzea kontuan hartuta. Euskerearen erabilerea handiagoa izan zan lehenengo txandan, baina pertzepzinoei jagokenez bigarren txandako emoitzak hobeak izan ziran: parte-hartzaileen gehiengo batek inoiz baino euskera gehiago erabiliebala autortu eban.
Era berean, urte bietan euskerea sustatzea helburu daben zenbait estrategien eraginkortasuna neurtu eben:
Oinarrizko estrategiak: Hezitzaileek jarrera aktiboa hartzen dabe ume eta nerabeen euskerearen erabilerea bultzatzeko eta erabilten laguntzeko. Euskerearen eragileak bilakatzen dira.
Programazinoan txertatu daitekezan jarduerak: Hizkuntza-olgetak, hizkuntzea erabiltea ezinbestekoa daben jarduerak edo euskereari lotutako dinamikak bultzatzen dira.
Ahobizi dinamikak: ume eta gazte batzuek ahobizi rola hartzen dabe eta euskerearen erabilereari eusten deutse hartzaileak euskerea ulertzeko kapaz diran guztietan.
Sare sozialen erabilerea: Euskerearen erabilerea indartzeko tresna aproposa izan daitekeela baieztatu da.
Ohiko udalekuetara pausua
Azkenik, urte biko lanaren ostean eta azterlan soziolinguistikoak ateratako ondorioei jarraituz, aurten beste pausu bat emon dabe ikasitakoa ohiko udalekuetara eroanez. Ohiko udalekuetan estrategiak txertatzeko ahalegin berezi bat egitea erabagi da, Ebete hizkuntza-zerbitzuen aholkularitzearen bitartez pilotaje bat eginez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila hartu-emonetan jarri da Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola Sailagaz eta Hizkuntza Bardintasuneko zuzendaritzeagaz eta Aldundiak erraztasun guztiak jarri ditu pausu hori berme osoz emon ahal izateko.
Aldundiak Zarautzen, Hondarribian, Orion eta Seguran antolatutako udalekuetan landutako estrategiak txertatzeko ahalegina egin da, baina Zarautzeko udalekuetan pilotaje moduan lanketa berezi bat egiten dabiz. Holan, udaleku guztietako arduradun eta hezitzaileakaz lan-saioak egin dira estrategiak eta prozedurak lantzeko. Zarautzeko udalekuaren kasuan, koordinatzaile eta hezitzaileakaz lan-saioak egin dira estrategiak programazinoagaz lotzeko, laguntzinoa eskaintzeko eta neurgailuak be zehazteko.
Ez da erraza Mundakan eta Berrizen ikasitakoa ohiko udalekuetan txertatzea, lan handia eskatzen dau eta zailtasunak dagoz. Esate baterako, astebeteko txandak izaten dira, eta laburregiak dira hizkuntza ohituretan eragiteko. Horrezaz gan, taldeak nahiko handiak dira eta, programazinoetan jarduera asko dagozanez, moldaketak egin behar dira hizkuntza-estrategiei lekua egiteko. Halan da be, uste dogu emoitza interesgarriak lortuko dirala. Helburuak, lehen urte honetan behintzat, ondorengo bi dira: euskerearen erabilerea indartzea eta euskerea bizipen positiboakaz lotzea, adierazo dau Eizmendik.
Gidea
Azken urte biotan landutako estrategiak eta aurtengo udalekuetan txertatu diranak gida batean jaso dira. Liburuxka hori edozeinen esku jarriko da eta ahalegin berezi bat egingo da udalekuak antolatzen dituen erakunde eta alkarte guztiek ezagutu eta erabili deien. Gidea prest dago eta edozeinen eskura, baina aurtengo udalekuetan egindako lanketearen ondorioak ateratakoan liburuxkearen zabalkundea egingo da. Holan, hiru urte honeetako lanketan ikertutakoa eta ikasitakoa danon eskura egongo da, zehaztuz zeintzuk diran estrategiarik eraginkorrenak euskerea ume eta gazteen artean sustatzeko, bai eta zer hartu kontuan horreek behar bezela erabilteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!