UPV/EHUk Adimen Artifizialeko gradu bat eskainiko dau

Bizkaie! 2019-07-15 08:10   Kulturea

Informatika Fakultadean emongo da 2020-2021 ikasturtean.

Euskal Herriko Unibersidadeko Gobernu Kontseiluak Adimen Artifizialeko gradu barri bat emotea onartu dau. Gradua 2020-2021 ikasturtean hasiko da emoten, Donostiako Informatika Fakultadean. Gradu berriak 240 kreditu izango ditu, eta 40 plaza. Gaur-gaurkoz estaduan ez dago antzeko proposamenik graduen artean, baina bai graduondokoen artean,izan be, Adimen Artifizialeko hainbat master proposamen dagoz.

Adimen Artifizialeko Gradu barriak, datuen zientzia eta injinerutzeariburuzko ezagutzak eskaintzeaz gan, beste interes arlo batzuk be hartuko ditu, berbarako, robotikea, hizkuntzearen prozesamendua, konputagailu bidezko ikusmena, optimizazinoa, eta sistema adituak. Bestalde, Informatikearen Injinerutza Graduko ikasleen antzera, Adimen Artifizialeko ikasleek hainbat irakasgai ingelesez egin ahal izango ditue, eta nazinoarteko mobikortasunerako programen eskaintza zabalean parte hartzeko aukerea izango dabe.

Azken urteetan, informazinoaren teknologien eboluzinoagaz batera, abiadura handiko komunikazino lerroak eta biltegiratzeko ahalmen handiak heldu dira, baita prestazino gehiago eta potentzia handiagoko gailu gero eta txikiagoak be. Gure etorkizuna moldatzera datozen iraultza guztien artetik, adimen artifizialarenak izango dau, segurutik, eragin gehien, izan be, errotik aldatuko ditu gure ohiturak, gure sinismenak eta gure jarduteko modua gizartean. Adimen artifizialeko teknikak aplikagarriak dira gizarte eta lan bizitzearen ia arlo guztietan.

Adimen artifizialak aplikazino zuzena dauka Euskadiko espezializazino adimendunaren arloetan, eta, Euskadi 2020 estrategian jasota dagoan moduan, espezializazino adimendunak ezagutzan oinarritutako ekonomiara heltzeko pausuak emotea ahalbidetuko deusku; hau da, ezagutzea eskatu, maila ekonomikoan balorau eta sortuko dauen gizarte batera. Informatika Fakultadeko dekano Alexander Mendibururen eretxiz: Adimen Artifizialak erronkei erantzuten lagunduko deusku hainbat arlo garrantzitsutan, esate baterako, Biozientzietan, Energian eta Fabrikazino Aurreratuan. Horretarako prestakuntza handiko profesionalak behar ditugu; Adimen Artifizialeko gradua martxan jarteagaz batera, Euskal Herriko Unibersidadeak behar garrantzitsu horri erantzuten deutso.

UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak honako hau nabarmendu dau: Gradu barri honek gure unibersidadeko tituluen mapeari egiten deutson ekarpena erabagigarria da. Adimen Artifiziala gure garaiko erronka teknologiko eta intelektual handietako bat da, eta haren protagonismoa etenbarik hazi da azken urteetan. Adimen Artifizialeko graduak abangoardiako ikerketearen arlo batean kokatuko dau UPV/EHU, eta, horrezaz gan, estaduko eta Europar Batasuneko txostenetan adierazoten danez, diziplina horretan graduautako personen enplegagarritasun mailea handia da, eta langile kualifikatuak behar-beharrezkoak dira.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu