Bilboko Guggenheimek 'BBK Jazz Guggenheim Gauak' eskainiko ditu Aste Nagusian
2019-07-11 11:53 MusikeaHitzorduak abuztuaren 20tik 23ra izango dira,
2019ko Aste Nagusiak jazzaren zaleak batuko ditu beste behin be BBK Jazz Guggenheim Gauak festibalean. Abuztuaren 20tik 23ra, Museoko Atrioak estaduko nahiz nazinoarteko musikari garaikideen emonaldiak hartuko ditu; gainera, publikoak aukerea izango dau erakusketak bisitau, eta gauez kopa bat hartzeko, 23:15etik 02:00etara.
BBK Jazz Guggenheim Gauak abuztuaren 20an hasiko dira, New Yorkeko jazz eszenako pianista onenetako baten eskutik: Michael Kanan. Haregaz batera izango dira Guillem Arnedo bateria eta Dee Jay Foster kontrabaxu-jotzailea. Michael Kanan Bostonen jaio zan, Massachusetts estaduan, eta 1991n New Yorkera joan zan. Han hasi eban bere ibilbide profesionala, Kurt Rosenwinkel, Mark Turner eta Jorge Rossy lako musikariakaz joten eta grabetan. 1996an Jimmy Scott abeslari ospetsuaren taldean sartu zan, eta 2001ean jazz garaikideko abeslaririk ezagunenetakoa dan Jane Monheit-en laguntzaile eta moldatzaile moduan hasi zan.
Abuztuaren 21ean, Lucía Pulido eta Miguel Pintxo Villar izango ditugu. Juan Pablo Balcazar kontrabaxu-jotzaileagaz eta Juan R. Berbin bateriagaz osotzen dauen hirukotea aurkeztuko deusku Lucía Pulidok. New Yorken bizi dan abeslari kolonbiarrak Miguel Pintxo Villar saxofoi-jotzaile nafar handia izango dau artista gonbidatu. Ahots indartsua dauen abeslariak Kolonbiako genero tradizionalak interpretauko ditu, besteak beste, Kostalde Atlantiarreko cumbia eta bullerenge-a, Pazifikoko currelao-ak, ekialdeko Los Llanos eskualdeko joropo-ak, edo Kolonbiako behizainen kantuak.
Abuztuaren 22an, eguenean, Itxaso euskal kantariak bere laukote-formatuko azken proiektua aurkeztuko dau Guggenheim Bilbao Museoko Entzungelan. Nazinoarteko sona daben hiru musikari ditu bidelagun: Daniel Pérez gitarristea, Gorka Benítez saxo-jotzailea eta Borja Barrueta bateria getxoztarra. Itxaso euskal jazz munduko ahotsik finkatuenetakoa da, eta hainbat taldegaz lan egin izan dau: Luis Canal, Joan Monné, Albert Sanz, Iñaki Salvador, Gonzalo Tejada, Jon Urrutia, Tereza Zabalza, Gontzal Mendibil, Amaya Uranga, Kepa Junkera edo Diego Vasallo, besteak beste.
Azkenik, abuztuaren 23an, Myriam Latrece abeslariak Quiero Cantarte disko barria aurkeztuko dau nazinoarteko musikariz lagunduta: Pablo Martin Caminero kontrabaxu-jotzailea, Michael Olivera maisu kubatarra bateria joten, eta estilo ezbardinetan ibilitako Marco Mezbilduma mestizoa ekarriko deusku, eta miresten dituan artistek, esate baterako Lole y Manuel, Serrat, Djavan eta Camarónek, bere abeskeran itxitako arrastoak agirian itxiko dau.
BBK Jazz Guggenheim Gauak festibaleko publikoak aukerea izango dau Museoaren programazino artistiko erakargarriaz gauez gozetako; honako erakusketak topauko ditue: Jenny Holzer. Zera deskribaezina; Atzera begira: Giorgio Morandi eta Antxinako Maisuak; Lucio Fontana. Atarian; Jesper Just: Ikuskizun izengabe hau. Data horreetan, aukerea izango da Artea ikasbide erakusketea bisitetako, hau da, EAEko ikastetxeetako ikasleek egindako artelanen hautaketea.
Sarrerak eta informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!