Euskal Soziolinguistika Jardunaldiak Euskaraldiaren emoitzak eta eraginak aztertuko ditu
2019-07-11 09:39 Euskerea berbagaiEuskaraldia aztergai izenburupean, Tolosan da hitzordua, urriaren 9an.
Eusko Jaurlaritzearen enkarguz eta beste hainbat erakunde publikoren babesagaz, Soziolinguistika Klusterrak ikerketa bat egin dau Euskaraldiaren inguruan. Teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak erabiliz ikertu da parte-hartzaileen hizkuntza-ohituretan izandako eragina, bizipenak, antolakuntzeagaz lotutako eretxiak eta beste hainbat elementu. Irailean kaleratuko dira ikerketearen emoitzak eta urriaren 9ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia horreetan sakontzeko eta interpretetako aukerea izango da.
Euskaraldiaren arlo ezbardinei buruz egin diran beste ikerketa batzuk ezagutzeko, argitaratutako emoitzetatik aurrera begirako ikasgaiak alkarregaz lantzeko eta zenbait adituk egiten daben irakurketea entzuteko modua izango da.
Euskaraldia euskerearen bizibarritzeari begira martxan jarritako ekimen barritzailea eta zabala izan da. Milaka herritarrek zuzenean parte hartu dabe hizkuntza-ohituretan eragiteko ariketa sozial erraldoian. Hamarnaka erakunde, alkarte eta batzorderen arteko alkarlanari esker izan zan posible ekimena.
Emoitzak mahai gainean jarri eta hobekuntzarako ikasgaiak zabaltzeko helburua hartuta, soziolinguistikan dabizen ikerlari eta teknikariei, erakunde publikoetako arduradun eta langileei, euskalgintzako dinamizatzaile eta aktibistei zein euskaltzale eta herritar danari zabalik dago Jardunaldian parte hartzeko gonbidapena. Egitarau osoa eta izena emoteko aukerea irailean zabalduko dira.
Soziolinguistika Klusterra euskerea bizibarritzeko ikergunea da. 2004an sortu eben eta ordutik, ikerketa-esperientzia, harreman-sarea eta ezagutzea sortu eta metatzen joan da. Helburua da ezagutza soziolinguistikoa sortzea eta kudeatzea euskerea bizibarritzeko prozesuaren erronka, interes eta beharrei erantzuteko. Horretarako bazkide, erakunde publiko, gizarte eragile, zientzia eragile eta bestelakoakaz alkarlanean proiektuak bideratzen ditu, ezagutza teorikoaren eta arlo aplikatuaren arteko zubiak eregiz.
Gauzak holan dirala, datorren urteko zemendiaren 20tik abenduaren 4ra egingo dabe Euskaraldiaren bigarren edizinoa. Euskeraz berba egiteko aukerea emongo daben gune, egoera eta espazioak sortu nahi ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!