'Erraldoiak /Gigantes /Giants' liburua aurkeztu dabe Bilbon
2019-07-10 12:58 KultureaÁlex Orberen ilustrazioak eta Begoña Elorrieta idazlearen testuak dagoz argitalpenean.
Erraldoiak/Gigantes/Giants liburuaren aurkezpena izan da gaur Bilboko Euskal Museoan, Andoni Iturbe, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria; Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia; Itziar Urtasun, Bilboko Udaleko Jaietako zinegotzia; Sorkunde Aiarza, Euskal Museoko koordinatzailea; eta Begoña Elorrieta eta Álex Orbe, liburuaren egileak bertan zirala.
Argitalpen hau Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratzen dauen Ipuinak bildumako hirugarren liburua da. Bildumea 2017an sortu eben, eta, hiru hizkuntzatan —euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez—, Bizkaiko herri kulturako, mitologiako edo folkloreko eta Bilboko Aste Nagusian holako garrantzia daben personaiak hurreratzeko helburua dauka. Lehenengoa Gargantuari buruzkoa izan zan, Gargantua txapeldun izenekoa. Mikel Gil Sojok idatzi eban eta Andrea Alonso Vargasek egin zituan ilustrazinoak.
2018an, Marijaia argitaratu eben, Bilboko jaietako erreginari buruzko lana. Idoia Barrondok idatzi eta Nuria Hacherenak ziran ilustrazinoak. Erantzun handia izan eban Bilboko jaietan.
2019an, personaia nagusi bakarra barik, hainbat izango dira, eta guztiz ezagunak Bilbon: Bilboko Udalaren Erraldoiak. Horretarako, Begoña Elorrieta idazlearengana eta Álex Orbe ilustratzailearengana jo eta hirugarren liburua sortu dabe. Album ilustratu honek gazte bi ditu protagonista, eta konturatu dira Euskal Museoko erraldoiak bizirik dagozala. Esangura horretan, Bilboko Euskal Museoko hainbat txoko esanguratsu, esate baterako, Klaustroa, liburuan dagoz irudikatuta. Bilboko Erraldoiak museoaren gune guztietan ibiliko dira orrialdeetan zehar, euren historia kontau eta gazteenek aukerea izan deien kontu horreek guztiak ezagutzeko.
Hiru liburuak, bakoitza 8 euroan, Bilboko Euskal Museoan (Unamuno plaza 4), Elkar dendetan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren liburu-dendan erosi daitekez. Bilduma honen ezaugarri nagusia da euskal kulturea, folklorea eta mitologia gazteei edo turistei helarazoteko balio izateaz gan, ipuin bakotxa desbardina izateko dauen helburua. Holan, ilustratzailearen eta autoreak idatzitako istorioa irudikatzeko ilustratzaileak dauen moduaren araberakoa izango da lana.
Bien bitartean, Euskal Museoan, 2019ko garagarrilaren 1etik irailaren 15era, Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak aldi baterako erakusketea dago ikusgai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!