Hemen da XIV. Bilbao BBK Live

Bizkaie! 2019-07-10 09:52   Musikea

Ehundik gora taldek joko dabe zazpi agertokitan.



Aurten be, Bilbo prest dago garagarrilaren 11n, 12an eta 13an Kobetamendin Bilbao BBK Live hartzeko. 100 artista baino gehiago etorriko dira jaialdira. Hamalaugarren edizio hau jentetsua izatea espero da eta barritasun asko egongo dira.

Kanpoaldean egiten diran nazinoarteko jaialdien artean erreferentzia da Bilbao BBK Live, eta atzera be Bilbo munduko musika panoraman kokatuko dau lan garrantzitsuari esker. Bilboko Udalak trafikoko, segurtasuneko, garbiketako eta garraio publikoko operatibo garrantzitsua jarri dau martxan. Beraz, hurreratzeko asmoa daben guztiei, ahal danik eta gehien laguntzeko eskatu deutse Udalak, beste urte batez be Bilbao BBK Live lehenengo mailako ekimen kultural eta aisialdikoa izan daiten. Kobetamendira sasoiz joatea gomendatzen dau Udalak, jentea gitxika-gitxika joatea ahalbidetu eta itxaron-denporak murrizteko, eta gogorarazo dau arratsaldeko 16:00etatik aurrera eta kontzertuak izango diran hiru egunetan zehar dobako autobusek Beyena fabrika zaharraren inguruan itxiko dituela bidaiariak —esparrutik 800 metro ingurura— eta ondoren oinez 10 minutu inguruko bidea egin beharko dabela.


Kobetamendin sartzea

Ibilgailu pribatuentzako lehenengo zirkulazino murrizketak hilaren 10ean, goizeko 11:30ean hasiko dira. Aurten, salbuespen modura, kontuan hartuta Berri Txarrak taldeak garagarrilaren 14an kontzertua emongo dauela, Kobetabidea ibilgailuen zirkulazinorako zarratuta egongo da hilaren 15eko 04:00etara arte, gitxi gorabehera, Basurtu-Kastrexana errepideko bidegurutzetik Kobetamendi eta Altamirako garagardaotegira arte.

Segurtasun arrazoiakaitik, Udaltzaingoak ordutegi horreek aldatu ahal izango ditu, jente-oldearen arabera. Ekitaldiaren antolatzaileek baimena daben ibilgailuei, garraio publikoko ibilgailuei eta baimena daben bizilagunei itxiko deutse sartzen, ez beste inori. Oinez ez eze, jai-esparruan sartzeko hainbat bide izango ditue jaialdira doazenek.


Igon aurretik sarreren ordez eskumuturrekoak hartu behar dira derrigor

Igaz bezela, aurten be jai-esparrura igon aurretik nahitaez hartu beharko da eskumuturrekoa, sarrerearen ordez.

Aurten, nobedade modura, eta Athletic Cluben laguntzinoari esker, San Mames zelaiaren barruan egokituko da espazio bat sarreren ordez eskumuturrekoak hartzeko, jaialdira bertaratzeko asmoa dabenentzako erosoagoa izango dalakoan. Espazioa hilaren 13ra arte egongo da zabalik.

Bihar hasi –eguaztenean, hilaren 10ean- eta zapatura arte eskumuturrekoak BEC! ondoan be jaso ahal izango dira. Ordutegia hau izango da: astelehenean eta martitzenean, 11:00etatik 20:00etara, San Mamesen eta bihar, eguaztena, hasi eta zapatura arte, San Mamesen eta BEC!en, 10:00etatik goizaldeko 02:00etara. Jaialdiko esparruan EZ dira sarrerak eskumuturrekoakaitik trukatuko eta jaialdiko dobako autobusetara ezin izango da eskumuturreko barik sartu, jenteari eragozpenik ez sortzeko.


Dobako autobusak

Bilbao BBK Livera joateko dobako autobusak egongo dira, bai joateko, baita bueltarako be. Joatko autobusak BECetik (Barakaldo) aterako dira, Ansio izeneko metro-geltoki ondotik –bertan 3.500 aparkaleku egongo dira- eta San Mames ingurutik -zehatz Basurtuko Kaputxinoen kalearen amaieran, BAMI eraikinaren atzean (Ogasuna-ETB).

Autobusak etengabe egongo dira joan-etorriak egiten hilaren 10eko (eguaztena) 12:00etatik 14ko (domeka) 12:00ak arte, eta zerbitzuaren maiztasunak aldatu egingo dira eskariaren eta aurreikusitako beharren arabera. Jaialdiak irauten dauen egunetan, 16:00etatik aurrera, gitxi gorabehera, Beyena fabrika zaharraren inguruan geldituko dira, eta hortik aurrera 800 metro oinez egin beharko dira esparrura heltzekio.


Metroko zerbitzu bereziak

Bilboko Metroak hilaren 11ko eta 14ko gauetan (eguena eta domeka) zerbitzu berezia jarri dau 23:00etatik 03:00etara bitartean, Kobetamendiko kontzertuetara doazenak etxera bueltau daitezen. Barikuan eta zapatuan gau osoan ibiliko da metroa.

Informazino gehiago: Jaialdiaren webgunean, facebook-en eta twitter-en, eta jaialdiko dobako aplikazinoa behera kargauta (erabilgarri dago Androiderako eta Applerako).

Bilboko Udalak ostalaritzako lokalak zarratzeko ordua luzatzea erabagi dau:

- Bilbao BBK Live Jaialdian, hilaren 11n, 12an eta 13an.
- Aste Nagusian, abuztuaren 17tik 25era.
- HALLOWEEN gauean, urriaren 31n.
- BIME jaialdian, zemendiaren 1ean eta 2an.
- Gabonen aurreko garaian, abenduaren 13an eta 14an.
- Gabonetan (abenduaren 19tik urtarrilaren 5era, abenduaren 22ko eta 29ko domeketan eta urtarrilaren 1ean izan ezik).

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu