Catherine Davidek zarratuko dau Komisariotzearen Sinposioa Bilbon
2019-07-09 09:19 Kulturea1977-2017 urteen artean izandako erakusketa zehatz batzuk aztertuko ditue hilaren 9an eta 10ean.
Orain arte, topaketa bi izan dira: lehenengoa, Atarikoaren formatuan, eta bigarrena, 1977-1987 urteen arteko hamarkadeari eskainia. 2019ko garagarrilaren 9an eta 10ean izango dan topaketan, 1987-1997 hamarkadako kasuak aztertuko ditue parte hartzeko modalidade barria egongo da hitzorduan, izan be, komunikazinoen bidezko nazinoarteko deialdian hautatu zituan Azkuna Zentroak, Bulegoa z/b ekimenak eta Euskal Herriko Unibersidadeak eratutako hautapen-batzordean.
1987-1997 aldiko urteetan, hurrengo hamarkadetan eragin bizia izan eben aldaketa batzuk izan genduzan, izan be, 1989an Berlingo harresia apurtu ondoren izandako berrantolamendu geopolitikoa etorri zan eta, ondorioz, ideologiaren amaierearen aldarrikapena, globalizazinoko prozesuen azkartzea, HIESAk eragindako krisia...
Artearen arloan be aldaketen prozesu hori nabarmen sentidu zan, esate baterako, 1980ko hamarkadearen amaieran, arte garaikidearen eztandea. Jazoera horren bereizgarri lez, bizirik egozan artisten artelanen merkaduko balioa igon zan, eta arte garaikideko museoak, bienalak eta erakusketa handiak ugaldu egin ziran mundu osoan. Bestalde, artearen eztandeari lotuta, museoko instituzinoak ardatz izango dira, uriaren eredu ekonomiko barria turismoa erakarteko indar lez antolatzeko.
Euskal Herriari jagokonez, hamarkadearen hasieran, Arteleku jarri eben abian 1987an, Donostian; eta hamarkadearen amaieran, barriz, Guggenheim Bilbaok zabaldu zituan ateak, uriaren eredu global barri bati hasierea emon eutson museoa.
Egitaraua
Garagarrilak 9
17:00: Aurkezpena: Fernando Pérez, Azkuna Zentroko zuzendaria, eta Bulegoa z/b.
17:30: Aimar Arriola: Urrutitik (txarto) ikustea: GIB/Hiesaren krisia barrikusten.
18:30: Rachel Weiss: Eskualdeko globalismoa: zelan birzehaztu eban eztabaidea Habanako bienalak.
19:30: Joaquín Vázquez: El Sueño Imperativo eta Plus Ultra (Aginduzko ametsa eta Plus Ultra). Praktika artistikoak eta azpijoko politikoak 1992. urtearen inguruan.
20:30: Barriketaldia.
21:00: Hasiera-ekitaldiko ardaoa.
Garagarrilak 10
11:00-14:00: Komunikazinoak.
17:00: Aurkezpena.
17:30: Ines Schaber: Uri-interbentzinoak.
18:30: Corinne Diserens: Puente de pasaje (Bilbo), mende lauren bat igaro ondoren.
19:30: Catherine David: Documenta X (1997) komisarioagaz elkarrizketea.
20:30: Barriketaldia.
Catherine David
Parisko Arte Modernoko Museo Nazionaleko, Georges Pompidou Zentroko zuzendariondokoa da. 2014tik gaurdaino, Ikerketa eta Globalizazino Saila zuzendu dau hor. 1982 eta 1990 urteen artean, museo horretako komisarioa izan zan, eta 1990 eta 1994. urteen artean, barriz, Parisko Jeu de Paume Galeria Nazionalekoa. 1994-1997 urteen artean, Kasseleko documenta X (1997) erakusketako zuzendari artistikoa izan zan. 1998tik gaurdaino, Representaciones Contemporáneas Árabes zuzendu dau, Bartzelonako Fundació Antoni Tàpies-en abiarazotako epe luzeko proiektua. 2002-2004 urteen artean, Rotterdameko Witte de With Arte Garaikideko Zentroa zuzendu eban. Era berean, erakusketa honeetako komisarioa izan da: ADACH Platform for Visual Arts, Veneziako Bienalaren 53. edizinoa, Venezia (2011); Hassan Sharif-en Experiments & Objects / 1979-2011 atzerabegirakoa, Qasr Al Hosn, Abu Dhabi (2011); MARWAN: Early Works 1962-1972, Beirut Exhibition Center, Beirut (2013) eta Serralves Fundazinoa, Oporto (2014); Unedited History. Iran 1960-2014, Musée d’art moderne de la ville de Paris, Paris, eta MAXXI, Erroma (2014); Dia al-Azzawi: A Retrospective (From 1963 until Tomorrow), Mathaf eta Al Riwaq, Doha (2017). Georges Pompidou zentroko zuzendariondoko legez, erakusketa honeetako komisarioa izan da, besteak beste: Wilfredo Lam (2015); Memories from the futures. Indian modernities (2017); eta Latiff Mohidin: Pago Pago (1960-1969) (2018).
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!