Euskerearen presentzia indartzeko akordioa sinatu dabe EEPk eta Euskaltzaindiak
2019-07-09 08:38 Euskerea berbagaiEuskerearen Erakunde Publikoak (EEP) eta Euskaltzaindiak 2019ko hitzarmenaren eranskina sinatu dabe. Beñat Arrabit Euskerearen Erakunde Publikoko lehendakariak izenpetu dau akordioa; Euskaltzaindiaren izenean, barriz, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Sinatu ostean, Urrutiak adierazo dau hitzarmen honek aukera barriak zabalduko dituala euskerearentzat Ipar Euskal Herrian: Garrantzitsua da guretzat Ipar Euskal Herriko erakundeakaz batera jardutea. Autortzea egiten deuskuen neurrian, guk geure baliabideak euren eskura jarten ditugu, erabil eta zabaldu deiezan. 2019ko akordio honek be helburu hori dauka, euskerea sustatu nahi dogu eta gure hizkuntzearen presentzia indartu Ipar Euskal Herrian. Eta, horrezaz gan, bertako eragileakaz batera egin nahi dogu lan hau, beti egin dogunez.
Hitzarmen honek erakunde biek alkar aditurik egin beharreko lanen nondik norakoak zehazten ditu, eta lankidetzearen ardatzak eta erakunde bakotxaren betebeharrak finkatu. Beraz, ondoko hileotan, ondokoak izango dira partaidetzearen lan-arlo nagusiak:
- Lana euskeraz egiten daben profesionalen mailea jasoteko C1etik gorako hizkuntza-prestakuntzako moduluak antolatu ahalko ditu EEPk Euskaltzaindiaren laguntzinoagaz.
- EEPk Euskaltzaindiaren hizkuntza-baliabideak eskainiko ditu era bereizgarrian bere webgunean.
- Euskaltzaindiak toponimian trebatuko ditu euskerazko toponimiaren eta horren grafiaren arloan lan egiten daben profesionalak.
- Hiru lan argitaratuko ditu Euskaltzaindiak 2019an: Eñaut Etxamendiren obra narratiboa (1964-2011); Euskal Literaturearen Antologia II: Errenazimendutik ilustrazinora; eta Adrien Gachiteguyren Laborantzea. Laborantzatik hobeki biziteko.
Aspaldiko alkarlana
2008ko urtarrilaren 24an izenpetu eben erakunde bien arteko lankidetzea garatzeko eta egituratzeko tresna baliogarria. Bigarrena 2014ko maiatzaren 20an sinatu eben, eta hirugarrena 2017an. Bestalde, urtero-urtero, hitzarmen orokorrari lotutako ekitaldiko gehigarria edo eranskina izenpetzen dabe. Hitzarmen-esparru horreen jarraipen eta azken urteotako lanen balorazino baikorra egin ostean, indarrean dan partaidetzea egonkortzeko gogoa berretsi dabe partaide biek 2019rako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!