Mertxe Mugika: 'Ikasi, erabili eta eginarazo, horrexek dira botikarik onenak'.
2019-07-15 08:20 BarriketanAEK-ko koordinatzailea.
Mertxe Mugikak koordinatzaile nagusia izateari itxiko deutso urrian. Hamairu urteko ibilbide oparoa egin dau AEKren koordinazino nagusian, eta, hemendik aurrera, beste zeregin batzuetan ibiliko da AEKren barruan. Nafarroako AEK-ko koordinatzaileak ordezkatuko dau Mertxe Mugika, aurtengo Batzar Nagusiak oneretxia emon ondoren. Irailaren 3an, Gasteizen, biek hartuko dabe parte 2019-2020 ikasturteko aurkezpen-agerraldian eta urriaren 1etik aurrera, Alizia Iribarren hasiko da AEKren koordinazino nagusian.
Mertxe Mugikak urte honeetan guztietan bizitako gorabeherak, burukominak, momentu on eta txarrak zein bihar-etzirako egitekoak jorratuko doguz orain.
1.- Hasteko zorionak urteotan egin dozuzan lanakaitik. Hamairu urteko ibilbidean, burukominak, gorabeherak eta momentu txar eta onak pilatuko zenduzan. Onenen artean, ze mugarri nabarmenduko zeunke?
Asko. Momentu onak gogoratzeko jokerea daukat eta, beraz, horrexen barri emongo deutsut. Ohorea da niretzako AEK lako erakunde bateko koordinatzailea izatea eta pozarren nago. Ganerakoan, kalean jentea euskeraz berbetan entzuten dozunean edo besapean AEKren karpeta bat daroala bateren bat ikusita asko gozetan dot, euskaltegiotan egindako lana hortxe dagoalako.
Azken Korrikan be momentu ederrak asko izan dira, inoizko jentetzarik handiena, Gasteizko amaiera zoragarria, Maialen Lujanbioren berbak, euskerearen geroa bermatzeko ekimen transbersalak edo zeharkakoak behar diralako.
Bestetik, AEK-k oinarri dauen alkarlana nabarmenduko deutsut; ez daukat ahaztuteko aurtengo Korrikan Santiago zubiko irudia, euskalgintzako eragile nagusiak alkarregaz eta lekukoa batera hartu genduaneko momentua. Herrigintzea, alkarlanean, danon ahalegin eta pasinoagaz. Erretratu horrek mesede handia egingo deutso euskereari eta etorriko diran ekitaldietarako.
2.- Giro politiko eta sozialean izandako aldaketok be bizi izan dozuz. Euskerearen onerako izan ete dira?
Onerako, duda barik. Hamairu urte egin dodaz koordinatzaile zereginetan eta krisi sasoia ez eze, euskerea politekeagaz nahastetea be bizi izan doguz. Orain, barriz, egoerea asko lasaitu da, danok irabazi dogu eta, salbuespenak salbuespen, gogo eta indar handia dago gauzak egiteko, ez bakarrik euskerearen arloan.
3.- EGAri agur esan deutsagu oraintsu eta CI titulua izango da eskuratu beharrekoa aurrerantzean. Bildurretan ei dagoz ikasleak...
Ez. Aldaketea baino gehiago tituluen saltsea ordenau behar zala pentsetan dot. EGA totema izan da, euskaldun izateko beharrezko agiria, ganerako hizkuntzakaz be pasetan dan moduan, titulurik ez badaukzau ez zara inor baina hori ez da jarrera zuzena, erabilerea da kontua. Tituluak ondo dagoz, sano lagungarriak dira baina euskereak erabiltzaileak behar ditu.
C1, barriz, Europako Marko Kurrikularraren barruan dago eta nahikoa berme da hori; ez da EGA baino gatxagoa edo errazagoa izango.
4.- Hamairu urteotan makinatxu bat anekdota edo pasadizo biziko zenduzan. Bat ona eta bestea ahaztuteko modukoa eskatuko deutsudaz...
Ekarpenik ez dabelako egiten txarrak ahaztuteko jokerea daukat baina izan dira, zelan ez, euskerea eta AEK zurrunbilo mediatikoan sartu izan dabenean, euskeraz jakiteko derrigortasunari aurre egiten saiatu diranean, guzurrak entzun doguzanean eta holako egoera batzuetan.
Anekdota positiboak edo oso gustora bizitako momentuak, barriz, piloa izan dira: ahaleginaren ondoren, beharrean zereginek ondo urtetan deutsuenean, ez daukadaz ahaztuteko Klika Korrikako momentuak, jentearen konpromisoa eta parte-hartzea, lehen be esan deutsut Irun eta Hendaia lotzen dituan Santiago zubian idea eta jarrera ezbardineko ordezkariak batera eroatea lekukoa, mundu zabalean izan dogun indarra, 100 urteko emakumea lekukoa eroaten...
5.- Hemendik aurrera beste zeregin batzuetan ibiliko zara AEKren barruan. Zertan?
Lana badago egon eta gusto handiz egiteko prest nago. Datorren ikasturtea, nire jarduerearen zati bat Alizia Iribarreni laguntzeko erabiliko dot; Nafarroan koordinazio lanak egin ditu orain arte eta badaki ondo lanak kudeatu eta helburuak zehazten.
Ganerakoan, Euskaraldiaren bigarren edizinoa be badator, norbanakotik kolektibora, hiruzpalau egun gehiago izango dituana, 2020ko zemendiaren 20tik abenduaren 4ra izango dalako eta leitekeana da AEK-ko euskaltegien harian eta proiekturen bat aurkeztea baina aurten, urrian, Euskal Soziolinguistika Jardunaldiak Euskaraldiaren emoitzak eta eraginak aztertuko ditu eta egongo da zeregina.
Gainera, irakaskuntzeari ekitea be ez dot baztertzen, didaktika arloan asko aurreratu bada be eta trebakuntzea beharko neuken arren. Horrezaz gan, neure eskualdera bueltauko naz Durangaldera, badaukat gogoa.
6.- Uda ostean, Alizia Iribarren hasiko da AEKren koordinazino nagusian. Nor da Alizia Iribarren?
Baztanen jaioa, Erriberan hazi eta bizi da, Nafarroatik dator eta ia ibilbide osoa AEK-n egin dau; etxea ondo ezagutzen dau, zortzi urte daroaz Nafarroako koordinazino lanetan eta gogotsu hartu dau zeregin hau. Lantalde handia gara, 500 lagun baino gehiago gara eta danon babesa be izango dau, alkarlanik barik ez dagoalako ezer.
7.- Euskaraldian 220.00 lagun baino gehiago batu ostean, 2020rako plana be badator, morbanakotik kolektibora eta 11 egunetik 15era. Horregaz lotuta, Arabako Lautadan Euskaraldiaren simulakroa atondu dabe urriaren 21etik 27ra. Zein da zure gogoetea?
Ederra izan zan horrenbeste lagun, milazak lagun, euskereagaz bat eginda sentidutea. Gizarte mailan egindako ariketa onenetakoa da eta bigarren etapea lehenengoa baino emonkorragoa izatea espero dot; egun gehiago izango dira eta norbanakotik kolektibora salto eginaz.
Lautadako simulakroaz be ez daukat dudarik erantzun handikoa izango dala, jentea kontzientziauta dago, konpromisoak hartzeko prest. Herri gogoa badago egon eta behar doguna da euskerearen botilea gero eta beteago ikusi, euskerea erabiliz betetan joan.
8.- Soziolinguistika Klusterrak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak alkarlanean atondu dabe Euskaraldiaren emoitzak eta eraginak aztertzeko jardunaldia Euskaraldia aztergai izenburupean. Tolosan egingo da, urriaren 9an. Ze ondorio ekarri leike Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketa potoloak?
Gauza txarrik ez. Oinarri zientifikoa izango da milazak lagun batu zituan ekimenaren ingurukoa eta pentsetan dot positiboa, lagungarria, izango dala, aurrerantzean ze bide hartu, helburuak eta zehazteko.
9.- Azken aldion erabilerea da burukomina. Zein da botikarik onena danok be euskera gehiago erabili daigun?
Magiarik ez dago. Euskerea erabili eta erabili, besterik ez da behar. Ikasi, erabili eta eginarazo, horrexek dira botikarik onenak. Baina erabilerearen ardurea ezin da jarri dakigunon bizkarrean, danok dogu erantzukizuna. Eragileei be eragitea toketan jake, konpromisoa hartu eta alkarlanik barik ez dagoala ezer nabarmenduko neuke. Ikasi, erabili eta eginarazo, horrexek dira botikarik onenak.
10.- Ze mezu emongo zeunskio Alizia Iribarreni?
Etxekoa da eta badaki ondo zer egin behar dauen. Baina esandakoetatik aparte, konpromisoa, leialtasuna, alkarlana eta zubigintzea ez ahaztuteko esango neuskio.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!