Euskerea bizibarritzen jarraitzeko bideak berbagai
2019-07-08 08:10 Euskerea berbagaiHilaren 17ko hitzorduan berrogeita hamar bat adituk parte hartuko dabe.
Gure hizkuntzeak, euskereak, aurrerakada handia izan dau azken hamarkadetan. Aurrerakada horren arrazoiak ugariak eta askotarikoak dira, besteak beste, euskerearen batasuna, euskerea erabilera-eremu barrietara eroatea ahalbidetu eta corpusa gaurkotzea ekarri dabenak; askotariko alkarte eta erakundeen aldetik eginiko lana, gizartearen parte hartzea sustatuz, euskerearen aldeko ezagutzan, motibazinoan eta erabileran ekarpen azpimarragarria egin dabenak; edo euskerearen lurralde batzuetan euskereak lortu dauen ezagutzea, bai eta herri-erakunde batzuetatik sustatutako hizkuntza-politika eragingarriak be.
Egun, euskerea bizibarritzen jarraitzeko, gero eta zabalduago dago sano garrantzitsua dala pasa dan mendean kontuan harturiko jarraibideak, hona ekarri gaituenak, egoera barrira egokitzea eta gaurko zein biharko beharrizanak aurreikusiz indarbarritzea, ezagutzearen aldeko jardunetik erabilerara salto eginez, maila eta esparru guztietan. Era berean, gero eta gogoeta gehiago egiten gabiz euskalgintzea deiturikoa ekinbide eta asmo eta indar barriakaz gaurko errealidade eta beharrizan sozialetara ekarteaz.
Horren harian, Sabino Arana Fundazinoak eta Euskaltzaindiak lankidetzan, euskerea askotariko alderdietatik indarbarritzen jarraitzeko bide barriez gogoetea egiteko mintegia antolatu dabe garagarrilaren 17rako Bilbon, Sabino Arana Fundazinoaren egoitzan, goizeko 9:30etik 14:00etara. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiriak, hasierea emongo deutso jardunaldiari. Mintegi horretan, berrogeita hamar bat aditu, soziolinguista, unibersidadeko irakasle, EAEko hizkuntza-politiken arduradun eta euskalgintzako ordezkariek parte hartuko dabe.
Bingen Zupiriaren hasiera-ekitaldiko berbaldiaren ostean, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Miren Dobaranek, ondoko berbaldia eskainiko dau: EAEko herri langileak: euskerea jakitetik euskerea erabiltera. Gotzon Lobera, itzultzailea eta Euskaltzaindiako Sustapen batzordeko kidea, moderatzaile ibiliko da berbaldiaren ondoko galderen txandan.
Geroago, Joseba Lozanok, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazinoetan Hizkuntza Normalizetako zuzendariak eta Natxo Mosteirok, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazinoetan Hizkuntzea Normalizetako Zuzendaritzako Hizkuntza Plangintzearen arduradunak, gogoetea egingo dabe EAEko toki-erakundeetan euskerearen erabilerea sustatzeko bide barriei buruz. Amaia Jauregizarrek, Euskaltzaindiko kideak eta Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoko ikertzaileak, moderatzaile jardungo dau.
Euskal kultugintzeari jagokonez, Jon Sarasuak, Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko irakasleak, gogoetea egingo dau Euskalgintzearen bide barriez. Erramun Osa, euskaltzain urgazlea, Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko idazkaria eta mintegi honen koordinatzailea, moderatzaile ibiliko da.
Horren ondotik, Estibalitz Alkortak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskerea Sustatzeko zuzendariak, eta Euskaraldiaren koordinatzaileak, Arrate Illarok, ekimen horren ezaugarri eta aurrera begirako arloak aurkeztuko ditue. Ez ahaztu Euskaraldiaren bigarren edizinoa 2020ko udagoienean egingo dala. Kike Amonarriz soziolinguistak jardungo dau moderatzaile.
Amaitzeko, mahai-ingurua eskainiko da euskereak aurrera egiten jarraitzeko bideez gogoeta egin deien hizkuntza-esparruko eragileek. Mahai-inguruan, ondokoek parte hartuko dabe: Mertxe Mujika, AEK-ko koordinatzaile nagusia; Iban Arantzabal, Goienako zuzendari nagusia; Sagrario Aleman, euskaltzaina eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko burua; Koldo Tellitu, Euskal Herriko Ikastolen Alkarteko lehendakaria; Lurdes Imaz, EHIGEko koordinatzailea; eta Josu Waliño, PuntuEus Fundazinoko zuzendaria; Mikel Irizar euskalgileak, barriz, moderatzaile lanak egingo ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!