Umeen gaitasun narratiboak lantzeko tresna egokia dira marrazki bizidunak

Bizkaie! 2019-07-08 09:41   Kulturea

Balioak eta kontrabalioak erakusteko, arrazoiketa morala lantzeko eta gaitasun narratiboa garatzeko erabili daitekez..

Eider Oregi UPV/EHUko ikertzailea. Argazkia: Gorka estrada | Ikusi handiago | Argazki originala

UPV/EHUko Bilakaerearen eta Hezkuntzaeren Psikologia Saileko ikerketa batean aztertu dabe zelan erabil daitekezan marrazki bizidun narratiboak eta ez-narratiboak hezkuntza formalean eta ez-formalean umeen gaitasun narratiboak, arrazoiketa morala eta balioak eta kontrabalioak lantzeko. Horretarako, ikertu dabe marrazki bizidunen egiturak zelan eragin leiken umeen gaitasun narratiboak eta balioak atzemoten, marrazki bizidunen informazinoa eta arreta-mailea kontrolauta.

Lehen Hezkuntzako 3. mailako (8-9 urte) eta 6. mailako (11-12 urte) ikasleen konsumo mediatikoa, gaitasun narratiboak eta marrazki bizidunetako balioen/kontrabalioen pertzepzinoa aztertu ditue UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultadeko Bilakaeraren eta Hezkuntzearen Psikologia Sailean. Ikerketeak hainbat urrats izan ditu, atal nagusi bitara batuta. Batetik, identifikau dabe ikasleek askotariko gailuak, eta batez be Internet, zelan erabilten dituen, eta gurasoek zer babes eta kontrol-estrategia erabilten dituen, zer ikuskera positibo eta negatibo dituen, eta erabilera hori kudeatzeko ze zailtasun eta erronka dituen. Horren helburua izan da bitartekaritza-programak hobeto egokitu ahal izatea, familiek, ikastetxeek eta gizarteak gaur egun bizi daben egoerearen arabera.

Bestetik, marrazki bizidunen fikzinoko edukiek transmitiduten dituen mezuak umeek zelan interpretetan eta deskodetzen dituen hobeto ulertzeko hainbat proba egin ditue eta horrene bidez, agirian geratu da marrazkien egitura narratibo edo ez-narratibo muetak badauela eragina 8-12 urteko umeek mezuok jasoteko, ulertzeko eta gogoratzeko moduan, gaitasun narratiboari eta balioen/kontrabalioen pertzepzinoari jagokenez. 'Aztertutako marrazki narratiboek ipuin klasikoen egitura dabe (sarrera, korapiloa eta amaierea), oso erraz jarraitzen da haria. Guk aztertutako ez-narratiboetan, bestalde, jazoerak ez dira testuinguru berean gertatzen, personaiak behin eta barriro aldatzen dira egunerokotasuneko ingurune batetik beste ingurune birtual batera, eta ikusleei kostau egiten jake jazoeron zergaitiak eta ondorioak ulertzea. Gainera, arretea erakarteko baliabideak, clincherrak, erabilten dira aldiro', azaldu dau Eider Oregui UPV/EHUko ikertzaileak.


Proposamen didaktikoak

Ikergai izandako edade-tarteetan audientzia handia izan daben marrazki bik bizidun muetea hautatu ditue: egitura narratibokoa, Doraemon, eta ez-narratibokoa, Lyoko kodea. Marrazkiak ikusi ondoren, 'ikasleei ikusitakoaz zer gogoratzen eben kontetako eskatu geuntsen eta, horren arabera, ikasleen gaitasun narratiboa eta eurek jasotako balioak eta kontrabalioak aztertu genduzan —dino Oreguik, ikerketearen arduradunak—. Ikasleen kontakizunak askoz luzeago eta egituratuagoak izan ziran egitura narratiboko marrazkien kasuan, eta askoz zehaztasun gehiago zituen; balioak eta kontrabalioak be oso erraz atzemon zituen. Egitura ez-narratibokoen kasuan, barriz, oso kontakizun laburrak egin zituen, nahasiak, gehienbat ekintzazko zatiei buruzkoak; eta askoz gehiago kostau jaken balioak eta kontrabalioak atzemotea'.

Ikasleek marrazkiak ikusten zituen bitartean, bestalde, zer arreta-maila eben neurtu dabe ikertzaileek, eta ikusi dabe egitura narratiboko marrazkietan baegozala arreteari deskantsua emoteko momentuak, eta ez-narratibokoetan, barriz, denpora guztian egozala ikasleak pantaileari begira. Marrazki narratiboetan, 'norberak aukeratzen dau zeri jarri arretea eta zeri ez, hau da, arreta boluntarioa da; ez-narratiboetan, ostera, arretea ez-boluntarioa da, clincherrek etenbarik erakarten dabelako arretea —azaldu dau—. Ikusleak ez dau atentzinoa kontroletan eta horrek eragin leikio jazoerak ondo ez ulertzea informazinoa aztertzeko sasoian'.

Ikertzaileak baliozkotzat joten ditu marrazki bizidun mueta biak, izan be, 'aztertutako marrazki narratiboetan balio/kontrabalio berberak agertzen dira hainbat egoeratan, eta horrek ulermena eta lanketea sustatzen dau; marrazki ez-narratiboetan, ostera, balio-/kontrabalio-mueta gehiago topau daitekez, bitartekaritzearen edo beste zenbait jarduera pedagogikoren bitartez atzemon baitaitekez, holan, egitura-muetearen eraginari aurre egiteko aztertutako edadeetan', dino Oreguik. Horregaz guztiagaz, zenbait proposamen didaktiko egin ditue ikasle, familia eta psikopedagogiako eta komunikazinoko profesionalentzat, umeen gaitasun narratiboen garapena eta balioen eta kontrabalioen hezkuntzea sustatzeko, gogokoen dituen fikzino-edukien bidez.

Ikertzaileak adierazo dau sano garrantzitsua dala marrazki bizidunak, edukien arabera sailkatzeaz gan, marrazkien narratibotasun-mailearen edo egitura-mailearen eta erakusten dituen balioen arabera be sailkatzea. Oreguik nabarmendu dauenez, 'marrazki bizidunak eskolan eta etxean erabil daitekez balioak eta kontrabalioak erakusteko, arrazoiketa morala lantzeko eta gaitasun narratiboa garatzeko, baina baliabide egokiak erabiliz eta edadearen araberako egokitzapenak eginez'.

Ikerketa hau lotuta dago UPV/EHUko ikerketa-proiektu handi bigaz eta ikerketa-talde bategaz: Ana Aierbe Barandiaran doktorea buru dauen 'Medioen konsumoa umezaroan, arreta mailea eta balioak atzemotea' proiektua —Bilakaerearen eta Hezkuntzaren Psikologia Saila—, Luis Lizasoain Hernandez doktorea buru dauen 'Euskal Herriko ikastetxeen eraginkortasuna: luzetarako ikerkuntza testuinguruan oinarrituta. Ikastetxe hobekuntzarako ekintzen diseinua' proiektua —Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen Saila— eta Isabel Bartau Rojas doktorearen Generoaren sozializazinoa eta hezkuntza testuinguruak – Gandere ikerketa-taldea —Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen Saila—.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu