Aitziber Omagogeaskoa: 'Gauza handirik esan barik be asko komunikau zeinke'
2019-07-08 08:17 BarriketanOma_go taldeko abeslaria.
Musika munduan hasierako pausuak The Great Barrier taldean emon arren, Oma_go taldeak bazterrak astindu ditu, izan be, oraintsu Deu Txakartegik (Was) zuzendutako I. Soinu Barriak lehiaketea irabazi dabe. Beraz, gauza asko ditugu Gorlizetik datorren talde honen gorabeherak jorratzeko.
1.- Zorionak sariagaitik Aitziber. Danetara, 95 proposamen izan dira, aurreaukeratutako 12 eta horreen artean, hiru bizkaitar. Finalean sartzea be ez zan txarra baina irabazi egin dozue I. Soinu Barriak lehiaketea. Barruratu dozue hau guztia?
Oso azkar doa hau guztia. Pozarren gagoz, zelan ez. Barruratu bai barruratu dogu baina sekulakoa izan zan, upealako ezustekoa. Sinistu be ez genduan egiten, ganera, kanpora haizea hartzen joan ginan eta arineketan etorri jakuzan esaten irabazleak geu ginala. Bromatzat hartu arren, barrura joan eta esan euskuenean geu ginala irabazleak zoratu beharrean jarri ginan. Hemetik aurrera, udako boladea pasau eta kontzertuakaz hasten garenean, orduantxe jaubetu eta urduri jarten hasiko gara.
2.- Oma_go izenarena nondik nora dator?
Nire abizenaren zati bat da: Omagogeaskoa da nire lehenengo abizena eta, beste barik, horixe okurridu jakun. Hiru gara taldean, Oier Aldekoa, Iñigo Larrazabal eta neu Aitziber Omagogeaskoa.
3.- The Great Barrier horregaz zer pasau zan?
Beste momentu bat izan zan, arazo personalak tarteko, beharra, konpromisoak eta bestelako kontu batzukaitik taldea bertan behera itxi behar izan genduan; taldekideok beste kontu edo idea batzuk geunkazan eta horreek bideratzeko eta zabaltzeko etorri da Oma_go. Pasa dan abenduan batu ginan hiru lagun eta martxan gabiz honezkero.
4.- I. Soinu Barriak lehiaketan, epaimahaikoak izan dira Elias Monreal (Last Tour/ Meyo Records), Oihane Aldayturriaga (BBK-ko Kultura Arloaren arduraduna), Deu Txakartegi (lehiaketearen zuzendaria eta WAS taldeko kidea), Julen Alberdi (Vulk) eta Iker Barbara (Zarata-Mondosonoro) danak musikaz zeozertxu dakitenak. Pozik emon eben ebatziagaz?
Duda barik. Esan dozuzan horreek danak ondo ezagutzen doguz eta sariagaz batera, errekonozimendua, autortzea egiten deutsue aurrera egin daigun. Erantzukizun handia be bada baina prest gagoz egurre emoteko. Kantu batzuk grabau eta zabaltzea ondo dago baina autortza hori da eskertzen doguna, eurek ikustea eta ezagutzea gure lana.
5.- Airu, Los Chivatos de Ana Frank eta Omago taldeen kontzertuak entzun ostean, irabazletzat zeuon izena entzun eta zer sentidu zenduen?
Lehen be esan deutsut, sinistu be ez egitekoa izan zan; enterau be ez ginan egin ze haize freskoa hartzeko kanpora joan ginan eta abisau euskuenean, ezustekoa izan zan baina sano momentu ederra, azalduezina. Txapela jantzi eta sariaren barri adierazoteko kartela emon eustiezan eta badinotsut beste planeta batean egongo banintz legez sentidu nintzan.
6.- Irabazleak aukeratzeko orduan, epaimahaiak hainbat arlo izan ditu kontuan, besteak beste, originaltasuna, nortasuna, hobetzeko ahalmena, talentua eta karismea. Nondik ateratzen dozuez horreek danak? Entrenamenduak, esperimentuak, ensaioak non egiten dozuez?
Ez dakit. Neuk be ez neban pentsetan irabaziko genduanik. Lehendik be ibilita gengozan The Great Barrier taldean eta horrek be lagunduko euskun, seguru. Beti pentsau izan dot ona zein eskasa izan, kantu bat oso gitxi dala talde osoaren lana baloretako baina pozarren gagoz eta Deustun jo eta su gabiz beharrean. Prozesua nahikoa erraza da, normalean kantuak eginda eroaten dodaz eta lokalean, bozetoa dana jantzi egiten dogu danon artean. Beraz, oraingoz behintzat saio gitxi egiten doguz ze dagoenetik segiduten dogu.
Oraintsu grabau doguzan sei kantuetan, bat euskeraz eta horixe bera gaztelaniaz daukagu, berbetan zerikusirik egon ez arren. Euskerazkoa bakardadeari buruzkoa da eta gaztelaniazkoa, barriz, poesia antzekoa da, olerkia edo. Bakardadea lantzen dogu kantuetan, metrika aldetik, sarritan ez dakizu zertaz zabizen. Bai izeneko kantuan, zer esateko beharrik ez dogula eta holako hausnarketak jorratu doguz, ahotsak be ez dauela lguntzen, gauza handirik esan barik be asko komunikau zeinkela.
7.- Bizkaia BIME Live International Music Experience-ren hurrengo edizinoan joko dozue eta Deustuko El Tigre Studio-etan EPa grabetako aukerea be izango dozue...
Gauza potoloak dira, sinistu ezinik gabiz oraindino. Sei kantu grabau doguz honezkero eta aurrerago be izango da astirik.
8.- Hori guztia gitxi ez eta ganera, StereoZona enpreseagaz bideoklipa egin ahal izango dozue. Sari ederra...
Bai, pozik gagoz. Esperientzia ederra izatea espero dot baina bideorik ez dot sekula grabau eta ez dakit prozesua zelakoa izango dan be. Ze kantu erabiliko dogun be erabagi barik daukagu; hiruron artean berba egin eta ia adostasunik dagoan ala ez...
9.- Emakume baten ahotsa eta musika esperimentala ala zelakoa egiten dozue?
Ez da erraza estiloa zehaztea. Danetarik apur bat baina aldeak dagoz kantuen artean be, batzuk lasaiak dira baina indar handiagoakoak be egin izan doguz. Pop, rock estiloen arteko buztarketea esango deutsut baina soinu arraroagoak be sartzen doguz. Musika anbientala be izan daiteke, kantuek eurek eskatzen dabe nondik nora jo arlo musikalean be.
10.- Non ikusi geinke Oma_go zuzenean?
Uda partean ez. Urte edo hilebete gogorrak izan dira eta oporralditxuan gagoz orain; garagarrilean eta abuztuan ez dogu kontzerturik emongo eta segurutik zemendian emongo dogun kontzertua izango da aukerea gu zuzenean ikusteko.
Beste alde batetik, gure musikea zabaltzeko sarean jarteko aukerea aztertzen ibili gara baina, akaso, modu fisikoan argitaratzea be ez dogu baztertu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!