Su Ta Gar, Bebe, Huntza, C Tangana, Monica Naranjo eta La Moda Bilboko Aste Nagusian
2019-07-05 11:50 MusikeaZortzi agertoki eta dobako 100 musika emonaldi baino gehiago.
Bilboko Udalak Aste Nagusian Abandoibarrako eta Europa parkeko agertokietan joko daben lehenengo taldeak eta artistak nortzuk izango diran aurreratu dau. Abandoibarran 23:30ean hasiko dira kontzertuak eta Europa parkean, 00:00etan. Sutagar, Dúo Dinámico, Bebe, Mónica Naranjo Bilboko Orkestra Sinfonikoa, La Moda, Huntza eta C. Tangana dira Bilboko 41. Aste Nagusian izango diran musika-taldeetako eta bakarlarietako batzuk.
Sutagar euskal taldea izango da kontzertuei hasierea emongo deutsena, izan be, Abandoibarran joko dau zapatuan, abuztuaren 17an, 23:30etik aurrera. 1987an sortu zan heavy metaleko taldeak zutunik jarriko ditu ikusleak taldearen atzoko eta gaurko abestiakazekin.
Astelehenean, abuztuaren 19an, leku eta ordu berean, klasikoetan klasikoetako bat izango dogu: Dúo Dinámico. Talde ezagun honek era guztietako ikus-entzuleak batuko ditu Aste Nagusian, 60ko hamarkada gogorarazoko deuskun ikuskizunagaz.
Martitzenean, abuztuaren 20an, Abandoibarran, 23:30etik aurrera, Beberen txanda izango da, Malo eta Ella abestiei esker mundu-mailako ospea lortu eban aktore eta kantariaren txandea.
Abuztuaren 21ean, eguaztenean, jarraitzaile piloa dituan Mónica Naranjoren ahots hunkigarria Bilboko Orkestra Sinfonikoaren soinuakaz batera izango dogu, 23:30ean hasita, Abandoibarran; Europa parkeko aurtengo lehenengo kontzertua, ostera, Huntza taldearena izango da, 00:00etan. Huntza taldea Bilboko kaleetan sortu eben Unibersidadeko sei ikaslek 2014. urtean eta Aldapan gora abestiak emon deutse indarrik handiena.
Hurrengo egunean, abuztuaren 22an, 23:30ean hasita eta Abandoibarran, La Moda taldearen kontzertua izango da. Akordeoia, saxofoia, banjoa, mandolina eta klarinetea buztartzen dituan talde honek folk, country, punk eta rock and roll-etik edan dau eta ondorioa, zuzeneko indartsuak egiten dituan talde berezia.
Europa parkeko kontzertuetan, hurrengoa, abuztuaren 24an, zapatuan, amaituko da, 00:00etan. Boladan dagoan C. Tangana rapero, trapero eta reggaeton-kantariak kantauko dau.
Zortzi agertoki eta dobako 100 musika emonaldi baino gehiago
Aste Nagusiko jaietako publikoarentzat musika-eskaintzeak dauen garrantziaz jaubetuta, Udalak dobako 100 musika-ikuskizun baino gehiago antolatu ditu uriko 8 agertokitan; era guztietako kontzertuak izango dira, gaur-gaurkoak, musika klasikoa eta bilbainadak, besteak beste.
Musikako hitzorduen ardatza eta oinarria, Bilboko jai-ereduaren ezaugarriak izango dira: kalidadea, askotako eskaintzea, bardintasuna, parte-hartzea eta dobakotasuna.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!