HHE-200: Berben lekukotasunak aurreratu eta ugaldu aldaera ezezagunak
2019-07-05 09:36 Euskerea berbagaiEuskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200) izan dabe Bilbon aztergai.
Euskaltzaindiak jardunaldi berezia atondu dau argitaratu barri dauen Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200) adituei eta hizkuntzalariei azaltzeko. Holan, proiektuaren izakerea, helburu, metodo eta lorpen garrantzitsuenen gehi ondoko urteotarako asmoen barri emon dabe. Bide batez, alorrak inguruko eta urrutiagoko hizkuntza eta hizkuntza familietan diran zenbait kasu edo aurrekari aurkeztu dira, alor horreetako goi-mailako bertoko zein kanpoko espezialista zenbaiten eskutik.
Jose Antonio Pascualek (RAE) eta Reina Bastardasek (Bartzelonako Unibersidadea) abiatu dabe goiz parteko mintegia. Pascualek ondo etorria egin deutso hiztegi barriari, eta lanaren onurak azpimarratu ditu: Hiztegi etimologiko hau aztertzen dabenek ikerlan bikaina topauko dabe, hizkuntzea ezagutzeko oinarri sendoak, hain zuzen be, aitxinako euskerea bezela ezagutzen danaren oinarriak. Reina Bastardasek Erromanikoaren Hiztegi Etimologikoaz (DÉRom) jardun dau, haren metodologiak erromanikoaren etimologiari egin deutson ekarpena azaldu dauela, katalanaren kasua adibide jarrita. Erromanikoaren ikertzaileak luzaro tradizinoari begira egon dirala esan dau, eta ikertzaile barriek hori dana hankaz gora jarri dabela autortu: Neu be berandu konturatu nintzan metodo tradizionalen akatsakaz.
Ondoren, Joakin Gorrotxategi euskaltzain urgazleak etimologia, filologia indoeuroparra eta euskerea buztartu ditu, edozenbat adibide jarrita eta datu bibliografiko eta bestelako erreferentzia ugari eskainita. Gorrotxategik gogoratu dau ze garrantzitsua dan filologia hiztegi etimologiko bat egiterakoan; behar-beharrezkoa dala nabarmendu dau, baita hiztegietan hitzaurre luze eta sendoak eranstea be, azaldu behar baita ondo zelan egiten diran hiztegiak.
Joseba Lakarra euskaltzain oso eta Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa egitasmoaren arduradunak proiektuaren onurak azaldu ditu bere berbaldian, baina autortu dau hiztegiak ez dituala eztabaidak ebitauko: Alderantziz izango da, eztabaidagai gehiago izango dogu, baina ikerketa on guztiek horretarako balio dabe, ezta? Hau da, arazo barriak sortzeko.
Lakarrak aurreratu dau aberatsa izan dala EHHE-200en egindako protohistoriaren azterketa zabala: Orotariko Euskal Hiztegitik harago doa eta, asko edo gitxi, ia beti aurreratu dira lehen lekukotasunak eta ugaldu azterketa diakronikorako ezinbesteko diran aldaera ezezagun edo gitxi ezagunak; barritu egin dira sarri zabalkunde dialektal zaharrez genduzan usteak. Gogoratu dau, gainera, EHHE euskerearen historia aztergai daben ikertzaileentzat idatzia dala; halan da be, onartu dau gainerako filologo eta hizkuntzalariek topau leikiela euren intereseko ezagutzarik lan honetan. Azkenik, Julen Manterolak (EHHE-200 egitasmoa) hiztegiaren beraren barruak erakutsi ditu: azaldu dau zelan eta non begiratu behar dan, hiztegian dagozan ikurren garrantziaz jardun dau eta atzeko partean datorren berben aurkibide orokorra berbak topetako oso baliogarria dala adierazo dau (bestela, familiaka batuta dagozalako).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!