Laize Barakaldoko rap abeslariak 'Sua' bideoklipa aurkeztu dau
2019-07-04 12:33 MusikeaSua kantuan, Laizek jai eremuetan izaten diran eraso sexisten kontrako mezuak zabaltzen ditu.
Urtean argitaratzen dauen bigarren bideoklipa dakar Barakaldoko rap abeslari gazteak. Sua kantuan, Laizek jai eremuetan izaten diran eraso sexisten kontrako mezuak zabaltzen ditu, emakumeen askatasunaren eta autodefentsa feministearen alde abestuz.
Euskal rapan dabilen Barakaldoko neska gaztea dau Laize. Hamalau urtegaz errimak egiten hasi zanetik, Euskal Herriko hainbat lekutan kontzertuak eskaintzen ibili da. Berarentzat rapa injustiziak salatzeko eta giza eskubideak defendiduteko tresna bat da. Abesti bakotxean erritmo ezbardinak nahastauta, jaia eta burrukea batera joan daitekezala erakutsi nahi dau. Hasibarria izan arren, rap estiloan ezarrita dagoan irudi androzentrista eta harroputza, feminista, iraultzaile eta euskalduna bihurtzea dau helburu eta hori erakusten dau gaur aurkeztutako bideoklipean.
Barakaldoko rap abeslariak geldialdi luze baten ostean bizitakoa atzean itxi eta etapa barri bati agurra emoteko asmoz sortu eban zezeilean argitaratutako Euskaldunak 2.0 abestia. Zezeilean sortzaileak disko bat argitaratzeko asmorik ez ebala esan baeban be, abesti solteak bideoklipen laguntzaz argitaratzen doa eta gaur bigarren bideoklipa aurkeztu dau.
Abesti honegaz jai guneetan emakumeon kontrako erasoei erantzun bat emon nahi izan deutso abeslariak, emakumeon askatasuna aldarrikatu eta autodefensa feministearen deia zabaldu. Sortzaileak feminismoaren alde egiten dau abestian zehar, gure gorputzen jaube gara, libreak gara nahi dogun moduan mobiduteko. Bideoklipa jantza askatasunaren adierazpena da, sortzailea beti egon da jantzeari lotuta eta arte bien nahasketa berezia da berarentzat eta holan erakutsi dau bideoklipean, baita eskeintzen dituan zuzenekoetan be.
Abestiaren grabazinoa eta nahasketea Hala Dzipo Barakaldoko musika eskolan egin dabe, Gorka Gomez-en eskutik. Bideokliparen irudiak Gorka Gomezek hartu izan ditu eta edizinoa Laizek berak egin dau.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!