XXXI. Bilbo Uria Pop-Rock Lehiaketarako aukeratutako 32 bandak iragarri ditue

Bizkaie! 2019-07-04 12:05   Musikea

Kontzertuak irailaren 12an hasi eta urriaren 19an amaituko dira.



Bilboko Udal
ak XXXI. Bilbo Uria Pop-Rock Lehiaketan parte hartuko daben 32 taldeak zeintzuk izango diran jakinarazo dau. Aurten, 16 talde izango dira pop-rock modalidadean; 8 talde metal modalidadean, eta beste 8 urban kategorian. Aukeratutako banden kontzertuak Bilborocken izango dira, irailaren 12an hasi eta urriaren 19ra bitartean.

32 talde horreek 344 talderen artean aukeratu dira: 256 talde pop-rock kategorian, 41 metalean, eta 47 urban kategorian.

Lehiaketa honegaz, Bilboko Udalaren helburua da profesionalak ez diran talde gazteen lanari laguntzinoa emotea eta taldeon talentua zabaltzea; bide batez, aukerea emoten jake hemengo eta kanpoko beste talde batzuekaz batera eszenatoki berean egoteko eta ikus-entzuleei proposamenik barrienak zuzenean eta doban biziteko.

18 eta 35 urte bitarteko gazteek osotutako taldeentzat da lehiaketea. Taldean kide bi edo gehiago diranean, kide bat 35 urtetik gorakoa izan daiteke.

Aurreko edizinoetan bezela, musika sektoreko personek osotutako epaimahai profesional bat izan da taldeak hautatzeko arduraduna:

Pop-rock:

Fake Teddy (Errioxa).
Gentleman Clef (Madril).
Wicked Wizzard (Bizkaia).
Go Cactus (Baleareak).
The Amsterdammers (Madril).
Beluga (Madril).
Orbel (Lapurdi).
Nazca(Bizkaia).
Airu (Bizkaia).
Indian Hawk (Valentzia).
Young Forest(Madril).
Pinpilinpussies (Bartzelona).
Lookmomnohands (Bartzelona).
San Jerónimo(Asturias).
Los Reyes Magos (Sevilla).
Mi Buenaventura (Bizkaia)

Metal:

Blaze The Trail (Valladolid).
Last Dissonance (Bartzelona).
Deimocracy (Bizkaia).
Grave Noise (Burgos).
The Broken Horizon (Nafarroa).
Blind The Eye (Portugal).
Iont (Araba).
Deriva (Madril).

Urban:

Kenna I (Bizkaia).
Tongo (Madril).
Tesa (Valentzia).
Special Trap Residence (STR) (Bizkaia).
Jazzwoman (Valentzia).
Nattonooto (Bizkaia).
Colectivo Shumareli (Guadalajara).
Adriana Terrén (Madril).


Kontzertuak amaitzen diranean, kategoria bakotxeko talde finalistak hautatuko dira eta horretarako, epaimahaiaren botoak ez eze, publikoaren botoa kontuan izango da; boto osoaren barruan % 15eko garrantzia izango dau. Botazinoan parte hartzen dabenek 2020ko BBK Live-rako 10 sarrerako eta Resurrection Fest 2020 jaialdiko 3 sarrerako zozketan parte hartuko dabe.


Taldeen ezaugarriak

Aukeratutako taldeen % 28, hau da, 32tik 9, Euskadikoak dira: 8 Bizkaikoak eta 1 Arabakoa; gehienak, % 66, Espainiakoak dira, batez be Madril eta Valentziakoak. Azkenik, talde bi, guztien % 6, estadutik kanpokoak dira, Frantzia eta Portugalekoak.

32 talde horreetako kideak, guztira, 124 dira. Partaideen batez besteko edadea 28 urtekoa da.

Parte hartu daben taldeen % 28an, 32tik 9tan, emakumeren bat dago. Pinpilinpussies (Bartzelona) taldean, danak dira emakumeak. Esangura horretan, emakumeak dituen taldeen portzentajea areagotu egin da aurreko edizinoaren aldean: guztien % 12 dira. Hain zuzen be, taldeetan emakumeen kopurua indartzea da lehiaketearen erronketako bat.


Sariak

22.900 euro banatuko dira: 12.000 euro pop-rock, metal eta urban kategorietako lehenengoentzat, 6.000 euro kategoria horreetako bigarrenentzat, eta 3.900 euro kategoria horreetako hirugarrenentzat.

Epaimahaiaren Sari Berezia emongo jako Bizkaiko talde edo bakarlari bati, 1.000 euroan baloratua, musikearen eremuan gazteak sustatu eta bultzatzeko helburuz. Talde guztiek, euren jatorria kontuan izanik, konpensazino ekonomiko bat jasoko dabe joan-etorrietarako.


Ibilbidea

30 urte honeetan, 22.614 talde aurkeztu dira Bilbo Uria Lehiaketara; 1.370 kontzertu eskaini dira eta 136.000 persona bertaratu dira kontzertuetara.

Hainbat talde ezagun izan ditugu lehiaketa honetan: Platero y Tú, Su Ta Gar, Los Bichos, La Buena Vida, El Inquilino Comunista, Atom Rhumba, Australian Blonde, Manta Ray, Sidonie, Zea Mays, El Columpio Asesino, Audience, Delorean, The Sunday Drives, WAR, Zodiacs, War Cry, Tierra Santa, Rise to Fall eta Quaoar.


Bilbao Gazte

Bilbo Uria Pop-Rock Lehiaketea Bilbao Gazte proiektuaren barruan dago. Bilbao Gazte udal gobernuaren konpromiso estrategikoa da, Bilboko gazteen pentsamenduak, beharrizanak eta itxaropenak zeintzuk diran jakiteko. Gero, horreek udal politikan sartzea da helburua, gazteei udal politikan eta bizimodu publikoan parte hartzeko bideak emonez.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu