'Jesper Just: Ikuskizun izenbako hau' aurkeztu dabe Guggenheim Bilbao Museoan
2019-07-04 11:31 KultureaUrriaren 20ra arte egongo da ikusgai.
Garagarrilaren 4an, Guggenheim Bilbao Museoak Jesper Just: Ikuskizun izenbako hau aurkeztu dau Film & Video aretoaren 2019ko programazinoaren barruan. Areto horretan, mobimendudun irudiagaz, zinema esperimentalagaz eta bideo-instalazinoagaz loturea daben arte-praktikak erakusten dira.
Orain, Jesper Just (Kopenhage, Danimarka, 1974) artistearen bideo-instalazino bat izango da ikusgai. Just oso ezaguna da nazinoartean zinema-produkzino handietako baliabide ugari erabilteagatik eta filmaren egitura maila bisualean zein materialean berrinterpretau nahi izateagaitik.
Jesper Justen obrek zinemearen kultureagaz oso lotuta dagozan kontzeptuak aztertzen ditue —adibidez, voyeurismoa, uriko bizitza eta genero-gatazkak—, eta dudan jarten ditue euren ohiko irudikapenak. Teknika zinematografikoaren eta instalazinoaren berezko estrategiaak buztartzen ditu artisteak, eta inplikazino emozional konplejuak eta amaiera edegia daben kontakizun bisualak sortzen.
Ikuskizun izenbako hau (This Nameless Spectacle, 2011) izeneko kanal biko bideoinstalazinoak William Carlos Williams idazle estadubatuarraren The Right Way poemeari zor deutso izena. Poeteak eguneroko bizitzako egoera interesbakoen edertasun liluragarria goraipatzen dau: edonoiz eta edonon gure begi aurrean jazoten diran fenomeno txiki horreen 'ikuskizun izenbako hori'. Hurretik begiratuta, jazoera hutsal horreek edertasun zoragarri bat dabe, enigma aztoragarri bat, edo egia ahaztu bat.
Justen filma denpora-fluxu paralelo bitan banatuta dago, eta aurrez aurre jarritako pantaila erraldoi bitan erakusten da. Nekez deskribiduten dan ekintza bat eskaintzen deusku: kausa eta efektuen kate hipotetiko bat, igarri besterik ezin ditugun zenbait hartu-emon posible ondorioztatzeko aukerea emoten deuskuna. Tarte labur batez, pertsonaia biak alkar topetan dira Parisko Buttes-Chaumont parkean, eta alkarri begiratzen deutse. Parez pare kokatutako euren apartamentuen leihotik be begiratzen deutse alkarri, baina, azkenean, batek krisialdi bat bizi dau, beharbada besteari begiratzeagaitik, edo besteak begiratu egiten deutsolako, edo eguzkiaren isla biziagaitik. Jazoera horren anbiguotasuna areagotu egiten dau protagonista Marie-France Garcia aktore eta abeslari transgeneroa izateak.
Gailu panoramiko bikotxaren bidez, Justen obrak urbanismo modernoa eta haren formak aztertzen ditu, baita begi zinematografikoaren istorioa bera be, eta mobiduten dagoan begiradearen eta kamarearen paneoa izenekoaren baliokidetasunagaz olgetan dau. Era berean, agirian jarten dau ez datozela guztiz bat publikoaren ikuspegia eta irudiak eurak, buru-hausgarri osotubako baten pieza solteak balira legez. Istorioa hutsala da, baina giro dramatikoa Hitchcocken filmetakoaren parekoa da ia. Aldiz, ez danez ezer esaten edo ez danez ekintzarik deskribiduten, anonimoago bihurtzen dira pertsonaiak.
Gaurko prentsaurrekoan izan dira Jesper Just, artistea; Manuel Cirauqui, komisarioa; eta Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusia.
Arratsaldean, barriz, topaketea atondu dabe artistakaz Museoko Entzungelan: Jesper Just erakusketearen inguruan egingo dau berba Manuel Cirauqui Film & Video programearen komisarioagaz eta kultura zinematografikoari lotutako kontzeptuak (voyeurismoa, uriko bizimodua, genero-gatazkak...) berrinterpreteteak artisteari pizten deutson interesa be izango dabe berbagai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!