Kontzertu bietarako sarrerak agortu dira
2019-07-04 08:19 MusikeaHertzainak taldeko Josu Zabalak eta Garik kontzertu bi emongo ditue Bilbon.
Irailaren 26rako iragarritako kontzerturako 2.200 sarrerak hiruzpalau ordutan agortu ostean, irailaren 25ean be kantauko dabela iragarri eta berehala saldu dira sarrera danak.
Garik eta Josu Zabalak irailaren 26rako Bilboko Euskalduna Jauregian Inun baino alaiagoa izanen da Hertzainak taldea gogoratzeko eta taldearen eta sasoiaren espiritua geurera ekarteko kontzertua iragarri eta lau orduan, bigarren hitzordu baten barri emon behar izan dabe, salgai jarritako 2.200 sarrerak berehala agortu baitira.
Hitzordu barria jatorrizko kontzertuaren eguneko bezperarako jarri dabe, irailaren 25erako eta egun horretan bee, talde mitikoaren kide biok Hertzainak taldearen errepertorioko hamazazpi kantu berreskuratuko ditue Maldanbera aspaldion Garigaz batera ibilten dan taldeak eta hainbat gonbidatu berezik lagunduta.
Orain 35 urte bizitzearen bidegurutzeek batu gintuen. Euskal Herrian beste testuinguru bat egoan; askatasun handi eta askatasun txiki askoren irrikaz bizi ginan. Urte luzez ibili ginan herriz herri kontzertuak emoten, sei disko atera genduzan, sekulako esperientzia izan zan guretzat, baina badakigu gure kantuak entzun eta kontzertuak bizi izan zituen askorentzat be holan izan zala. Azkenean esperientzia harek biziteko indarra emon eusku: biziteko modu bat eta bizitzea ulertzeko beste bat, indibiduala eta kolektiboa.
Urte asko pasau izan dira ordutik. Bizitzeak aurrera egin dau, bakotxak gure ibilbidea egin dogu. Pasa den zezeilean, ostera, Bilboko Arriagan kantu batzuk alkarregaz joteko aukerea izan genduan kontzertu txiki eta ia sekretu batean. Berezia izan zan guretzat eta berezia izan zan han izan ziranentzat. Urte luzetan jente askok eskatu deusku itzultzeko, eta Arriagako kontzertua ez zan Hertzainak-en itzulera bat izan, Hertzainak gu biok baino zeozer gehiago izan zalako. Kontzertu harek gugan eta entzuleakan itxitako sentimentuetatik tiraka esperientzia errepetiduezina izan zan, baina orain areto handiagoan. Orduko kantuak, baina gaur egun garenaren neurrira ekarrita eta gure bidean garrantzitsuak izan ziran gonbidatuek lagunduta. Hori da eskainiko doguna: nostalgiarik barik, penarik barik; alaitasun eta bizitzeagazko alaitasun osoz. Kontzertu berezia izango da. Maila musikalean ez da puntakoa izango, baina Hertzainaken kantuek zeozer esaten deutsienentzako kontzertu eta esperientzia berezi eta ederra izango da.
Hau zergaitik egiten dogu? Bere garaian bizitzeak topau gintuan bezela, bizitzeak barriro alkartu gaituelako. Harro eta pozik gagozalako sortu genduzan kantuez eta jenteari poztasuna emon gura geunskiolako.
Ginanak ginan, garenak gara eta hau dana aldatu nahi geunke, oraindino be.
Honezkero, sarrerarik ez dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!