Biko gidaritza barria Bertsozalen

Bizkaie! 2019-07-03 11:40   Bertsolaritzea

Idoia Trenor Zulaika eta Jon Agirresarobe Lopetegi dira Bertsozaleko koordinatzaileak.

Idoia Trenor eta Jon Agirresarobe koordinatzaile barriak, orain arte egiteko horretan ibilitako Aritz Zerain erdian dabela / XDZ | Ikusi handiago | Argazki originala

Martian erreleboa emongo ebala iragarri eban Aritz Zerain Minerrek Bertsozale Alkarteko koordinazino lanetan. Dimensino handia egokiago kudeatzeko eta mobimentuaren aurrerako beharrei hobeto erantzuteko, biko koordinazinoaren formulearen alde egin dau zuzendaritzeak egiteko hori beteteko.

Udearen atarian gauzatu dabe aldaketa: honenbestez, Idoia Trenor Zulaika eta Jon Agirresarobe Lopetegi Torrotxo dira Bertsozale Alkarteko koordinatzaile barriak.

Artearen Historian lizentziaduna da Trenor, eta Euskal Kulturgintzearen Transmisinoa graduondokoa egina dau. Gaztetatik hainbat alkartetako kide izan da. Azken urteak euskalgintzan eta feminismoan emon ditu lanean: Euskal Herriko Bilgune Feministan eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Alkartean.

Giza Zientziak eta Komunikazinoan lizentziaduna da Agirresarobe, eta Euskadi Irratian ibili zan esatari lanetan. Azken hamaika urteak Bertsozale Alkartean bertan egin ditu, Sustapen Saileko eragile, eta azken hiru Bertsolari Txapelketa Nagusien koordinatzailea izan da. Euskal Kulturgintzaren Transmisinoa graduondokoa be amaitua dau berak, eta Kultur Kudeaketako masterra egiten dabil.

Datozen urteei eskarmentuz eta indar barriz, ezagutzaz eta ikuspegi zabalez aurre egiteko moduan izango gara, koordinazino bikoagaz eta lantalde guztiagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu