‘Heriotzearen fabrikako’ bildur-ikarara bisitea Gernikan, urriaren 1etik aurrera

Bizkaie! 2019-07-03 10:30   Kulturea

Bizkaian, Gernikako Astran inaugurauko da Holokaustoaren eta Auschwitzen inguruko erakusketea urriaren 1ean.

Holokaustoaren eta Alemania Naziak Auschwitzen zein Biskenauen egindako astokerien benetako dimensinoa ulertzeko modurik onena, duda barik, bertara joatea da. Urtero, 2.100.000 persona inguru  hurreratzen dira konzentrazino-esparruaren historia ezagutzeko. Gaur egun, Auschwitz Holokaustoaren sinbolo unibersala da eta Bigarren Mundu Gerran giza baldintzaren zatirik ilunena zertarako dan kapaz azaltzen dau.

Orain, lehen aldiz historian, Auschwitz–Birkenauko Estadu-Museoaren erakusketa berezia ikusgai izango da gurean. Erakusketeak Heriotzearen lantegia ezizenagaz ezagutzen dan konzentrazino-esparruaren inguruan antolatutako museoko artxibo historikoko argazki eta agiri ezezagunak ikusteko aukerea dakar. Balio historiko handiko erakusketea da eta gizadiak bizi izan dauen jazoera ilunenetako baten dimensinoa ulertzeko ezinbestekoa.

Holan, konzentrazio-esparrua zuzenean ikusteko Poloniara bidaiatzeko aukerarik ez dabenentzako, aukera ezin hobea dago datorren irailaren 17tik aurrera Gernikako Astran horren barri izateko. Gipuzkoan eta Araban be erakusketa hori ikusteko aukerea izango da, baina momentuz, datak eta egoitzak zehaztu barik dagoz. Eta Poloniara bidaiatzeko aukerea daben horreek be, erakusketea bisitau leikie bidaia horri etekin handiagoa atera ahal izateko.


Auschwitz eta Birkenauko bildur-ikarea

Helburua da Bigarren Mundu Gerran eregitako Konzentrazino eta Sarraski-esparru garrantzitsuen artean, garrantzitsuenaren bildur-ikarea ikasgeletara hurreratzea: Auschwitz Birkenau. Esparru higuingarri hori pasau dan mendeko 30. hamarkadearen hasieran izan zan krisia dala eta nazismoa lako muturreko ideologiek sustatutako populismoaren ondorioa izan zan.

Erakusketeak konzentrazio eta sarraski-esparruaren historian izan diran gai garrantzitsuenak aurkezten ditu eta aldi berean, baita nazien Poloniako okupazinoaren alderik ilunenak be.

Argazkien, agiri historikoen eta Auschwitzeko presoek egindako marrazkien bidez konzentrazino-esparrua eregiteko arrazoiak, judutarren sarraskiaren bilakaerea, bertan sufridutako egoerea gogorra, biktimen kategoria nagusiak eta presoek bizirik jarraitzeko egin zituen burrukak islatzen dira.

Erakusketeak munduari Auschwitzen jazotako krimenen egia azaltzen deutso hamabost urtetako ibilbide kronologiko baten bidez.

Erakusketeak, gainera, aukera parebakoa eskaintzen deutse ikastetxeetako irakasleei ikasleak Bigarren Mundu Gerraren gaian sartzeko eta, horregaz batera, Holokaustoaren eta konzentrazio-esparruen gaia jorratzeko, izan be, erakusketara hurreratzen diran ikasleek historiaren inguruan ikasteko aukerea izango dabe zenbait baliabide didaktiko landuz; aldi berean, egun mehatxu izan daitekezan intolerantziaren, gizarte desorekearen, indarkeriaren, populismo ideologikoen eta arrazismoaren inguruan be ikasiko dabe.


Hezkuntza-bidaia Poloniara

Erakusketearen amaieran Poloniara hezkuntza-bidaia bat egiteko interesa izan leikienei argibideak azalduko jakez. Bidaiaren asmoa da II. Mundu Gerraren eta jazoera horrek izan zituan ondorioen inguruko ezagutzan sakontzea: Holokaustoa, Aliatuen laguntzinorik eza, Berlinen Ekialdera ziran herrialdeei egindako traizinoa, erbestean zan Poloniako Gobernu klandestinoa, Poloniako erresistentzia ejerzitoaren patua Gerrearen amaieran, sobietar Estalinismoa, eta burruka klandestinoa 1990. urtean askatasuna lortu arte.

Erakusketearen inaugurazinoan izango dira Auschwitzeko Zuzendari Pan Piotr Cywinski, erakusketearen komisarioa dan APTCE Alkarteko burua eta Espainian Poloniako Enbajadorea dan Marzena Adamczyk. Horrezaz gan, EAEko erakunde publikoetako ordezkariak eta politika zein kultura arloetako erakundeak be bertan izango dirala espero da. Horreekaz danakaz batera, Auschwitzen izandako eta bizirik dirauen lekukoren baten agerraldia be izan daiteke.


Informazino gehiago hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu