III. Fashion Kultur Bilbao hemen da

Bizkaie! 2019-07-01 13:54   Kulturea

Helburua da munduan eredu dan Bizkaiko modea ezagutarazotea eta sustatzea.

Aurten, Alicia Rueda, Eder Aurre eta Sophie et Voilà izango dira protagonista. Hori dala-eta, diseinatzaile horreetako bi aurkezpenean izan dira, eta modeari eta Fashion Kultur Bilbaori buruz berba egin dabe, bai eta etorkizuneko proiektuei buruzko informazioa aurreratu be.

Aurtengo edizinoa garagarrilaren 5ean eta 6an izango da. Bertan, jarduerak, konferentziak eta tailerrak egingo dira, bai eta amaierako desfile bat be, Rueda, Aurre eta Sophie et Voilàren diseinuakaz.

Aurkezpen ekitaldian egon dira: Lorea Bilbao, Euskal Museoko presidentea eta Euskera eta Kulturako foru diputadua; Eder Aurre, diseinatzailea; Sofía Arribas, diseinatzailea; eta Sorkunde Aiarza, Euskal Museoko koordinatzailea.

Kontuak kontu, garagarrilaren 5ean, 18:00etan hasi eta 22:00etara bitartean, Sophie et Voilà markaren jaiotzeari eta internazionalizazino-prozesuari buruzko berbaldia eskainiko dabe. Ondoren, Eder Aurrek be berba egingo dau, Estaduan nahiz nazinoartean jasotako sariek beraren lanean izan daben eragina azaltzeko.

Tailerraren zatian, emaztegai, amabitxi eta gonbidatuentzako bitxiak sortzeko prozesua kontauko dau María Legorburuk, eta, gero, modako eta ezkontzetako ilustratzaile Yesenia Iglesias Cuetok bere lanaren barri emongo dau; gainera, ilustrazinoak be egingo ditu Fashion Cultur Bilbaon bertan. Sartzeko 5 euro pagau behar dira.

Bigarren zatia garagarrilaren 6an, izango da, 19:00etan, izan be, Euskal Museoko klaustroa dotore-dotore jantziko da, Alicia Rueda, Eder Aurre eta Sophie et Voilà diseinatzaile eta marken moda-desfilea aurkezteko. Pasarelan egoteko sarrerak 10 euro balioko dau.

Fashion Kultur Bilbaok ipar-eremuko eta Estadu osoko ehungintzearen eta modearen erreferentzia bihurrarazo nahi dau Bizkaiko uriburua. Aldi berean, baina, beste helburu batzuk be landu nahi ditu, berbarako, moda-alorraren errealidadea ezagutarazotea, lanbide-heziketa merkatuaren eskakizunetara egokitzea, moda jasangarria eta ekologikoa (moda etikoa edo slow fashion esaten jakon hori) are gehiago ikusarazotea, eta euskal modearen etorkizuneko diseinatzaile ospetsuen aldeko apustua egitea.

Azken buruan, diseinatzaile gazteek euren sorkuntza-lanak erakusteko plataforma izan nahi dau, gazte horreei euren artea adierazoteko gune bat eskaintzeko beharra ikusi dabelako antolatzaileek, diseinuaren balio barriak diralakoan.


Alicia Rueda

Amomak eta amak egiten zituen patroien, toaleen eta ehunen artean hazi zan Alicia Rueda. Oso goiz etorri jakon bokazinoa, eta hamahiru urte baino ez zituala hasi zan berarentzako erropak egiten; handik oso gitxira, lagun eta ezagunentzako jantziak egiten be hasi zan. Modea, patroigintzea eta jantzigintza industriala eta etenbarik trebatu izan da ordutik.

Beraren diseinuek ukutu nahastezina dabe, bere-berezko ezaugarriak tarteko: feminidadea, ebaketa eta akabera bereziak, bai eta materialen aukera zaindua bere. Holan, denporan irauten daben lan parebakoak bihurtzen dira. Diseinatzaileak inspirazino-iturri ugari ditu: personak, musikea, zinemea eta, oro har, bere burua barriro asmetan eta erronka barriak bilatzen lagunduko deutseen elementu guztiak. Beraren jantziek eroaileen nortasuna zehazten dabe.

Markak Bilbon dauka egoitzea eta saltokia, orotariko bildumak batzen dituana: prêt-à-porter eta prêt-à-couture, edota koktelerako eta ospakizunetarako bildumea.

Jorratutako ibilbidean zehar, modako marka askoren bildumetan hartu dau parte, eta antzerkirako, zinemarako eta telebistarako jantziak be diseinau ditu. Ekitaldi handietan (Goya sarietan, adibidez) ikusi ditugu Alicia Ruedaren lanak, herrialde ugaritako personen soinean, izan be, Bilboko atelierrean hartzen dabe lurra bezeroek. Alicia Ruedaren diseinuak jantzi dituenen artean dagoz, besteak beste, Marta Hazas, Almudena Cid, Vanessa Romero, Adriana Ugarte, Juana Acosta, María Léon, Mar Saura eta María Adánez.


Eder Aurre

Eder Aurre 1993an jaio zan Bilbon, eta ume-umea zala sortu jakon pasinoa eta jakinmina modeagaz. Amak moda-aldizkariakaz eban interesak eragin eutson hori guztia.

Patroigintzako eta diseinuko ikasketak egin zituan, eta, ondoren, modako master bat. Gero, Londresko Central Saint Martinsen jarraitu eban trebatzen.

Etapa akademikoa amaitu ondoren, zenbait markarentzat egin eban lan. Lehenengo bildumeari esker Creamoda saria irabazi eban, eta nazinoarteko lehiaketa horri esker jorratu zituan beste proiektu barri eta interesgarri batzuk, besteak beste «GetxoModa» saria, euskal diseinatzaile gazte onenarentzat; nazinoko diseinatzaile gazterik onenaren saria; eta bilduma onenaren saria Assembly Grazen (Austria).

Sortzean eta diseinaukeran, koloreak eta arkitektura-formakazko pasinoa igarten jakoz. Elementu horreek guztiak atzeman daitekez Ederren estiloan eta nortasunean. Eder Aurrek prêt-à-porter diseinuak eta osogarriak lantzen ditu, eta alkarte solidario batzuekaz be badabil, modea mundu guztiari hurreratzeko.

Sophie et Voila

Sophie et Voilà 2008an jaio zan Bilbon. Sofia Arribasen zuzendaritzapean, modaren zale honek ume-umetatik izan eban lotura estua lujo handiko markakaz. Sorkuntza-zuzendariak feminidadean, dotorezian eta minimalismoan oinarritzen ditu diseinu guztiak; horregaitik, Sophie et Voilàren bildumek modelo modernoak eskaintzen ditue. Emakumez osotutako taldea ibilten da Sofia Arribasegaz batera, besteak beste, Saioa Goitia bazkidea.

Marka Bilbon sortu zan, baina atelier bana dau Bilbon eta Madrilen. Ezkongaientzako jantzien bildumak lantzen ditue, diseinu eta estilo minimalisteagaz. Lanetako bakotxa bakarra da, euren lantegietan eskuz egiten baititue. Sormena lantzeko prest beti, azken urteetan Italiara, Japoniara eta AEBetara be joan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu